Italiako Giroaren hasierari begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko. Herbehereetan hasi zen Giroa, eta Herbehereetan hasiko da Tourra. Amsterdam, Utrecht eta Middelburg. Hiru etapa izan zituen Giroak Herbehereetan, eta zalaparta handia izan zen. Erorketak, haizea, lider aldaketak... Itxura horixe bera dauka Tourraren hasierak. 8,9 kilometroko aitzin-etapa luzearekin hasiko da gaur Tourra, Rotterdamen (Herbehereak), eta Bruselarako bidea egingo du bigarrenak, Belgikako errepideetan sartuta. 100 kilometro egingo dituzte itsaso ertzean, eta haizeak triskantza eragin dezake hor.
Bigarren etapa, berriz, Brusela eta Spa artekoa, arriskutsua izango da. Luzea da, 201 kilometrokoa, eta sei muino igo beharko dituzte, laugarren mailako hiru eta hirugarren mailako beste hiru, guztiak azken ehun kilometroetan. Lieja-Bastogne-Lieja klasikoaren traza dauka amaierak, eta talderen bat min egiten saia daiteke kilometro horietan. Baina talderen batek benetan min astearteko etapan egingo du. Txirrindulariek beldur handia diote Wanze eta Arenberg Porte du Hainaut arteko bideari. Zazpi harbide zati daude beldur horren atzean; 13 kilometro pasatxo. Paris-Roubaix klasiko handian igotzen dituzten muinoak dira denak. Gorriak ikusiko dituzte igotzaileek eta tropeleko txirrindulari arinenek.
Esprinterrentzat aproposak dira hurrengo hiru etapak, Alpeen atarian daudenak, eta uztailaren 10ean iritsiko da Alpeetako lehen etapa, etzan samarra. Rousseseko eski estazioan amaituko da etapa hori. Pare bat kilometro daude gainetik helmugara, baina min egingo du igoerak, aurretik beste bost aldapa igo beharko baitituzte, horietako azkena Croix de la Serra bigarren mailakoa (15,7 km, eta %4,3ko batez bestekoa).
Alpeetako hurrengo bi etapak, erabakigarriak izan gabe ere, gogorrak dira. 189 kilometro dauzka uztailaren 11ko etapak, eta Ramaz lehen mailako mendatea igo ondoren (14,3 km, %6,8), Morzine-Avoriazen amaituko da etapa (13,6 km, %6,1). Ez da igoera gogorra, baina igotzaileek malda horietan lehertu dezakete lehen aldiz lasterketa, biharamunean lehen atseden eguna izango dutela kontuan hartuta.
Hain zuzen ere, horrek bihurtuko du arriskutsu Alpeetako azken etapa, Morzine-Avoriaz eta Saint Jean de Maurienne artekoa. 204,5 kilometro ditu 9. etapa horrek, eta bost mendate, Colombiere eta Saisies lehen mailakoak tartean. 66 kilometro maldan gora, eta azken igoera Madeleine gogorra (25,5 km, %6,2). 32 kilometro daude gainetik helmugara.
Eta behin Alpeak igarota, gorabehera askoko ibilbidea bezain arriskutsua izango da eguna: uztailaren 14a, Frantziako egun handia. 11. etapak esprinta beharko luke, eta hurrengo biek ihesaldia, Erdialdeko Mendigunean. 210,5 kilometroren ondoren, Mendeko aerodromoan amaituko da 12. etapa, bigarren mailako gainetik bi kilometrora. Hiru kilometroko igoera da, baina %10,1ekoa da batez bestekoa.
Lau eguneko zalaparta izango du Tourrak hurrengo lau etapetan. 30 kilometro goranzko joerarekin egin ondoren, Pailheres igo (15,5 km, %7,9), jaitsi, eta Ax 3 Domainesen amaituko da 14. etapa. 7,8 kilometroko igoera motza da azken hori, baina %8,2koa da batez bestekoa. Pirinioetako bigarren etapari Bales igoera luzeak egingo dio itzal. 19,3 kilometroko igoera da, %6,1eko batez bestekoarekin, baina igoera bezain arriskutsua izango da Bagneres de Luchonera arteko jaitsiera (21,5 km). Jaitsiera teknikoa da, eta oilarren batek hor hautsi nahiko du igoeran hautsi ezin izan duena.
Pirinioetako azken bi etapak, berriz, beldurgarriak dira -bigarren atseden eguna izango dute, gainera, tartean-. Bagneres de Luchon eta Paue artean, 199,5 kilometro ditu 16. etapak, eta Peyresourde (11 km, %7,4), Aspin (12,3 km, %6,3), Tourmalet (17,1 km, %7,3) -La Mongietik gora- eta Aubisque (29,2 km, %4,2) igo beharko dituzte. 61,5 kilometro daude Aubisqueko gainetik Paueko helmugara, baina etapa hastearekin batera igo beharko dute Peyresourde, eta Tourmaletek txiki-txiki eginda utz dezake tropela, helmugara iristeko 120 kilometrotik gora faltako direnean.
Paueko atseden egunaren ondoren, azken-aurreko astindua txirrindularien gorputzarentzat. 174 kilometro dauzka etapak, eta 56,5. kilometroan Marie Blanque pikoa igo beharko dute (9,3 km, %7,6). Soulor igoko dute gero (11,9 km, %7,8), eta jaitsiera luzearen atzetik, Tourmalet handian amaituko da etapa. Aurreko etapan ez bezala, Luz Saint Sauveurretik igoko dute Tourmalet. Alde horretatik, 18,6 kilometroko igoera dauka Tourmaletek, %7,5eko batez bestekoarekin.
52 kilometroko erlojupekoa
Kito, Tourmalet gainean amaituko dira 2010eko Frantziako Tourreko mendateak. Indar apurren bat daukanak azken-aurreko etapako 52 kilometroko erlojupekoan xahutu beharko ditu den-denak. Esprinterrentzat aproposa da aurreko etapa, 18.a, nahiz eta ordurako talde gutxi egongo diren ihesaldiak kontrolatzeko moduan. Bordele eta Pauillac arteko erlojupekoa lau-laua da, espezialistentzat egokia, garapen handiak mugitzeko aproposa. Baina ezer gutxi erabakitzen du normalean itzuli handi bateko azken erlojupekoak, indarrak parekatuta egoten direlako. Ohi bezala, irabazleei gorazarre egingo die Parisen amaituko den azken etapak.
21 etapa, aitzin-etapa bat, Alpeetan eta Pirinioetan mendiko sei etapa, gainean amaituko diren hiru, Erdialdeko Mendigunea tartean, eta azken-aurreko etapako erlojupeko luzea. Horixe ageri da ibilbideari lehen begiratua botata. Baina, kontuz, lehen begirada horretan ageri ez diren xehetasunekin.
Faboritoak
Alberto Contador. Astana, 27 urteMunduko txirrindularirik onena da, osoena. Igotzen, ikusgarria; eta erlojuaren aurka, onenen parekoa. Lance Armstrong ondoan zuela, giro gaiztoarekin irabazi zuen iazko Tourra, baina aurten talde osoa bere esanetara izango du. Prestaketa dotorea egin du, eta buruz inoiz baino indartsuago dago. Taldearen erantzuna izan daiteke zalantza bakarra.
Ivan Basso. Liquigas, 32 urte
Italiako Giroko irabazlea beti da Tourrerako faboritoa. Bost urteko hutsunearen ondoren, Basso Tourrera itzuliko da, podiumean sartzeko asmoarekin. Berak ere onartu du Contador dela faborito argia, eta Armstrong espainiarraren arriskurik handiena. Baina gora begira dago. Historia dauka kontra, 1998tik italiarrek ez baitute lortu urte berean Giroa eta Tourra irabazterik.
Cadel Evans. BMC, 33 urte
Fleche Valona klasikoa irabazi ondoren, bosgarren amaitu zuen Italiako Giroa, etapa bat eta erregulartasunaren maillota eskuratuta. Izugarri sufritu zuen Bassoren mugimendu bakoitzarekin, eta ikusi egin beharko da gorputza bere onera ekartzeko gai izan den edo ez. Gaia badauka, erregularra da, inoiz baino erasokorrago dabil. Baina puntu bat falta zaio.
Lance Armstrong. RadioSchack, 38 urte
Iaz baino sasoi hobean dago, finago -buruz egonkorrago-, eta Pariseko podiumera igotzeko gai izan zen iaz. Talde bikaina osatu du, gainera, eta Contador bakarrik uztea izango du helburu, talde mugimenduekin min egitea. Buruz inor baino gogorragoa da, taktikoki bikaina, eta Suitzako Itzulian erakutsi du gora egin duela. Erlojupekoetan egin dezake herren.
Andy Schleck. Saxo Bank, 25 urte
Tourra irabaz dezakeela sinetsita dago. Igotzaile ikusgarria da, erlojuaren aurka orain gutxi baino dezente hobeto moldatzen da, eta talde sendoa dauka atzean. Lasterketa lehertzeko gai den bakarrenetakoa da, baina hiruzpalau minutu galtzeko arriskua dauka erlojuaren aurkako 60 kilometro pasatxoetan. Hala ere, zortzi garaipenekin iritsi da Tourrera; ikusgarri dabil.