Baina atzo, Avilan, Vueltako 18. etapan, beste bat agertu zen. Normalagoa izango litzateke Nicolas Rochek (Ag2r), Stephenen semeak, edo Dean Martin ilobak (Garmin) garaipen entzutetsuren bat lortzea; batez ere, atzoko garailea baino ezagunagoak direlako, apur bat gehiago munduratu direlako. Baina ez da hala gertatu. Philip Deignan izan da (Cervelo) Irlandari 17 urte geroago itzuli handi batean garaipen bat eman diona. Azkena Rochek lortu zuen, 1992ko Tourrean, La Borboulen, Frantziako Erdialdeko Mendigunean.
Orduan euripean izan zen, eta atzo ere bai. Euripean, Irlandan ia egunero gertatzen zaien bezala. Rochek kontrario guztiak atzeratu zituen, ia banan-banan, eta Deignanek bakarra, baina bakar horrek Roman Kreuziger (Liquigas) dauka izena. Biak batera heldu ziren Avilara, eta txekiarra faborito izan arren, irlandarrak eutsi zion, eta gero errematea eman.
Talavera de la Reina eta Avila lotu zituen 165 kilometroko etapako ihesaldian ibili ziren biak 40. kilometrotik; Mijares lehen mailako mendatea igotzen hasi zirenetik, alegia. Hamasei txirrindularik egin zuten aurrera. Tartean zeuden Igor Anton (Euskaltel), David Herrero (Xacobeo) eta Bingen Fernandez (Cofidis) euskal herritarrak. Tartea ireki zuten, sei bat minutukoa, atzean Euskaltel lanean hasi zen arren. Baina eguneko azken mendatera iritsita, Boqueronera, eta ia lau minutuko aldea pilatuta, argi zegoen etapa aurrekoen artean jokatuko zela. Philippe Gilbertek (Silence-Lotto) jo zuen, baina jaisten hasterakoan harrapatu zuten, eta Avilara aurretik heldu zirenek atzean utzi. Herrero eurekin bat egitekotan egon zen, baina 50 metro falta izan zitzaizkion.
Caisse d'Epargne ari zen ordurako tropeletik tira eta tira. Baina modu lasaian, estresatu gabe. Faboritoak ez ziren mugitu, ibilbidea aproposa izan arren, eta indar apurrak gorde zituzten gaurko.
Sailkapenak
HEMEZORTZIGARREN ETAPA1. Philip Deignan (Cervelo) 4.19.14
2. Roman Kreuziger (Liquigas) 3ra
3. Jacob Fuglsang (Saxo Bank) 16ra
5. Igor Anton (Euskaltel) 41era
12. David Herrero (Xacobeo) 1.20ra
14. Bingen Fernandez (Cofidis) 4.57ra
19. Samuel Sanchez (Euskaltel) 9.40ra
20. Alejandro Valverde (Caisse) d.b.
30. Haimar Zubeldia (Astana) 9.41era
50. Ruben Perez (Euskaltel) 10.03ra
55. A. Hernandez (Euskaltel) 10.06ra
59. J. Garate (Rabobank) d.b.
71. David Lopez (Caisse) 10.55era
77. A. Txurruka (Euskaltel) 11.15era
NAGUSIA
1. Alejandro Valverde (Caisse) 78.56.42
2. Robert Gesink (Rabobank) 32ra
3. Samuel Sanchez (Euskaltel) 1.10era
4. Ivan Basso (Liquigas) 1.29ra
5. Cadel Evans (Silence-Lotto) 1.51ra
6. E. Mosquera (Xacobeo) 1.55era
7. Joaquim Rodriguez (Caisse) 5.54era
8. Paolo Tiralongo (Lampre) 6.35era
9. Philip Deignan (Cervelo) 7.49ra
10. Juanjo Cobo (Fuji) 10.46ra
14. Haimar Zubeldia (Astana) 13.35era
28. David Herrero (Xacobeo) 39.31ra
29. A. Txurruka (Euskaltel) 44.35era
34. Igor Anton (Euskaltel) 51.55era
40. J. Garate (Rabobank) 59.34ra