TXIRRINDULARITZA. MUNDUKO TXAPELKETA. «Aurten jaso dut kolperik gogorrena»

Espainiako hautatzaileak eskatzen diona egitera joan da usurbildarra Australiara. Badaki lan egitea egokituko zaiola, baina horretan iaioa da usurbildarra.

unai zubeldia
Donostia
2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Denboraldian zehar jasotako kolpe gogorrak goxatzeko oparia izango da Munduko Txapelketa Haimar Zubeldiarentzat (Usurbil, Gipuzkoa, 1977). Frantziako Tourra lapurtu zion Dauphine Libereko erorikoak, eta Espainiako Vuelta antolatzaileek. Itzuli handirik gabe amaituko du denboraldia, baina Australian lan ona egitea eta Lombardiako Giroan egurrean ibiltzea ditu helburu. Momentu bakoitza gozatzen ikasi du.

Urduritasuna, tentsioa, gozamena... Zein da Haimar Zubeldiaren une honetako sentimendua?

Gogotsu nago. Denboraldi honetan gauza dezente galdu ditut, eta horregatik ari naiz bukaera honetan lehiatzen ari naizen guztia gogotsu lehiatzen.

Jose Luis de Santos Espainiako hautzailearen deia jaso zenuen momentua azalduko al zenuke?

Lehen zerrenda egin aurretik hitz egin nuen berekin, Donostiako Klasikoan parte hartu ondoren, eta banekien aukeraren bat eduki nezakeela. Lehendik ere egonda nago Munduko Txapelketan, eta pozgarria da berriz deitzea, ondo lan egiten ari naizen seinale.

Zortzi urte pasatu dira jada Zolderreko Munduko Txapelketan aritu zinenetik. Zeren ondorio da dei hori?

Normalean Vueltatik ateratzen da Munduko Txapelketarako selekzioa. Baina aurten nahiko gogorra izan da Vuelta, eta denbora gutxi egoten da gero indarrak berreskuratzeko. Nik beste egutegi bat eduki dut, eta lehiaketa asko Munduko Txapelketaren antzekoak izan dira, batez ere Kanadako azkenekoak. Aurrean ibili naizela ikusi du, eta horregatik sartuko ninduen bederatzikoan.

2010eko miseria guztiak estaltzeko balio al du esperientzia honek?

Gauza ezberdinak dira, baina denboraldi amaieran ez nuen geratu nahi zapore gazi-gozoarekin. L'Aneko Tourreko garaipenak eta Munduko Txapelketak denboraldia, neurri batean, gozatu egingo dute.

Dauphine Liberen erori ondoren, Tourretik kanpo; Vueltarako gonbidapenik ez... Nola barneratzen dira horrelako kolpeak?

Aurten jaso dut profesionaletako kolperik gogorrena, neure burua Tourra lehiatzeko moduan ikusi ez nuenean. Taldeak neure esku utzi zuen aukera, ahal izan nuen guztia egin nuen, eta oso gogorra izan zen ezintasun hori. Ikusi nuen denbora amaitzen ari zela eta ez nintzela iritsiko. Kolpe handia hartu nuen orduan. Eta hori gainditzeko egunero ondoan daudenengan bilatzen da babesa.

Bere txarrean, Markel Irizarrek eta biok entrenamendu gogorrak egin zenituzten uztailean, eta Donostiako Klasikoak agerian utzi zuen hori. Nolako entrenamenduak izan ziren?

Azken urteotan, Tourrean parte hartu ondoren, abuztuko zatirik handiena Jacan igaro izan dut, Vuelta prestatzeko. Etxe bat daukagu han, eta asko gustatzen zait inguru hura; tenperatura atsegina izaten da, eta mendate onak daude, luzeak. Markelek eta biok han igaro genuen uztaila eta abuztua, eta nahiko entrenamendu onak egin genituen, taldeko medikuekin eta prestatzaileekin elkarlanean. Lesioak egunetik egunera hobera egin zuen, eta gero eta entrenamendu hobeak egin genituen, kalitatea landuz.

L'Aineko Tourreko etapa garaipena eta sailkapen nagusiko lehen postua iritsi ziren gero. Zertan aldatu da Haimar Zubeldia Euskaltel-Euskaditik RadioShackera jauzi eginda?

Aurten, Tourretik eta Vueltatik kanpo geratuta, itzuli txikiagoetara joan naiz, eta emaitzetan hori nabarituko da. Denboraldi amaierara aurrekoetan baino freskoago iritsi naiz, eta, uztailean oso gaizki pasatu nuenez, zerbait demostratu nahia sentitu dut amaieran.

Hala ere, txirrindulari erasokorragoa zarela diote denek, txirrindulari osoagoa zarela.

Nik beti esan izan dut Haimarrek hanka onak izan dituen guztietan jo duela erasoa. Erasorik jo ez izanaren etiketa jarri didate, baina ahal izan dudanean jo dut erasoa. Hala ere, bakoitza den bezalakoa da, eta nik orain ez dut gehiago erasotzen jendeak ez dudala erasotzen esaten duelako. Ez dut uste aldaketa baten ondorioa denik.

Munduko Txapelketari begira jarrita, egin beharreko lana argi daukazue, ezta?

Aurtengo apustua argia da. Freireren gisako txirrindularientzat aproposa da ibilbidea, eta badakigu gogotik lan egitea egokituko zaigula. Nire aldetik ez dago arazorik, eta uste dut oso garrantzitsua dela aurretik argi edukitzea bakoitzaren lana zein den.

Samuel Sanchezen kasuan, adibidez, ez dago arriskurik talde barruko eginkizunak zalantzan jartzeko?

Samueli galdetu beharko zaio hori, baina aukera hori ere badaukagu. Hautatzaileak buruan edukiko du horrelako zerbait, baina Samuelek eta besteok argi eduki behar dugu apustua zein den.

Aurkariez hitz egiten hasita, betikoez hitz egin beharko da, ezta?

Denen ahotan dago Gilbert. Vuelta hasiera oso ona egin zuen, eta asmatu egin du Munduko Txapelketa ondo prestatzen, Vuelta amaieran berriz azaldu baita. Oso indartsu dago. Eta Italia erreferentzia izaten da beti. Australiarrekin ere kontuz ibili beharko dugu, motibazioz gainezka egongo direlako. Iaz eurek irabazi zuten, eta aurten etxean daude. Erantzukizuna hartuko dute momentu askotan.

Handia egiteko aukera daukazue Oscar Freirerekin, inork ez baitu irabazi lau aldiz Munduko Txapelketa bat. Horrek tentsioa sor diezaioke?

Freire ez da jarriko urduri, hori argi eduki dezakegu. Beretzat ona da hain lasaia izatea, horrelako gauzekin ez delako asko arduratzen. Badakigu espezialista dela Munduko Txapelketa ondo prestatzen, eta lan ona egingo du.

Ez da berdina Armstrongen edo Contadorren alde lan egitea, edo esprinter peto baten alde egitea. Baina, tira, azken batean, orain ere lan egitea egokituko zaizu.

Hala da. Lider batentzat edo bestearentzat antzeko lana egin behar izaten da. Gainera, ez dut uste nik azken kilometroetan egin beharko dudanik lan hori. Aurretik kilometro eta egoera asko daude, eta adi ibili beharko dugu.

Norberaren luzimendurako aukera gutxi izango da normalean...

Lan asko eginda ere luzitu daiteke. Munduko Txapelketa ordu askoan ikusten da telebistan, eta lan ona eginda luzitu daiteke.

Zerekin geratuko litzateke gustura Haimar Zubeldia?

Jose Luis de Santosek agindutakoa ondo eginez gero, gustura geratuko naiz.

Munduko Txapelketako podiuma?

Denen ahotan dabiltzanak aipatuko nituzke, nahiz eta ordena ez dakidan. Freire tartean sartuko nuke, Gilbert ere bai, Pozzato...

Gilbert da faborito argia bihar goizean jokatuko den gizonezkoen errepideko proban

U. Z. Donostia

Philippe Gilbert. Besterik ez da entzuten batean eta bestean. Espainiako Vuelta bikaina egin du belgikarrak, eta, Melbourne eta Geelong artean prestatutako ibilbidea aztertuta, beretzat egoki-egokia dela ondoriozta daiteke. Gizonezkoen elite mailako errepideko proba jokatuko da bihar goizaldean Munduko Txirrindularitza Txapelketan, Australian. 257,2 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek.

Melbournen hasiko da proba, Euskal Herrian 01:00ak direnean, eta 82,3 kilometro egin beharko dituzte lehenengo Geelongera bidean. Bertan 11 itzuli emango dizkiote 15,9 kilometroko zirkuituari. Faboritoen zerrenda luzea da: Filippo Pozzato, Giovanni Visconti (Italia), Oscar Freire (Espainia), Fabian Cancellara (Suitza) Cadel Evans, Allan Davis (Australia)...

Mikel Landa 18. postuan

Gizonezkoen 23 urtez azpiko errepideko proba jokatu zen atzo Geelongen, eta Michael Matthews australiarra izan zen azkarrena, 45 laguneko esprintean. John Degenkolb alemaniarrak kolkoratu zuen zilarrezko domina, eta Taylor Phinney estatubatuarrak brontzezkoa. Mikel Landak 18. postuan amaitu zuen proba, irabazlearen denbora bera eginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.