TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Lau segundo azkarrago

Iban Maioz.
2010eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Esan nizuen zozo samar hasi zela aurtengo Giroa, baina izugarria izan da erlojupekoak sortu duen ikusmina. Goizean ibilbidea ikustera joan gara, eta ordurako jende asko zebilen bueltaka. Bazkalondoren, berriz, dena lepo beteta zegoen. Beroketak egiteko lekurik ere ez geneukan, eta autobusetik irteera joateko ere larri ibili gara. Baina, tira, polita da hainbeste jende guri begira egotea. Ikurrin bat ere ikusi dut ibilbidean, bakarra, baina euskaldunen bat bazegoen Amsterdamen!

Erlojupeko hauek lasai ez ditu inork egiten, baina jakina da garaipenerako lehian sartzen ez garenok arriskurik hartu gabe sartzen garela bihurguneetan. Erlojupekoa euripean egitea egokitu zait niri, gainera, eta arriskutsua izan da. Bihurgune txar batzuk bazeuden, eta aurretik zuzengune luzeak zeudenez, une batzuetan ez zen erraza bihurgune horietan abiadura moteltzea.

Guri dagokigunez, Erosek [Capecchi] 11.05 minutuko denbora egin du, eta, egia esateko, ez da denbora ona. Segundo dezente galdu ditu, baina normala ere bada. Ni, berriz, lehenengo euskalduna naizela esan daiteke. Xabik [Xabier Zandio] lau segundo gehiago behar izan dituela uste dut, eta, tira, porraren bat-edo egin beharko dugu euskaldunen artean. Gainsariekin kontuz ibili beharko dugu lehen etapa hauetan!

Evans eta Vinokurov faboritoen artean zeuden Giroa hasi aurretik, eta orain ere hor jarraitzen dute. Ez dute denbora askorik galdu, eta bete-betean daudela nabari da. Zortzi kilometroko erlojupeko batetik ezin da ondorio askorik atera, baina Cunegok, esaterako, denbora asko galdu du. Azken urteotan ez dabil lehen bezala, eta etaparen bat irabazi nahiko duela iruditzen zait.

Erlojupekoa pasatuta, etapa arriskutsuak izango dira gaurkoa eta biharkoa. 209 kilometro, haizea, euri arriskua, gainsariak lortzeko urduritasuna... Eromena izango da, eta kontuz ibili beharko dugu. Ahal dugun bezala pasatuko ditugu etapa hauek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.