Beteta alemaniarra dago, ordea. Gastroenteritisak jota hasi zuen Giroa, eta laguntzaile azkarregiak dauzka orain taldean. Alde batera begiratu, bestera begiratu, eta Greipelen arrastorik ez. Tropela luzatzea zen atzo ere Matthew Harley Goss australiarraren lana. Baina Cava de Tirreniko azken metroetan ez zen ageri Columbiako taldeburuaren maillotik. Australiako belodromoetako gerri kolpe eta ukondo festekin zailduta, potentzia erakustaldia eman zuen atzo Columbiako hierarkian behealdean dagoen australiar gazteak.
Ordurako eskuin aldetik esprintari ekinda zeuden Cadel Evans (BMC) eta Aleksandr Vinokurov (Astana), baina belodromoan ere pistaren behealdetik irabazten dira metroak, ezkerraldetik. 2006an pistako Munduko Txapelketa irabazi zuen Gossek, taldekako jazarpen proban, eta atzo erakutsi zuen zergatia. Hierarkia aldatzen hasita dago Columbian. Greipel itzalita dabil Giroan -19. sailkatu zen atzo-, eta laguntzaileak taldeburua bezain finak direla erakusten hasi dira.
Hierarkia aldaketa hori gorabehera, arrakastarik izan ez zuen ihesaldia izan zuen atzoko etapak. Bederatzigarren kilometroan ihes egin zuten Giampaolo Cheula (Footon), Tom Stamsnijder (Rabobank), Michael Barry (Sky) eta Mikhail Ignatievek (Katuxa), eta lau minuturen aldea ere izan zuten. Baina tropelak, euripean, ondo lotuta zeukan ihesaldia. Columbiaren erritmo biziak zatitu egin zuen faboritoen taldea, eta atzean geratu ziren, besteak beste, Ivan Basso (Liquigas) eta Evans. Baina azkar baretu zen egoera -Carlos Sastrek (Cervelo) zulatua izan zuen helmugarako 20 kilometro falta zirela, eta 1.49 minutu galdu zituen-. Aurrean Ignatiev saiatu zen bakarrean arrakasta lortzen, baina Columbiaren eguna zen atzokoa. Hierarkia gorabehera.
Avellino eta Bitonto artean, 230 kilometro ditu gaurko etapak. Esprinterako egokia da gaurkoa ere.
Sailkapenak
BEDERATZIGARREN ETAPA1. Matthew Goss (Columbia) 4.08.17
2. Filippo Pozzato (Katuxa) d.b.
3. Tyler Farrar (Garmin) d.b.
4. Robert Forster (Milram) d.b.
5. Federico Canuti (Colnago) d.b.
6. Sebastien Hinault (Ag2r) d.b.
7. Wouter Weylandt (Quick Step) d.b.
8. Gregory Henderson (Sky) d.b.
9. Jos van Emden (Rabobank) d.b.
10. Markus Eibegger (Footon) d.b.
38. Iban Maioz (Footon) d.b.
140. Xabier Zandio (Caisse) 6.12ra
NAGUSIA
1. Aleksandr Vinokurov (Ast.) 33.09.43
2. Cadel Evans (BMC) 1.12ra
3. Vincenzo Nibali (Liquigas) 1.33ra
4. Ivan Basso (Liquigas) 1.51ra
5. Marco Pinotti (Columbia) 2.17ra
6. Richie Porte (Saxo Bank) 2.26ra
7. Vladimir Karpets (Katuxa) 2.34ra
8. Stefano Garzelli (Acqua&S.) 2.47ra
9. Damiano Cunego (Lampre) 3.08ra
10. Michele Scarponi (Androni) 3.09ra
34. Iban Maioz (Footon) 18.38ra
87. Xabier Zandio (Caisse) 49.18ra