TXIRRINDULARITZA. Munduko Txapelketako liderra ni?

Juanma Garate.
2010eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Inori ez zaizkio gustatzen gaurkoaren gisako etapak. Benetan. Uste dut esprinterrek ere gorroto dituztela horrelako etapak. Ez dira mendiko etapak, baina ez dira esprinterako etapa lauak. Eta, gainera, ez dira etapa aproposak ihesaldientzat. Azken mendatera arteko ibilbidea ez zen oso gogorra, eta, horren eraginez, zaila zen nolako amaiera izango zuen asmatzea. Esprinta? Ihesaldia? Igotzaileren baten garaipena? Arraroak dira horrelako etapak.

Eta tentsio pixka bat izan dugu, gainera, haizeak jotzen zuelako, eta Cofidis tropel buruan lanean hasi delako. Mugimendu horrekin adi-adi jarri gara denok, eta azkenerako dezenteko nekea pilatu dugu. Igoeran garrantzitsua zen ondo kokatuta egotea, eta guri dagokigunez, Denis [Mentxov] adi ibili da, eta Oscar [Freire] saiatu da lehen taldeari eusten. Baina azkarregia zen erritmoa. Ni atzetik aurrera joan naiz, Denisen ondoan egoten saiatzeko. Gainera iristeko pare bat kilometro falta zirenean iritsi naiz haren parera, baina hortxe lehertu naiz. Jaitsieran aurrekoekin bat egitea lortu dut, hala ere, eta gaitz erdi. Garrantzitsua da taldeburuaren ondoan egotea, edozer gauza gertatuta ere.

Esprinterren artean Hushovdek sufritu du gutxien igoeran. Aurreko taldean joan da une oro, eta nabari zen oso indartsu zegoela. Atzo Theo Bosen alde lan egin zuen, beretzat gaurkoa aproposagoa zela jakitun. Theo Bos Herbehereetako txirrindulari gazte bat da, pistan oso abila. Iaz Rabobank utzi eta Cervelora joan zen, baina datorren urtean, berriz ere, Rabobankera itzuliko da.

Eta guri dagokigunez, ea Oscar hasten den sasoi on hori hartzen, Munduko Txapelketa gerturatzen ari baita. Arnasa ezin duela ondo hartu esaten du, ito egiten dela. Baina harengan konfiantza edukitzen jarraitu beharko dugu, atzo esan nuen moduan magoa baita. Eta ez pentsa Oscarrek animo handirik behar duenik. Gaizki badago, gaizki dagoela esaten du eta kito. Gai da logelan sartu eta martxa honetan Munduko Txapelketan liderra nik izan beharko dudala esateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.