TXIRRINDULARITZA. Poesia errezitaldi ederra

Alessandro Petacchik oso erraz irabazi du Vueltako zazpigarren etapa, esprintean, eta ezinean jarraitzen du Mark Cavendishek

unai zubeldia
2010eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Poetarekiko pasioa. Esaldi horrekin saltzen ditu Oriola herriak bere izena eta izana. Miguel Hernandez herriko poeta eta antzerkigile handia jaio zela, ehun urte beteko dira aurten, urriaren 30ean, eta Espainiako Vueltak ere keinu txiki bat egin nahi zion mendeurren horri. Vueltak, eta tropeleko txirrindulari handi batek. Caminando Solo -Bakarrik ibilian-. Elias Letelier Txileko poetaren poesia ezaguna da hori, eta poesia horixe bera eskaini zion atzo Alessandro Petacchi italiarrak (Lampre) Vueltari. Caminando Solo. Lampre taldeak egindako lan onari erremate bikaina eman zion italiar beteranoak -36 urte dauzka-. Tourrean bi etapa irabazi zituen, eta Vueltan ere irabazi du lehenengoa. Atzokoarekin, hogei etapa irabazi ditu dagoeneko Petacchik Vueltan.

Mark Cavendishek (Columbia), berriz, Abandono -Erretiroa- Letelierren beraren poesia eskainiko dio laster Vueltari. Ari da saiatzen, baina ezin du. Irabazi zion Jauheni Hutarovitxek (Francaise des Jeux), irabazi zion Tyler Farrarrek (Garmin), eta irabazi dio Petacchik. Columbiak aurreko etapetan baino itxurosoago lan egin zuen atzo, baina Man uhartekoa bakarrik geratzen da azken zuzengunean, eta galdu egiten da bakar lanean. Eskuinaldetik saiatu zen Petacchiren astinduari erantzuten, baina indarra falta da gorputz horretan.

Horixe eskaini zuen atzoko etapak, aurretik ohiko kontrol lana besterik ez zuelako izan Vueltako zazpigarren etapak. Laugarren kilometroan ihes egin zuten Jorge Montenegrok (Andalucia-Cajasur), Martin Pedersenek (Footon-Servetto), Dominik Roelsek (Milram) eta Vladimir Isaitxevek (Xacobeo Galicia), eta 10.30 minutuko aldea ere eduki zuten, baina esprinta nahi zuen tropelak. Lampre, Columbia, Garmin, Francaise des Jeux... Esprinter asko daude Vueltan, eta amaieran 150 metroko sua nahi zuten denek.

Helmugarako 45 kilometro falta zirela, 3.45 minutukoa zen aldea; 30 falta zirela, 2.40koa; 20 falta zirela, bi minutukoa... Laukoteak uste baino gehiago estutu zuen tropela, baina helmugara iristeko bost kilometro falta zirela amaitu zen lauren ametsa. Azken kilometroetan hainbesteko luzatua hartu zuen tropelak, hautsi egin zen, eta, besteak beste, Xavi Tondok eta Carlos Sastrek (Cervelo) hemezortzi segundo galdu zituzten.

Esprinterrei amaitu zaizkie pixka baterako lanak, Vuelta Xorret de Cati tentera iritsiko delako gaur. Lau kilometro eskaseko igoera da, baina batez bestekoa %11,5ekoa da. %22ko pareta batzuk ere badaude tartean. Gainetik helmugara hiru kilometro besterik ez dago.

Skyren jarraipena, kolokan

Txema Gonzalez Sky taldeko 43 urteko masajista gasteiztarra hil zen atzo, bakterio infekzio batek jota, Sevillako ospitale batean. Lehen albisteen arabera, litekeena da janariren baten germenak erasan eta infekzioa odolera igaro izana. Gonzalez Euskaltel-Euskadin eta Saunier Duvalen ere aritu zen lanean. Minutu bateko isilunea egingo dute gaur.



Sailkapenak

ZAZPIGARREN ETAPA

1. Alessandro Petacchi (Lampre) 4.36.12

2. Mark Cavendish (Columbia) d.b.

3. Juan Jose Haedo (Saxo Bank) d.b.

4. Andreas Stauff (Quick Step) d.b.

5. Tyler Farrar (Garmin) d.b.

26. K. F. de Larrea (Euskaltel) d.b.

28. Pablo Urtasun (Euskaltel) d.b.

NAGUSIA

1. Philippe Gilbert (Omega) 27.12.38

2. Igor Anton (Euskaltel) 10era

3. Joaquim Rodriguez (Katuxa) d.b.

4. Vincenzo Nibali (Liquigas) 12ra

5. Peter Velits (Columbia) 16ra

6. Tejay Van Garderen (Columbia) 29ra

7. Frank Schleck (Saxo Bank) 50era

8. Ruben Plaza (Caisse) 54ra

26. Mikel Nieve (Euskaltel) 2.32ra

41. David Lopez (Caisse) 5.45era



Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.