Haren atzetik helmugaratu zen David Herrero (Xacobeo). Bilbotarra 60. kilometroaren bueltan sortutako 13 txirrindulariko ihesaldian sartu zen, baina ezin izan zion Boomi eutsi San Jeronimo mendateko aldapetan. Tropelak, berriz, eguna lasai hartu zuen, Andaluziako mendietan barrena azken hiru egunetan hartutako pasadaren ondoren. Dena den, Alejandro Valverde liderrak (Caisse d'Epargne) susto ederra hartu zuen Jaendik irten eta gutxira. 60 txirrindularik segundo batzuetako aldea hartu zuten, eta han ziren Valverde ez beste faborito guztiak. Taldea tiraka jarri, eta liderrak segituan bat egin zuen sustoa eman ziotenekin.
Boomek, berriz, ez zien sustoa eman iheskideei, baina zur eta lur utzi zituen denak. Helmugarako 20 kilometro falta zirela, San Jeronimoko aurreneko maldetan, Vicente Reynes (Columbia), Dominik Roels (Milram) eta Serafin Martinezekin (Xacobeo) egin zuen aurrera. Boom, ordea, ez zegoen geldi egoteko. Ez zuen lotuta joan nahi eta bere hanka luzeei-1,91 metro luze da- astindua eman nahi zien. Hortaz, jo zuen, eta nola, gainera. Segituan ireki zuen aldea atzekoekiko, eta David Herrero hura harrapatzen saiatu zen arren, alferrik. Gainera, kilometroak egin ahala aldeak handitu zituen.
Planta ederra dauka, eta ordekan bikain moldatzen da. Iaz, Rabobanken kontinental mailako taldearekin lehiatuagatik, Herbehereetako txapelduna izan zen, nola errepideko proban hala erlojupekoan. Aurten onenekin batera ari da, eta Belgikako Itzulia irabazi eta gero, atzo bere ibilbideko garaipenik garrantzitsuena lortu zuen. Rabobankekoek, bide batez, eskertuko zioten. Izan ere, Cervelorekin batera Rabobank taldea da aurtengo Tourrean, Giroan eta Vueltan garaipenak lortu dituen bigarren taldea. Lokatz arrastorik gabe, gainera.
Sailkapenak
HAMABOSGARREN ETAPA1. Lars Boom (Rabobank) 4.12.56
2. David Herrero (Xacobeo) 1.36ra
3. Dominik Roels (Milram) 1.44ra
4. Leonardo Duque (Cofidis) 2.04ra
5. Maxim Iglinski (Astana) d.b.
10. M. Ladagnous (Francaise) 3.23ra
14. Andre Greipel (Columbia) 25.01era
22. Samuel Sanchez (Euskaltel) d.b.
24. Alejandro Valverde (Caisse) d.b.
37. Jose Luis Arrieta (Ag2r) d.b.
43. Haimar Zubeldia (Astana) d.b.
51. Xabier Zandio (Caisse) d.b.
52. David Lopez (Caisse) d.b.
NAGUSIA
1. Alejandro Valverde (Caisse) 65.08.50
2. Robert Gesink (Rabobank) 31ra
3. Samuel Sanchez (Euskaltel) 1.10era
4. Ivan Basso (Liquigas) 1.28ra
5. Cadel Evans (Silence-Lotto) 1.51ra
6. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) 1.54ra
7. Joaquim Rodriguez (Caisse) 5.53ra
8. Paolo Tirango (Lampre) 6.34ra
15. Haimar Zubeldia (Astana) 13.34ra
30. A. Txurruka (Euskaltel) 39.02ra
31. Arkaitz Duran (Fuji) 45.29ra
33. David Herrero (Xacobeo) 45.58ra
41. David Lopez (Caisse) 56.55era