Aitzin-etapan irabazi eta galdutako segundo apurrak gorabehera, harbidean ez da ezer irabaziko, baina batzuek nahi baino gehiago galduko dute. Ondo bidean, eta mendatean amaituko diren bost etapak aztertuta, txirrindulari arinak irabaziko du 2010eko Frantziako Tourra. Baina txirrindulari arin horiek izango dituzte lanik handienak harbidean bizikleta gainean mantentzeko. Rotterdamen (Herbehereak) hasiko da Tourra, uztailaren 3an, zortzi kilometroko aitzin-etapa motzarekin, eta hirugarren etapan iritsiko da harbideek eragindako urduritasuna. Tropeleko zalaparta eta berotasuna freskatzeko, haize-babes faltarik ere ez da izango lehen etapan, Rotterdametik Bruselara bidean, Ipar Itsasoaren ertzean ibiliko baitira txirrindulariak. Itsaso ertzak haizea izaten du berekin normalean. Haizeak haize-babesa. Eta haize-babesak erorikoak eta tropelaren txikizioa. 224 kilometro izango ditu, gainera, lehen etapa horrek.
Spako auto zirkuitutik barrena, ia hiru egunez Belgikan ibili ostean, Frantzia iparraldera iritsiko da Tourra, Arenberg Porte du Hainautera. Inoiz ez da Tourreko etaparik amaitu han. Uztailaren 10ean amaituko da lehen etapa mendatean, zazpigarren etapan, Roussesko estazioan. 161 kilometro izango ditu etapa horrek, bizi-bizia izango da, baina azken mendatea etzana da oso. Gogorragoa da hurrengo eguneko etapa, Alpeetako bigarrena, Morzine-Avoriazen amaituko dena. 189 kilometro izango ditu, eta Ramaz 16 kilometroko mendatea igo berritan hasiko dira hauspoa berotzen azken mendatean, Morzine-Avoriazen. 14 kilometro eta %6ko batez besteko pendiza dauzka.
Uztailaren 12ko lehen atseden egunaren ostean, Alpeetako etaparik gogorrena izango dute txirrindulariek, Saint Jean de Mauriennen amaituko dena. Colombiere, Aravis, Saisies eta Madeleine mendateak igo beharko dituzte. 31,5 kilometro faltako dira Madeleineko gainetik helmugara. Askoz etzanagoa da Gap hirian amaituko den etapa, 10.a.
Baina, Alpeak atzean utzita, Pirinioei keinuka hasiko da berehala Tourra, handik lehen aldiz igaro zenetik mendeurrena beteko dela ospatzeko. Bourg de Peage-Mende 210 kilometroko etapa zigortzailea eta arriskutsua ahaztuta, 14. etapan igoko dituzte Pirinioetako lehen maldak, uztailaren 18an. 184 kilometroko etapa izango dute, Revel eta Ax-3 Domaines artean, eta etapa amaiera da bereziki gaiztoa, Garona Garaian. Pailheres tentea igo beharko dute lehendabizi (14,9 kilometro eta %8,1eko batez besteko aldapa), eta, 19 kilometroko jaitsiera azkarraren ondoren, Ax les Thermes herrian hasiko dira azken mendatea igotzen. Igoera motza da, 7,9 kilometrokoa, baina %8,3ko batez besteko pendiza dauka.
Tourmalet erraldoia epaile
Hurrengo etapa Bagneres de Luchonen amaituko da, eta Bales erraldoia igo beharko dute helmugara iristeko 21 kilometro falta direnean. Ia 19 kilometroko igoera da Baleskoa, %6,3ko batez bestekoa daukana. Baina azken sei kilometroek %8ko batez bestekoa daukate, eta %11ko aldapa tenteak ere badauzka tartean.
Pirinioetako hurrengo bi etapak beldurgarriak dira; irudiari begiratuta, zerra itxurakoak. Ezaugarri bat daukate biek: Tourmalet mendatetzarra igo beharko dute bi etapa horietan. 16. etapan, Bagneres de Luchon eta Paue artekoan (196 km), Peyresourde, Aspin, Tourmalet, Soulor eta Aubisque igo beharko dituzte. Egia da 58 kilometro daudela Aubisqueko gainetik Paueko helmugara, baina Peyresourden gora ekingo diote txirrindulariek etapari, eta tropelarentzat ez da batere gustagarria izaten hasierako berotu hori. Talde estrategietarako eta liderraren taldea txikitzeko apropos-aproposa da etapa.
Eta bigarren atseden egunaren osteko etapa, 17.a, erabaki beharrekoa erabakitzeko da egokia. Marie Blanque igoko dute lehenengo, 57. kilometroan; Soulor gero, 118.ean; eta Tourmalet erraldoia izango dute zain etapa bukaeran -behin bakarrik amaitu da orain arte Tourreko etapa bat han, 1974an, eta Jean Pierre Danguillaume frantziarrak irabazi zuen-. 2.115 metro dauzka Tourmaletek, 19 kilometroko igoera da (%7,4ko batez bestekoa), eta azken kilometroa da gogorrena (%10,2). Belgika aldeko harbideetan galdutako segundo mordoa irabazteko, proba lehertzen saiatuko dira asko Pirinioetan. Baina norbera lehertzeko arriskua izaten da horrelakoetan.
Eta Tourraren hondarrean, ordura arteko mendateek argitu ez dutena argituko du azken erlojupekoak, Bordele eta Pauillac artekoak (51 km). Ezusterik ezean, ordea, ordurako zehaztuta egongo da podiumeko koska bakoitzera nor igoko den. Indarrek agintzen dute Tourreko azken erlojupekoan, eta nekez berpiztuko da Tourmaleten gora ezinean ibili dena.
Azken etapa, ohi bezala, garaileei omenaldia egiteko izango da aproposa. Longjumeau eta Paris artean, 105 kilometroko gozatua hartuko dute Tourraren galbahea igarotzea lortzen duten txirrindulari guztiek.
Erreakzioak
«Erlojupeko bat gutxiago egoteak Andy Schlecki egiten dio mesede»
Alberto ContadorAstanako txirrindularia
«Andy Schleck izango da nire aurkari nagusia. Aurten bera izan da nigandik gertuen egon dena, eta ziur naiz datorren urtean ere hortxe ibiliko dela. Gainera, erlojupeko bat gutxiago egoteak mesede egiten dio».
«Proba azken-aurreko eguneko erlojupekoan erabakiko dela uste dut»
Andy SchleckSaxo Bank-eko txirrindularia
«Uste dut irabazlea nor den azken aurreko egunean jokatuko den erlojupekoan erabakiko dela. Aurretik dagoen mendia ez da nahikoa alde erabakigarriak egiteko. Contador da faboritoa, baina beste batzuk ere bagaude».
«Aurtengo Tourrabaino irekiagoaizango da»
Lance ArmstrongAstanako txirrindularia
«Tourra beti da gogorra, eta beti irabazten du indartsuenak. Datorren urteko ekitaldia aurtengoa baino irekiagoa izango da. Contador, Schleck anaiak, Wiggins, ni neu... hautagai asko daude».
«Etapa bat irabazi nahi dugu berriro, eta, ahal izanez gero, Pirinioetan»
Igor G. de GaldeanoEuskaltel-Euskadiko kirol zuzendaria
«Etapa bat irabazi nahi dugu berriro, eta, ahal izanez gero, Pirinioetan, urtero hara joaten diren milaka euskal zaleren aurrean. Behin eskatzen hasita, Tourmaleten irabaztea gustatuko litzaiguke; handia litzateke».
«Ikusgarria izango da,eta aproposa eskalatzaileentzat»
Carlos SastreCerveloko txirrindularia
«Tour gogorra izango da, aurtengoa baino gogorragoa. Erlojupekoan ondo aritzen direnentzat baino gehiago, eskalatzaileentzat da aproposa. Ikusgarria izango da, hasi eta bukatu».
Gaur jakingo da Haimar ZubeldiaAstanan edo RadioShacken ariko den
Zalaparta handia sortu da azken hilabeteotan Astanan. Lance Armstrongek uztailean jakinarazi zuen RadioShack talde berrira joango zela datorren denboraldian, eta bere ondora eraman nahi zituen Jaroslav Popovitx -ziur joango da-, Andreas Kloeden, Gregori Rast eta Haimar Zubeldia usurbildarra. Hala nahi zuen, baina Zubeldiak, esaterako, beste urtebeterako kontratua dauka Astanarekin, eta taldeak ez dio kontratua eten nahi, Kloeden, Rast eta Contadorri berari eten nahi ez dien modu berean.Zubeldiak berak ez du Astanaren deirik jaso oraindik, ezta RadioShack taldearena ere, baina gaur argitu daiteke kontua. UCI ProTourreko taldeek gaur arteko epea daukate dokumentu guztiak aurkezteko, eta horrek argituko du egoera.