TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Zortzi txirrindulariren gelak miatu dituzte

Dopinaren kontra Italia osoan egindako operazio baten barnean izan da, baina ez dute deus topatu

AGENTZIAK - ERROMA
2004ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Dopinaren aurka aritzen den NAS erakundeko carabinieriek operazio zabala egin zuten atzo Italia osoko 29 probintziatan. 700 lagunek hartu zuten parte Paolo Ferrara fiskalak horrela aginduta, 140 toki ezberdin miatu zituzten (ospitaleak zein etxebizitzak) eta 138 kide ikertu. Horien artean daude, besteak beste, profesional mailako 15 txirrindulari, zazpi atleta, bederatzi erizain, zazpi mediku eta afizionatu mailako taldeetako bederatzi kirol zuzendari. 15 txirrindulari horietatik zazpi Italiako Giroan ari dira parte hartzen, eta horien gelak miatu zituzten goizaldean. Alessandro Spezialetti eta Eddy Mazzoleni (Saeco), Mario Scirea eta Alessio Galleti (Domina Vacanze), Fabio Sacchi (Fassa Bortolo), Marco Zanotti (Vini Caldirola), eta Renzo Mazzolenik (Tena) jaso zuten carabinierien bisita. Euren gelak arakatu zituzten goitik behera, dopinarekin zerikusirik izan zezaketen produktuen bila, baina ez zuten deus topatu.

Joan den udazkenean Toscanan hil zen afizionatu mailako txirrindulari baten heriotzak jarri du abian aipatu operazioa. Italiako Giroan ez zuten ezer topatu, baina arakatutako beste zenbait tokitan bai HG hormonak, nandrolona, morfina nahiz zaldiak dopatzeko produktuak. Afizionatu mailako txirrindulari haren heriotzak abiatu zuen ikerketa, eta haren gorpuzkinak aztertzea ere ez du baztertzen fiskalak. Afizionatu mailaren eta zenbait mediku eta banatzaileren artean «konexio kezkagarriak» topatu dituztela jakinarazi dute ikerketako iturrietatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.