TXIRRINDULARITZA. MUNDUKO TXAPELKETA. TXIRRINDULARITZA

MUNDUKO TXAPELKETA. Euskal txirrindulariak dominen jokotik at direla hasiko da gaur lehia Salzburgon. Erlojupeko probak hasiko dira gaur, eta igandean korrituko dira errepidekoak; lau euskal kirolari ariko dira

Andoni Urbistondo.
2006ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Espero zen berria, baina onartzea kosta egiten da. Lau euskal txirrindularik parte hartuko dute Salzburgoko Munduko Txapelketan (Austria), baina laurak dominak lortzeko jokotik kanpo daude. Haien maila eta motibazioa ikusita, miraria litzateke bakarren batek dominaren bat leporatzea. Tradizioz horrela izan da betidanik, baina Igor Astarloarekin itxaropena nabarmen handiagoa izan da azken urteetan. 2003an Hamiltonen (Kanada) urrea irabazi ondoren, ordea, oraindik etenik ikusi ez duen aldapa behera hasi zuen Ermukoak, eta aurten ez du munduko txapelketan parte hartuko.

Eskumuturrean zeukan lesioa guztiz osatzeko ebakuntza egitea erabaki zuen Astarloak, eta uko egin mundukoari. Espainiako selekzioko maillota soinean dutela, Euskal Herriko lau txirrindularik hartuko dute parte. Eneritz Iturriagaetxebarria izango da lehena.Bizkaitarrak emakumezkoen erlojupekoa korrituko du gaur, baina ez du lan txukuna egiteko itxaropen handirik. Osasunez pattal antzean dabil Fassa taldeko txirrindularia, eta motibazioz sobran ere ez. Uztaila arte korritu ezinda egon zen, mononukleosiagatik, eta azken bi hilabeteetan ondo prestatzen saiatu bada ere, ez du sasoi on-onik lortu. Errepidekoan ihesaldiren bat hartzen saiatuko da Iturriagaetxebarria, onenekin batera helmugaratzea ezinezkoa ikusten baitu.

Naiara Telletxea bizkaitarra eta Josune Murillo nafarra dira beste bi euskal herritarrak. Bikote horren kasuan ere, aurreikuspena ezkor samarra da. Errepidekoan parte hartuko dute biek. Laugarren eta azken euskalduna Beñat Intxausti da, kirol lorpenengatik baino gehiago Saunier Duval taldearekin fitxatzeagatik ezaguna egin den bizkaitarra. 23 urtez azpikoen errepidekoa korrituko du Intxaustik.

PROBA NAGUSIA, IGANDEAN.Gizonezkoen errepidekoa da proba erakargarriena. Igandean jokatuko da, eta 265 kilometro izango ditu. Vinokurov, Valverde, Bettini, Boonen, Steffan Schumacher eta Erik Zabelen izenak entzuten dira. Ibilbidea, ordea, aski gogorra da, eta ezusteko franko gerta daitezke. 22 kilometroko zirkuituak kilometro biko aldapa bi ditu, eta haietako lehenengoan %14ko kilometro erdiko malda gainditu beharko dute profesionalek.

Emakumezkoena eta gizonezkoen 23 urtez azpikoa larunbatean korrituko dira. Gizonezkoen proban bezala, betiko izenak: Karin Thurig, Judith Arndt, Nicole Cooke, Zoulfia Zabirova, Edita Pucinskaite eta, zergatik ez, Jeannie Longo beteranoa.

Erlojupeko probekin hasiko da munduko txapelketa. Emakumezkoena korrituko da eguerditik aurrera, eta bi ordu geroago gizonezkoen 23 urtez azpikoa. Profesionalen proba bihar jokatuko da eta Michael Rogersek are gehiago edertu dezake bere mitoa. Australiarra munduko txapelduna izan da erlojupekoan azken hiru urteetan errenkadan, eta laugarrena lor dezake. Oscar Freire espainiarrak ere laugarren txapela lor zezakeen, baina ez du parte hartuko munduko txapelketan. Aurkariak pozik egongo dira. Bettini, batez ere.

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.