Reala 0. Vila-real 0

Txistuek dena diote

Beste behin, Realak oso itxura eskasa eman du, eta ez du adorerik izan Vila-reali irabazteko. Anoetako zaleek txistu artean agurtu dute taldea

Carlos Vela Realekoa Asenjo Vila-realeko atezainaren aurrean, atzo, Anoetan jokaturiko partidan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
jon eskudero
2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Reala. Rulli; Carlos Martinez, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, De la Bella; Pardo, Granero; Prieto, Zurutuza (Canales, 66. min.), Vela (Chory Castro, 76. min); eta Agirretxe (Finbogasson, 82. min).

Vila-real. Asenjo; Mario, Dorado (Rukavina, 57. min.), Victor Ruiz, Jokic; Jonathan Dos Santos, Trigueros, Pina, Costa (Fran Sol, 78. min.); Gerard Moreno (Moi Gomez, 69. min.) eta Campbell.

Epailea. Gil Manzano. Txartel horiak: Vila-realeko J. Dos Santosi, Triguerosi eta V. Ruizi.

Bestelakoak. 17.073 ikusle Anoetan.

Bururik gabeko oilaskoaren gisan, noraezean dabil Reala. Galduta. Inork finkatu gabeko noranzkorik hartu ezinda. Eta halaxe ibili zen atzo ere, Anoetan, Vila-realen aurka. Bigarren zatian hainbestean, baina lehenengoan gaizki jokatu zuten txuri-urdinek. Oso gaizki. Eta emaitza bera izan zen onentsuena azkenean: husnakoa. Ordea, emaitzatik haratago, partidak utzi zituen hausnarketarako kontuak. Realak ba al daki zertara jokatzen duen? Jokalariek ba ote dakite zer nahi duen David Moyesek? Ez da erraza erantzutea, besteak beste, taldeak berak galdera gehiago sortzen dituelako erantzunak baino. Kontua da lehengo lepotik duela burua Donostiako taldeak, eta denboraldia ahalik eta lasterren amaitzea dela gerta daitekeen gauzarik onena.

Ziurrenik, neurketako minuturik onenak hasieran bertan jokatu izango zituen Realak. Gol aukerarik sortu, ez zuen sortu, baina, egiari zor, lehen ordu laurdenean erritmo onean jokatu zuen, eta aginte makila hartuta, baloiaren jabe izan zen. Gutxirako, ordea. Vila-realek aski izan baitzuen zelaian ongi kokatu eta konfiantza pixka bat hartzea egoera aldatzeko. Hasierako hamaikakoan aldaketa ugari eduki arren, urpekari horiak azkar demonio erakutsi zuen Reala baino gehiago zela, eta 22. minutuan izan zuen lehen gol aukera garbia. Pinak langaz gora bidali zuen baloia buruz. Hori bai, gerora0-1ekoa egiteko makina bat aukera izan zuen. Atsedenaldira bitarte jaun eta jabe izan zen, eta batzuetan aurrelariek asmatu ez zutelako eta besteetan Rulli agertu zelako, husnako emaitzarekin erretiratu ziren bi taldeak aldageletara.

Emaitza berarekin bai, baina ez aldarte berarekin. Ezta inondik ere. Izan ere, haserreak bultzatuta edo, Realeko zaleek txistu egin zieten etxeko jokalariei. Eta entrenatzaileari ere bai. Ez zen harritzekoa. Azken aldian gertatu bezala, oso erakutsi baitzuten txuri-urdinek joko tristea. Tristea eta distirarik gabekoa. Hitz batean, lo hartzeko modukoa. Hortaz, Moyesek bazuen buruari eragiteko motiborik atsedenaldian.

Ordea, Realak bizi duen arazoa ez da ordu laurdenean konpon litekeena. Sakonagoa da. Txistuek bultzatuta edo, taldeak itxura hobea eman zuen bigarren zatian. Ongi hasi zen, fresko, eta Granerok faltaz zein Iñigok buruz garaipenaren gola egiteko aukerak izan zituzten. Canalesek ere beste grazia bat eman zion taldeari, eta Asenjo estu ipini zuen behin baino gehiagotan. Hori bai, inork golik merezi izan bazuen, Vila-realek egin zituen horretarako merituak. 88. minutuan epaileak baliorik gabe utzi zien gol bat kanpotarrei, jokoz kanpokoa adierazita.

Gauzak hala, aldarte tristearekin bisitatuko du Realak etzi San Mames. Gaitza sendatzeko plaza ona dauka bada, aukeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.