TXIRRINDULARITZA. Indurainen gisara

Azken etapa jokatuko da gaur, hamalau kilometroko erlojupekoa, eta, ezustekorik ezean, Mentxovek irabaziko du Giroa

Igor Susaeta.
2009ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Salbuespenak salbuespen, errezeta bera erabili zuen Miguel Indurainek 1991 eta 1995 artean zazpi itzuli handi irabazteko. 1991ko Tourrean Val Louronera bidean Claudio Chiapuccirekin batera eman zuen kolpea eta 1995ekoan Liejara (Belgika) Johan Bruynnelekin ihes eginda heldu zenekoa dira salbuespenak. Bestela, errezeta bera: erlojupekoan aldeak egin, eta mendiko etapetan alde horiei eutsi. Giroan nagusitu zen urteetan ere (1992 eta 1993), halaxe. 1992koan abantaila pilatu zuen Arezzo eta San Sepolcro artean jokatutako erlojupekoan, eta ondoren Chiapucciren erasoei eutsi zien. Eta 1993koan Senigallian egin zuen aldea, Dolomitetara heldu aurretik. Gero Chiapucci deabrua berriro erasora, baina Indurain, aurpegia zimurtu gabe ia-ia, haren gurpilera pega-pega eginda. Bada, Denis Mentxovek (Rabobank), Gorraizen (Nafarroa) bizi den errusiarrak, Indurainen gisara korritu du aurtengo Giroa, eta horrela irabaziko du. Gaur jokatuko da azken etapa, hamalau kilometroko erlojupekoa, Erroman, eta, ezusteko handirik ezean, Mentxovek jantziko du maglia arrosa. Hogei segundo ateratzen dizkio Danilo di Lucari (LPR); herenegun baino bi gehiago. Izan ere, atzo, bere aldeko bi segundo lortu zituen errusiarrak gainsariak banatzen zituzten esprint batean. Etapa, berriz, Philippe Gilbert klasikozaleak irabazi zuen (Silence-Lotto).

Napoli eta Anagni artean eguzkipean -halere, hori ez da berritasuna aurtengo Giroan- 203 kilometro luze betetzeko balio izan zuen atzoko etapak. Bai, helmuga hirugarren mailako mendate labur bezain etzan batean kokatuta zegoen, baina Di Luca ez zen saiatu ere egin gainsariko segundoak lortzen. «Zertarako...», pentsatuko zuen Killer-ak. Gainera, helmugatik 40 kilometrora, Frosinonen, Mentxovek esprinta jo eta irabazi egin zion. Zertarako orduan... Nahikotxo saiatu da jada Abruzzoetako (Italia) txirrindularia, soinean maglia arrosa izan zuenean ere bai. Pramartinon, Bolognan, Monte Petranon, Blockhausen, Vesuvion... Errepidea apur bat tentetzen zen orotan ahalegindu da Di Luca; alferrik, ordea.

Mentxovek beti eutsi dio, beti; Indurainek Chiapucciri eta edozeini aldapa gora eusten zion bezala. Gainera, errusiarra italiarra baino gehiago da erlojupekoetan, beraz... Beraz, gustura egon beharko du Di Lucak bigarren postuarekin. Riomaggioreko erlojupeko luze -60 kilometro- eta gogorrean galdu zuen lidergoa. Egun hartan minutu bat eta 54 segundo atera zizkion Mentxov etapako garaileak. Bestelakoan, ez dago erlojupekoetan bien artean alderaketak egiteko aukerarik. Hori bai: iazko Giroko bi erlojupekoetan Mentxov Di Lucaren aurretik geratu zen; nola Pesaro-Urbino artekoan, hala azkeneko egunean Milanen jokatutakoan. Hortaz, ezusteko handia litzateke italiarrak errusiarrari gaur bat-batean, kolpetik, hogei segundo kentzea.

Eta Carlos Sastrek (Cervelo), berriz, Erromako kaleetan zehar hegan egin beharko luke, podiumean Franco Pellizottiren (Liquigas) lekua hartzeko. Minutu batekoa da bi txirrindularien arteko aldea.

Silence-Lottoren aurrenekoa

Hegan, Gilbertek egin zuen hegan atzo, etapako azkeneko bi kilometroetan. Haren taldea -beste hamasei bezala- garaipenik lortu gabe zegoen aurtengo Giroan, eta eguneko ihesaldia irensteko lan egin egin zuen tropelean; ailegaera, gainera, egokia zen valoniarra bezalako txirrindulari bizkor eta bortitzentzat. Bada, zortzi txirrindularik osatutako ihesaldia harrapatu zuten, eta azkeneko bi kilometroetan sartuta, Gilbertek jo zuen, gogor, atzera begiratu gabe. Jaroslav Popovitx (Astana) eta Thomas Voeckler (Bouygues Telecom) atera ziren haren atzetik, eta bat egin. Baina Gilbert denboraldihonetan garaipenik lortu gabe zegoen, eta ez zuen etsi harik eta ukrainarra zein frantziarra gurpiletik atera zituen arte. Garaipen polita lortu zuen 26 urteko txirrindulariak. Aurten hirugarren izan da Flandriako Tourrean, eta laugarren Lieja-Bastogne-Lieja eta Amstel Gold Racen. Lehen urtea du Silence-Lotton, aurreko seiak Francaise des Jeuxekin egin ostean.



Sailkapenak

HOGEIGARREN ETAPA

1. P. Gilbert (Silence-Lotto) 4.33.07

2. Thomas Voeckler (Bouygues) 2ra

3. S. Garzelli (Acqua&Sapone) 7ra

4. Allan Davis (Quick Step) d.b.

5. Sebastien Hinault (Ag2r) d.b.

6. Franco Pellizotti (Liquigas) d.b.

7. Edvald Boasson (Columbia) d.b.

8. Giovanni Visconti (ISD) d.b.

9. Simon Gerrans (Cervelo) d.b.

10. Serge Pauwels (Cervelo) d.b.

11. Denis Mentxov (Rabobank) d.b.

47. Iker Camaño (Fuji) d.b.

NAGUSIA

1. Denis Mentxov (Rabobank) 85.44.05

2. Danilo Di Luca (LPR) 20ra

3. Franco Pellizotti (Liquigas) 1.43ra

4. Carlos Sastre (Cervelo) 2.44ra

5. Ivan Basso (Liquigas) 3.37ra

6. Levi Leipheimer (Astana) 4.59era

7. S. Garzelli (Acqua&Sapone) 8.44ra

8. Michael Rogers (Columbia) 9.36ra

9. Tadej Valjavec (Ag2r) 10.426a

10. Marzio Bruseghin (Lampre) 11.36ra

38. Iker Camaño (Fuji) 1.23.27ra





Erori eta erretiratu egin da David Lopez, baina ez dauka zauri larririk

David Lopez (Caisse d'Epargne) erretiratu egin zen atzoko etapan, lurrera erori baitzen. Halere, Barakaldoko txirrindulariak ez dauka zauri larririk, eta senda-agiria eman zioten. 40. kilometroaren bueltan erori zen Lopez. Anbulantzian sartu eta Castel Volturno herriko ospitalera eraman zuten, Giroko medikua une oro alboan zuela. Han erradiografia batzuk egin zizkioten burezurrean eta aldakan, eta horietan ikusi ahal izan zen barakaldarrak zauri larririk ez daukala. Hala, taldekideekin batera pasatu ahal izan zuen gaua.

Euskal Herriko lau txirrindularik hasi zuten Giroa, baina Pedro Horrillo (Rabobank), Iban Maioz (Xacobeo) eta David Lopez erretiratu egin dira, erorikoen ondorioz. Iker Camaño (Fuji-Servetto) santurtziarra da, hortaz, Giroa bukatuko duen bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.