TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Tulipanik ederrenaren usainean

Gaur hasiko da Italiako Giroa, Tulipanen herrialdeko hiriburuan, Amsterdamen, 8,4 kilometroko erlojupekoarekin

unai zubeldia
Donostia
2010eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Ia Italiako Giroko tropeleko txirrindulariak adina tulipan klase daude munduan, baina gaur hasi eta maiatzaren 30era bitartean tulipan arrosaren usainean ibiliko dira txirrindulariak Herbehereetan abiatu eta Italian barrena. Ez tulipan horixkarik, txuririk, beltzik edo gorri ukitukorik. Amsterdamen tulipan arrosa izango da preziatuena. Eta 21 etapa eta ia 3.500 kilometro eginda, tulipan arrosaren usaina izango da sarkorrena Veronako kaleetan barrena, maiatzaren 30ean.

Bederatzigarren aldiz, Italiatik kanpo hasiko da Giroa, Amsterdamen. Museumpleinen hasi eta Stadionpleinen amaitu, 8,4 kilometroko erlojupeko azkarra prestatu dute antolatzaileek bizikletaren herrian -2002an ere Herbehereetan hasi zen Giroa, Groningenen-. Hurrengo bi etapak ere Amsterdamen hasiko dira, eta Utrechten eta Middelburgen amaituko. Gehienezko altuera 70 metrokoa, kilometro asko itsasoaren mailatik behera, 209 kilometroko etapak, haize mehatxua dezentekoa... Urduriak izango dira lehen bi etapa horiek, irabazteko baino galtzeko gehiago edukitzen duten horietakoak.

Nekatzen hasterako lehen atseden eguna igarota, 32,5 kilometroko taldekako erlojupekoa izango dute txirrindulariek, Savigliano eta Cuneo artean, Italian. Goranzko joera du ibilbideak, ez da zaila eta teknikoa, baina faboritoen artean lehen aldeak sortzeko asmatutakoa da. Lehen bi erlojupekoen artean bizpahiru minutuko galera izango dute igotzaileetako batzuek, eta gerora arrastoa sortzen du galera horrek. Herbehereetako bi esprintak ahaztuta, txirrindularirik azkarrenek Italiako lurretako lehen aukera argia izango dute Novi Ligureko helmugan, bosgarren etapan. Ondo aprobetxatu beharrekoa izango da aukera hori, hurrengo bi etapak bihurri samarrak baitira, ihesaldietarako aproposak, nahiz eta artean lasterketa oso lotuta eramango duten Giroa irabazteko faboritoen taldeek.

8. etapan iritsiko da mendiko lehen etapa, maiatzaren 16an. Etapa ez da zaila, bi muino txiki igaroko dituzte Terminillora bidean, baina azken igoera hori gogorra da. Ia 25 kilometro eta %6,6ko batez besteko aldapa dauka Lazio eskualdeko mendate tente horrek. Desnibela 1.509 metrokoa da, eta tartean %8ko batez bestekotik gorako etengabeko bi zati gogor ere badaude.

Lehen berotua hartuta, iraupen lana izango da bigarren asteko ezaugarria. Beldurtzeko modukoa da etapa bakoitzaren kilometro kopurua. 9. etapak 188 kilometro dauzka -esprintean amaitu beharko luke-, baina 12. etapa salbu, 10. etapatik 15.era bitartekoak 200 kilometrotik gorakoak dira. L'Aquila lurrikarak gogor astindu zuen herrian amaituko da Giroko etaparik luzeena, 11. etapan. 256 kilometro dauzka etapa horrek, eta lurrikararen biktimei omenaldi xumea egingo die lasterketak. 11. etapan L'Aquilako biktimei egingo zaie omen, eta 13.ean Marco Pantani zenari, Cesenatico bere jaioterrian amaituko den etapan (222 kilometro). Min egingo dute etapa gorabeheratsu eta luze horiek.

Baina benetan min, Monte Grappa handiak egingo du, Asolon amaituko den etapan, 14. etapan. Hor hasiko da tentetzen Giroa. 18,5 kilometroko igoera da Monte Grappa, eta %8,3ko batez besteko aldapa dauka. Igoerak atsedenaldi txiki batzuk badauzkan arren, %12,2ko batez besteko pendizak ere badauzka 11. kilometrotik aurrera. Gainetik helmugara 42 kilometro geratuko zaizkie txirrindulariei.

Berotu handia hartuta, erabakigarriak izango dira 15. eta 16. etapak, Giroko bigarren atseden eguna tartean edukiko duten bi etapak. Maiatzaren 23ko etapa Zoncolan gogorrean amaituko da, eta aurretik Sella Chianzutan, Passo Duron eta Sella Valcalda igo beharko dituzte. Zoncolanen batez bestekoak beldurgarriak dira: 10,5 kilometroko igoera da, %11,5eko batez bestekoa dauka, eta tartean %20tik gorako aldapa piko-pikoak ere badaude.

Kronoigoera gogorra

Astelehenean atseden hartu ondoren, Plan de Coronesko kronoigoera gogorra izango du zain tropelak 16. etapan. 12,9 kilometroko kronoigoera da, hasiera etzanekoa, baina 4. kilometrotik 10.era %10etik gorakoa da batez bestekoa, eta kilometro pasatxoko atsedenaldi txiki baten ondoren, %14tik gorakoa da pendiza azken kilometroan. Helmuga 2.273 metrotan dagoela kontuan hartuta, dezenteko aldeak sor daitezke etapa horretan sailkapen nagusian. Lehen bi asteen menua da hori.

Baina beste bost etapa erabakigarri geratuko dira artean. 17. etapa Peio Terme etzanean amaituko da, baina aurretik Passo delle Palade gogorrak egingo du galbahea (18,5 kilometro, eta %6,7ko batez bestekoa). Brescian amaituko den etapan edukiko dute esprinterrek luzimendurako azken aukera, azken hiru etapetan indar apurrak xahutzeko aukera izango dutelako sailkapen nagusian lehian dabiltzanek. Aprica, Trivigno eta Mortirolo igarota, Aprican bertan amaituko da 19. etapa, eta Ponte di Legno Tonalen 20.a. Azkenaurreko etapa horretan Forcola di Livigno, Passo di Eira, Passo di Foscagno eta Passo di Gavia -Giroko mendaterik altuena, 2.628 metro- igo beharko dituzte. 2.000 metrotik gorako mendateak dira guztiak, eta sailkapen nagusia irauli dezake muturreko etapa horrek.

Hainbesteko tratua hartuta ezer erabakitzeko daukanak, berriz, Veronako 15,3 kilometroko erlojupekoan izango du azken aukera. Gogorra da erlojupekoa, tartean Torricelle bost kilometroko aldapa gogorra igo beharko dutelako (%4,9koa da batez bestekoa, baina %8,4ko aldapa bat ere badauka amaiera aldera). Amsterdamen biltzen hasitako tulipan ederrak eta ximelduak ederki bereizita iritsiko dira Veronara. 21 etapa, ia 3.500 kilometro, lau erlojupeko, bost amaiera mendatean, eta tartean bihurgune itxi asko. Itxura ona dauka menuak.



Faboritoak

Cadel Evans. BMC, 33 urte

Carlos Sastre. Cervelo, 35 urte

Ivan Basso. Liquigas, 32 urte

Aleksandr Vinokurov. Astana, 36 urte

Bradley Wiggins. Sky, 30 urte

Stefano Garzelli. Acqua&Sapone, 36 urte

Damiano Cunego. Lampre, 28 urte

Michele Scarponi. Androni Giocattoli, 30 urte

Marzio Bruseghin. Caisse d'Epargne, 35 urte

Vladimir Karpets. Katuxa, 29 urte

Domenico Pozzovivo. Colnago SCF Inox, 27 urte

Vincenzo Nibali. Liquigas, 25 urte

Francesco Masciarelli. Acqua&Sapone, 24 urte

Giampaulo Caruso. Katuxa, 29 urte

David Arroyo. Caisse d'Epargne, 30 urte

Rigoberto Uran. Caisse d'Epargne, 23 urte

Linus Gerdemann. Milram, 27 urte

Jose Serpa. Androni Giocattoli, 31 urte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.