Toledon amaitu zen atzoko etapa, Vueltako luzeena (231,2 km), eta azken kilometroari begira zeuden denak. Chia bigarren mailako mendatean behera sortu zen eguneko ihesaldia -Josep Jufre (Astana), Dominik Roels (Milram), Manuel Ortega (Andalucia) eta Xavier Florencio (Cervelo) sartu ziren bertan-, baina esprinterren taldeek bertan behera utzi zuten euren ahalegina. Hori bai, argi zegoen atzoko etapa amaierak ez zeukala esprintik. Ezin zuen eduki. Klasikozale batentzat egindakoa zen Toledoko azken kilometroa. Bai, tartean sartu zen Tyler Farrar (Garmin), baina atzokoa ez zen bere eguna. Mark Cavendishen (Columbia) mesedetan, aurrekoak ere ez ziren neurri berean.
Tropelak harrapatu zuen aurreko laukotea helmugarako hamahiru kilometro falta zirela, eta Lampre, Caisse d'Epargne, Liquigas, Saxo Bank, Footon-Servetto... ia tropel erdia hasi zen tiraka. Tentsioa nabari zen amaiera horretan, eta tentsio horrek ito zuen Ezequiel Mosquera (Xacobeo). Igoeratxoa zeukan etapak amaieran, eta adi ibili ziren Vincenzo Nibali (Liquigas) eta Peter Velits (Columbia). Baina Mosquerak bi horiekiko hamabi segundo galdu zituen helmugan. Nibalirengandik 50 segundora dago orain. Joaquim Rodriguezek (Katuxa) sei segundo galdu zituen, eta Frank Schleckek (Saxo Bank), zulatu batengatik, hamalau.
Bola del Mundon gora, sua
50 segundo. Tarte horixe dago Nibali eta Mosqueraren artean, eta tartean Vueltako 20. etapa, gogor-gogorra. Txirrindulariek Leongo gaina igoko dute lehenengo, 63. kilometroan; Navacerrada gero, 120. kilometroan; eta Bola del Mundon amaituko da etapa. Navacerradatik gora hiru kilometroko zementuzko pista dauka Bola del Mundok, eta %20tik gorako paretak tartean.
Sailkapenak
HEMERETZIGARREN ETAPA1. Philippe Gilbert (Lotto) 5.43.41
2. Tyler Farrar (Garmin) d.b.
3. Filippo Pozzato (Katuxa) 1era
4. Sebastien Hinault (Ag2r) d.b.
5. Peter Velits (Columbia) d.b.
6. Vincenzo Nibali (Liquigas) d.b.
7. Nicolas Maes (Quick Step) d.b.
8. Grega Bole (Lampre) d.b.
15. Joaquim Rodriguez (Katuxa) 7ra
23. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) 13ra
30. K. Fdez de Larrea (Eusk.) 15era
40. Mikel Nieve (Euskaltel) d.b.
114. Frank Schleck (Saxo Bank) d.b.
NAGUSIA
1. Vincenzo Nibali (Liquigas) 80.30.48
2. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) 50era
3. Peter Velits (Columbia) 1.59ra
4. Joaquim Rodriguez (Katuxa) 3.54ra
5. Frank Schleck (Saxo Bank) 3.57ra
6. Xavier Tondo (Cervelo) 4.02ra
7. Nicolas Roche (Ag2r) 4.10era
8. Thomas Danielson (Garmin) 4.12ra
9. Carlos Sastre (Cervelo) 4.28ra
10. Luis Leon Sanchez (Caisse) 5.50era
13. Mikel Nieve (Euskaltel) 9.41era
33. Amets Txurruka (Eusk.) 44.15era