H asiera batean, etapa lasaia behar zuen atzokoak, baina badakit txirrindulari dezentek sufritu egin dugula eguneko uneren batean. Eta azalduko dut horren zergatia. Herenegun atseden eguna eduki genuen, eta asko ez ginen bizikletan ibili. Gainera, kronoigoera garaiz samar bukatu zuten txirrindulari gehienek. Beraz, ia-ia 48 ordu, bi egun, dira bizikletan ibili gabe; eta hori nabaritu egiten da.
Egia esan, gaixo geundela zirudien; sintoma horiek genituen, behintzat, gure taldean. Eta gu bezalaxe zeuden beste asko. Baina benetan, muinotxoetan sufritu egin dugu. Bettini, esaterako, atzean gelditu da batean, eta bete-betean zihoala esan dit.
Eskerrak paisaiak zoragarriak zirela. Caisse d'Epargneko Joaquin Horrachek esan dit, paisaia horiek ikusteagatik ordaindu egin beharko genukeela! Jende askok, egia esan, ordaindu egingo luke. Hori esan didanean bere baitara bildu naiz, eta konturatu naiz, bizikleta gainean goazenean ez dugula horretan gehiegi pentsatzen. Baina atzo bost minutuko parentesaia egin,eta gozatu egin nuen.
Marmoladako etapan, esaterako, azken mendatea igotzen hasi baino lehengo gune eder batetik pasatu ginen. Nik ezagutzen nuen, eta oso isila den Leipheimerri esan nion gozatzeko. Eta, egia esan, ezker eta eskuin, begira hasi zen. Ezin duzu bete-betean gozatu, baina toki horietara bueltatzeko gogoa pizten zaizu. Ez dakit, niri, adibidez, motorrarekin Dolomitetatik ibiltzea gustatuko litzaidake.
Eta bueno, bukatzeko, Angelo Zomegnan antolatzailea, lasterketaren ugazaba, kritikatuko dut. Jendeak Giroari kritikaren bat egiten dioenean, ez du onartzen. «Ez bazaie zerbait gustatzen, ez etortzea daukate», horrelakoak ari da esaten. Gasparotti kexatu da, eta esan du hurrengo urtean ez duela bere taldea gonbidatuko. Dena dela... Gustora nago, nire familia hemen dagoelako.
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. GUADALUPETIK. Paisaiarekin gozatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu