Iritsi da berriz ere Euskal Herriko Itzulia, eta beti bezala gogorra izango da, atsedenik gabea. Etapa bakar bat ere ez da erabakigarria, baina denak dira garrantzitsuak. Faboritoen zerrenda luzea da, eta, Contador ez dagoenez, uste dut are lasterketa mugituagoa izango dela. Azken urteetan faborito askok bi aldiz pentsatzen zuten Contadorri erasoa jo aurretik, eta, alde horretatik, lasterketa desberdina izango da. Tropelean, une honetan, ez dago faborito argirik, eta denek baliatu nahiko dute aukera, ia denek baitaukate itzulia irabazteko faboritoren bat euren taldean.
Guri dagokigunez, Gesink eta Freirerekin goaz. Desberdinak dira biak. Lehen hiru etapak oso garrantzitsuak izango dira guretzat Oscarrekin [Freire], eta azken hirurak Gesinkekin. Niretzat itzuli gogorra izango da, batentzat lan egin behar ez dudanean bestearentzat egin beharko dudalako. Baina pozik amaitu dut Kataluniako Volta, eta, alergiek errespetatzen banaute, saiatuko naiz egunen batean aurrean ibiltzen.
Arraten eta Orioko erlojupekoan, hor egongo da itzuliaren gakoa. Eta barkatuko didazue, baina ez noa faboritoen izenik ematera, oso zail baitago.
TXIRRINDULARITZA. Itzuli desberdina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu