Lehen Mundu Gerran austriarrek eta alemaniarrek aurrera egin ez zezaten, gailur estrategikoa izan zen Monte Grappa italiarrentzat. Muturreko eguraldia etsai zutela, borrokaldi gogorrak bizi izan zituen gailur horrek 1917an eta 1918an, eta 25.000 hildakoren ondoren goratu zituen italiarrak. Su batean ibili ziren orduan, eta su batean ibiliko dira gaur ere. Soldaduak ibili ziren orduan; txirrindulariak ibiliko dira gaur. Ez da hildakorik izango, bonba soinurik ere ez, baina leherketa bat baino gehiago izan daiteke. Orain hamabost egun Italiako Giroa irabazteko faborito zirenek ilunpetik ateratzen hasteko aukera izango dute gaur eta bihar, Monte Grappan hasi eta Zoncolan gogorrean amaituko den asteburuan.
Mendiko lehen bi etapa gogorrak gainean daudela esan daiteke. Beroketa lana egingo du gaurko etapak, eta etziko atseden egunaren bezperan, itzulia lehertzeko aproposa da biharkoa. Bi egun, 427 kilometro, lehen mailako hiru mendate, bigarren mailako beste bi... Mendate mitikoak dira Monte Grappa eta Zoncolan, eta Giroa aurten erakusten ari den txirrindularitza ereduari jarraituta, garai bateko txirrindularitza eskain dezakete malda gogor horiek.
Ferrara eta Asolo artean, 205 kilometro dauzka gaurko etapak. Lau-laua da Asolo lehen aldiz igaro arteko ibilbidea, baina 146. kilometroan tentetuko da errepidea. 18,5 kilometroko igoera da Monte Grappa, eta batez bestekoa %8,3koa. Hiru aldiz bakarrik igaro da Giroa mendate horretatik. 1968an lehen aldiz -Emilio Casalinik irabazi zuen etapa hura, gainean amaitu den urte bakarrean-; 1974an bigarrenez -Jose Manuel Fuenteren igoera onaren ondoren, Eddy Merckxek irabazi zuen gero, Bassanon-; eta 1982an azkenekoz -Vicente Beldak irabazi zuen, San Martino di Castrozzan-.
Bi zatitan banatuta dago igoera. Bederatzi kilometro dauzka lehen zatiak, eta batez bestekoa %8,5ekoa da. Alpe d'Huezen antzera, 21 bihurgune igarotzen diren zatiak ez dauka muturreko maldarik, baina igoera itoa da, batez bestekoa nekez jaisten delako %8tik. Jaitsiera txiki baten ondoren hasten da bederatzi kilometroko bigarren igoera, Campo Crocen. Ez dago basoaren babesik eta %10-11ko batez bestekoa dute kilometro gehienek -700 metroko jaitsiera txiki bat ere badago tartean, %14ko batez besteko aldapa baten ondoren-. %9ko batez bestekoa dute azken bi kilometro eta erdiek, eta 41 kilometro geratuko dira gainetik helmugara.
Europako gogorrenetakoa
Lehen astindua emateko aproposa da gaurko etapa, eta biharkoa eguraldiaren araberakoa izango da. Euria eginez gero, beldurgarria izango da Zoncolango igoera. Chianzutan bigarren mailakoa (10,9 kilometro eta %5,3ko batez bestekoa), Passo Duron lehen mailakoa (4,7 kilometro eta %9ko batez bestekoa), eta Sella Valcalda bigarren mailakoa (8,2 kilometro eta %5,2ko batez bestekoa) igo beharko dituzte Zoncolanen magalera iritsi aurretik.
Baina hortik aurrera hasiko dira komeriak. Europako igoerarik gogorrenetakoa da Zoncolan (10,5 kilometro eta %11,6ko batez bestekoa). Lariis herritik aurrerako sei kilometroek %15eko batez besteko aldapa daukate, eta tarte batean batez bestekoa %20,3koa da. Argigarria den datu bat ere badago: hamar kilometro eskasean, 1.200 metrokoa da desnibela. Ilunpetik ateratzen hasteko edo erabat etsitzeko modukoa da menua.
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Ilunpetik ateratzen hasteko
Monte Grappa eta Zoncolan. Azken bi egunetako etapen ondoren, bi igoera gogor-gogor horiek baliatu beharko dituzte Giroa irabazteko faboritoek sailkapen nagusia irauli ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu