Urte hasieran Carlos Sastrek bilera batera deitu zituen CSC taldeko kirol zuzendariak. Urte askoan morroi lanetan aritu ostean, Frantziako Tourrean taldeko nagusia izatea eskatu zien. Bjarne Riisek gogo gaiztoz onartu zuen Sastreren eskaera, CSC taldeko buruak Frank eta Andy Schleck anaia luxenburgotarrak baitzituen begiz jota ardura horretarako. Baina Sastrek ondo irabazita zeukan aukera bat morroi lanak alde batean utzi eta behingoz taldeak bere alde lan egin zedin. Inork ezin zion leporatu aurreko taldeko nagusien alde izerdia bota ez izana, Tyler Hamilton estatubatuarrarentzat lehenbizi, eta Ivan Basso italiarrarentzat gero.
Konfiantza eskatu eta konfiantza jaso zuen Sastrek. «Niri begira egin dute taldea, eta orain oker ez zeudela erakutsi behar diet», aitortu zuen Tourra hasi baino egun batzuk lehenago. Pozik zegoen espainiarra. Lehenbiziko aldiz, talde oso baten babesa izango zuen, denak haren alde lanean. Babes eta konfiantza hori eskertu beharra zuen nola edo hala. Eta zer hobeto Frantziako Tourra irabaziz, dotore, lasterketako etapa nagusian, Alpe D'Huez mitikoan garaipen ikusgarria lortuz.
Atzo biribildu zuen lana, 53 kilometroko erlojupekoan lan bikaina eginda. Erlojuaren aurka lehian hasi baino lehenago, 1.34ko aldea zuen Sastrek Cadel Evansekiko. Silence-Lotto taldeko australiarra zen espainiarraren aurkari nagusia. Alde polita izan arren, Sastrek bazituen urduri egoteko arrazoiak, Evans espezialista baita erlojupekoan. Aurrekariak ere ez ziren oso onak, atzokoaren aurretik Tourrean jokatutako 50 kilometrotik gorako azken bi erlojupekoetan Sastrek bi minututik gorako aldea galdu baitzuen australiarrarekiko. Halakorik berriz gertatuz gero, Sastrek maillot horia galduko zuen.
CSCkoak, hala ere, aurreikuspen guztiak hankaz gora jarri zituen atzo. Lehen mugarrian, 18 kilometroan, Evansek zortzi segundo eskas atera zizkion. 35 kilometro luze falta ziren aurretik, mundu bat, baina Sastre bide onetik zihoan. Maillot horidunari lasai ikusten zitzaion bizikleta gainean, ia beti eserita, pedal kolpe erregularrarekin. Evans, aldiz, kolpeka zebilen, erritmo bera eraman ezinik. Urduri zegoen australiarra, ematen zizkioten erreferentziak ez baitziren batere onak.
Kilometroak aurrera zihoazen, baita Evansek Sastreri ateratzen zion aldea ere. Baina ez Silence-Lottokoak nahi adina: bigarren mugarrian, 36. kilometroan, 23 segundo atera zizkion. Ibilbidearen herena falta zen oraindik, baina oso zaila zirudien 36 kilometrotan 23 segundo eskas galdu ondoren, azken 17 kilometroetan Sastrek minutu eta 11 segundo galtzea. Eta horrela izan zen, hortik helmugara australiarrak sei segundo eskasetan handitu baitzuen aldea. Sastre lasai helmugaratu zen, eskuineko eskuari musuak ematen eta eskuarekin zerura seinalatzen. Jose Maria Jimenez koinatua izan zuen gogoan, 2003anhildako txirrindulari espainiarra. Harekin hasi zen El Barracon (Avila, Espainia) bizikletan ibiltzen. Gaur, Parisko podiumean, hura izango du berriro gogoan.
Schumacher berriro azkarrena
Pozik Sastre, eta lur jota Evans. Ez da gutxiagorako, bigarren urtez jarraian garaipenaren atarian geratu baita australiarra. Iaz, beste espainiar batek hartu zion aurrea, Alberto Contadorrek hain zuzen. 23 segundo eskasengatik geratu zen podiumeko lehen koskatik kanpo. Atzo kolpe latza jaso zuen australiarrak, erlojupekoaren bezperan oso baikor azaldu baitzen, baikorregi agian. «Dena ondo joanez gero, bi minutuko aldea atera diezaioket Sastreri», bota zuen harro-harro. Hobe zuen isilik egon, zenbait unetan, bigarren postua galtzekotan izan baitzen, Bernhard Kohl austriarrak (Gerolsteiner) berebiziko erlojupekoa egin baitzuen, eta hamabost segundo eskasengatik ez baitzion eutsi bigarren postuari. Denis Mentxov errusiarrak (Rabobank), berriz, laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen, podiumetik kanpo.
Etapa garaipena Stefan Schumacherrentzat izan zen. Gerolsteiner taldeko alemaniarrak ez du aurkaririk izan Tour honetako erlojupekoetan. Lehen erlojupekoan ere bera izan zen onena, eta atzo garaipena errepikatu zuen. 22segundo atera zizkion Fabian Cancellara suitzarrari (CSC). Samuel Sanchezek (Euskaltel-Euskadi), berriz, postu bat egin zuen gora, eta zazpigarren postuan bukatuko du Tourra. Mikel Astarlozak (Euskaltel-Euskadi), aldiz, postu bat egin zuen behera, eta 16. postuan amaituko du lasterketa.
TXIRRINDULARITZA. Morroiak kateak hautsi ditu
Carlos Sastrek eutsi egin dio maillot horiari 53 kilometroko erlojupekoan, eta Frantziako Tourra irabaziko du gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu