TXIRRINDULARITZA. Kilometroko, bi segundo

Gaurko erlojupekoak erabakiko du Tourra; Contador eta Evans, Evans eta Contador, horiaren bila

unai zubeldia
2007ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Aitzin-etapa, lehen asteko etapa arriskutsuak, Alpeak, Pirinioetara iritsi bitartean ibilbide gorabeheratsuko hiru etapa, lehen erlojupekoa, Pirinioak, beste bi etapa luze... Lehen 3.368,4 kilometroek Frantziako Tourra ez dute erabat erabaki, eta marka bada ere, 55,5 kilometrok argitu beharko dute 3.400 kilometrok argitu ez dutena. Cognac eta Angulema artean, 55,5 kilometroko erlojupeko lau-laua daukate gaur, zuzengune askokoa, eta espezialistentzat oso egokia. Hori da eszenatokia. Protagonistak, berriz, ezuste handirik ezean, bi: Alberto Contador (Discovery Channel) eta Cadel Evans (Predictor-Lotto). Levi Leipheimer dago hirugarren, 2.49ra, eta erlojupekoetan espezialista bada ere, ez dirudi Evans eta Contador biak pasatzeko gai izango denik.

Minutu eta 50 segundoko aldea dauka Contadorrek bere alde, eta erlojupekoaren ibilbidea aurka. Contador ondo moldatzen da erlojuaren aurka, txukun, baina ibilbidea gorabeheratsua izaten denean haren errendimenduak nabarmen egiten du gora; igoera motz eta pikoetan daukan erritmo aldaketak ematen dio indarra, aldapa horiek dotore igo eta dotoreago jaisten baititu. Ibilbide lauetan, ordea, potentziak eta abileziak erritmo aldaketari gaina hartzen diotenean, sufritu egiten du.

Ezin esan daiteke Cadel Evans askoz indartsuagoa denik ibilbide lau-lauetan. Erlojupekoetan espezialista da australiarra, baina, liderraren moduan, bera ere hobeto moldatzen da ibilbide gorabeheratsuetan. Urrutira joan gabe, Tourreko lehen erlojupeko luzea izan daiteke adibiderik argiena. Gaurko erlojupekoarekin batere zerikusirik ez zeukan joan den larunbatekoak, ordukoan gora ez zeukatena behera baitzeukaten. Baina indarrak neurtzen hasita, lehen erlojupeko hartan, 54 kilometroko ibilbidean, minutu bat eta lau segundo jan zizkion Evansek Contadorri. Kilometroko segundo bat pasatxo, alegia.

Ibilbidea eta erreferentziak kontuan hartuta, Evansek gehiago estutu beharko du gaurko erlojupekoan Parisera maillot horia jantzita iritsi nahi badu, behintzat. Kilometro bakoitzeko bi segundo atera beharko dizkio australiarrak espainiarrari. Contador, maillot horia jantzita, hazita dago, eta Rasmussenek berak Albin erakutsi zuen maillot horiak indarra ematen duela. Indarraz gain, ordea, presioa ere nabarmen areagotzen du hori kolore horrek. Segundoak jan eta jan, atzetik aurrerako bidea egin beharko du Evansek, eta horrek, kilometroak pasatu ahala-eta erreferentziak balekoak badira-, indarra eman diezaioke.

Contadorrek berak ohartarazi du luzea dela erlojupekoa, eta zaila izango dela aldeari eustea. Evansek ere, aurkaria beldurtu nahian, azken egunetan ez duela hain indartsu ikusi ere bota du. Taktika lanean hasita daude biak, hitz bakoitzak, adierazpen txiki bakoitzak segundo bateko saria izan baitezake. Baina, taktikak taktika, ibilbideak berak jarriko du bakoitza merezi duen tokian. 1.50 segundo; kilometroko, bi segundo, eta saria, handia, aldrebes antzean joan den Tourreko maillot horia. Dopin kasuek zipriztinduta edo zipriztindu gabe, ohore handia da Frantziako Tourra irabaztea, eta Contadorrek eta Evansek inoiz baino gertuago daukate balentria hori.



ZUBELDIA ETA ASTARLOZA ERE BORROKAN. Tourra irabazteko aukerarik gabe daude, dagoeneko, Haimar Zubeldia eta Mikel Astarloza; burutik pasatu ere ez zaie egin halako balentriarik, baina beste borroka polit bat edukiko du bakoitzak gaurko etapan. Haimar Zubeldiak Carlos Sastrerekin izango du Tourreko laugarren postua lortzeko borroka. 27 segundoko aldea dauka Sastrek bere alde, baina Zubeldiak tarte hori jateko nahikoa gai badauka. Atzetik Valverde ia lau minutura dauka usurbildarrak, eta, beraz, bosgarren postua ia poltsikoan dauka. Estututa, barruan daukan guztia emanda, inoizko emaitzarik onena lor dezake Zubeldiak.

Koska bat beherago dago Astarloza, 10. postuan. 11 segundora dauka Soler, eta 52ra Popovych. Popovych iaioa da erlojupekoetan, baina Solerren bederatzigarren postua eskura dauka, nahiz eta atzetik, Pereiro, 25 segundora daukan. Balentria handia egingo du pasaitarrak lehen hamarren artean sartuz gero, eta barruan daukan guztia emango du. 3.400 kilometro egurrean egin ostean, 55,5 kilometrok daukate azken hitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.