Elkarrizketa

Txomin Perurena: "Gure garaian, agian, gaur baino errazagoa zen profesionaletan sartzea"

Bi oinen gainean baino denbora gehiago egin du Txomin Perurenak bi gurpilen gainean. "Ume ginela, jendeak taberna kanpoan utzitako bizikletak hartzen genituen". Oso gazterik egin zuen afizioa ofizio, eta, gaur egun, oraindik irribarre batekin gogoratzen ditu txirrindulari izandako garaiak.

arantxa elizegi egilegor
2013ko uztailaren 28a
18:23
Entzun

Kirola gustuko zuelako hasi zen bizikletan ibiltzen, inoiz profesional izango zela pentsatu ere egin gabe. Hura da, ordea, Euskal Herriak emandako txirrindulari handienetako bat. Haren palmaresean ageri dira, besteak beste, Giroan, Espainiako Itzulian eta Euskal Herrikoan irabazitako etapak. Aspaldian, baina, gordeta du bizikleta: "Lehen nire lana zen, eta arriskuak onartzen nituen, baina orain gauzak asko aldatu dira".

Oiartzunen jaio zen, 1943an, eta Astigarragan, Madrilen eta beste dozenaka tokitan ibilia da... Nongoa zaren galdetzen dizutenean, zer erantzuten duzu?

Ni beti oiartzuarra. Nahiz eta han baino denbora gehiagoan bizi izan Donostian eta Madrilen, ni beti izango naiz oiartzuarra.

Hori odolean eramaten da?

Bai; nik, behintzat, bai.

Deitu, aldiz, Astigarragako lehoia deitzen omen zizuten...

Bai, halaxe deitzen ninduten bai. Baina badira urte mordoska hortatik.

Zu txiki-txikitatik ibiltzen omen zinen bizikleta gainean, enkarguen aitzakian.

[Barrez]. Bai. Ahal genuena egiten genuen. Gu txikitan Altzibarren bizi ginen (Oiartzun), eta, jendea tabernan sartzen zenean, maiz bizikletak kanpoan uzten zituzten, eta, gu mutil kozkorrak, isil-isilik haiek hartu eta atzera eta aurrera ibiltzen ginen, eta gero, ahal bazen, inor konturatu aurretik lehengo lekura itzuli. Askotan, gainera, bizikletako katearekin trabatu, zikindu eta min hartu ere bai. Jendeak bazekien nola ibiltzen ginen, besteren bizikletekin, baina ezagutzen gintuzten, eta ez ziguten gauza handirik esaten.

Orduan bizikleta edukitzea, BMW bat edukitzea bezala izango zen.

Gehiago ere bai. Bizikleta ez zuen edonork. Niri ilusio handiena egiten zidan amaren lehengusu bat Irundik Oiartzunera etortzen zenean, bere bizikleta gainean. Halakoetan, haren bizikleta hartuta ibiltzen nintzen batera eta bestera. Baina haren senarrak ere bazuen familia auzoan, eta haiek ere bizikletan ibili nahi izaten zuten, eta hantxe biltzen ginen borrokan. Hura izaten nuen nik ilusio handiena. Gero, bai; gerora erosi zidaten bizikleta mista bat; badakizu, neska eta mutilentzat balio duen horietakoa, eta harekin, bai, harekin joaten nintzen erosketen aitzakian Errenteriara eta Astigarragara.

Eta lehen bizikleta hura nolakoa zen?

Lehenengo karreretako bizikleta Astigarragako Bentan bizi ginela erosi nuen, Matxainen.

Eta noiz bihurtu zen afizioa ofizio?

Bueno, guk bagenuen —oraindik badugu—, taberna bat Astigarragako Bentan, baina niri ez zitzaidan hango lana gehiegi gustatzen, eta Errenterian Madalenako ermitan aurrean zegoen tailer batean hasi nintzen lanean 14 urterekin, eta, handik gutxira, 16rekin bizikletan.

Garai hartan arraroa izango zen euskaldun bat bizikletatik bizitzea, ez?

Ez, horrenbeste. Luis Otaño bera ere txirrindulari handia zen ordurako, eta, niretzat, harekin korritzea izugarria izan zen. Maisu izan nuen orduan, baita gerora ere. Hasieran, egia da, ez nuen pentsatzen non bukatuko nuen, bizikleta gustatzen zitzaidan, eta aukera aprobetxatu nahi nuen, besterik ez. Baina, apurka, konturatzen zara bazoazela gora eta profesionaletara iristen zarela. Baina ez zen horren arraroa hortaz bizitzea. Agian, gaur baino errazagoa zen profesionaletan sartzea. Orduan, apur bat ahalegintzen zenak errazago zeukan goi mailan sartzea gaur egun baino. Egun, tamalez, asko atzean geratzen dira profesionaletan korritzeko gai diren ere jakin gabe, eta hori pena da.

Pentsa liteke ba errazago izan beharko lukeela profesionaletan aritzea, egun dauden diru laguntzekin eta.

Bai, hala dirudi baina ez da hala. Ez niretzat, behintzat. Gaur egun, bizikletan hasteko laguntza asko daude; garai batean, norberak bere poltsikotik jarri behar zuen. Neronek ere amari esker egin nuen; aitak jakin izan balu zenbat balio zuen aldagailuak edo tubular batek, botako zuen txatarretara bizikleta! [Barrez]

Zuk eskola ere ez omen zenuen gehiegi maite.

Bueno, hori ere ez da. Ni hasieran gustura joaten nintzen eskolara. Oiartzundik Astigarragara joan ginenean, nik izeba batekin egin nituen urte pare bat, eta orduan oso gustura joaten nintzen, baina gero Errenteriara bidali ninduten, arteak eta ofizioak ikastera, eta han ez, han ez nengoen batere gustura. Han zeuden gazteak ni baino aurreratuago zeuden, eta ni ez nintzen eroso sentitzen. Gerora, berriz, ibilian ikasi dut dakidana.

Oso gazterik oso urrutira ee joan zinen, Japoniaraino.

Bai, baina horren aurretik ere izan ziren beste bidaia batzuk gehiago markatu nindutenak. Askotan galdetzen didate zein karrera izan den hoberena, eta agian, niretzat, hoberena izan da herri txiki batean korritutakoa, nahiz eta ezaguna izan ez. Azkenean esperientzia da geratzen zaizuna, toki bakoitzean bizitakoa. Eta nik hemendik kanpora egindako lehen bidaia Kantabriarakoa izan zen, eta han izan ginen Puente Viesgon eta beste hainbat tokitan. Espainiako txapelketa bat korritzera joan ginen, baina baita tokiak ezagutzera ere, lehen aldiz izan ginen Santanderren eta zinera ere joan ginen. Eta gero Japonia; bueno hura inoiz ikusi gabekoa izan zen, Ilargira joatea modukoa. Baina ez zen dena gozoa izan, nik Olinpiadetan korritzea espero nuelako, eta azken unean gazteegia nintzela-eta atzera bota ninduten, eta ezin izan nuen parte hartu. Hala ere, bidaia ez zait inoiz ahaztuko.

Eta handik gutxira, 1966an, profesionaletan sartu zinen.

Bai, 22 urterekin. Fagorren hasi nintzen. Afizionatuetan azken urtea talde horretan bertan egin nuen, baita profesionaletako lehena ere. Orduan, normala zen lehen urtean Espainiako Buelta korritzea, baina niri Tourra egiteko aukera ere suertatu zitzaidan. Lehen urte hartan etapa pare bat irabazi genituen, eta taldekako sailkapenean ere txukun ibili ginen. Esperientzia polita izan zen, nahiz eta karrera bera gogorra izan.

Eta lehen tour hura nola gogoratzen duzu?

Nire zenbakia ere gogoratzen dut, 59a zen. Arazoak izan nituen belaunarekin, eta amaitzeko egun gutxi batzuk falta zirela negarrez egon nintzen, uste nuelako ezin izango nuela bukatu. Baina medikuek txertoa jarri zidaten, eta hura erremedio santua izan zen, harri esker ondo ibili nintzen. Aukera izan nuen tourreko etapa bat irabazteko ere, baina minak eragotzi zidan. Nik uste dut orduan bakarrik izan nuela halako aukera, baina galdu egin nuen. Bestela, tourra ondo bukatu nuen, 18. egin nuen eta Otañok ere etapa bat irabazizuen.

Profesionaletarako jauziak etxetik kanpo denbora asko igarotzea esan nahi zuen. Izaten al zenuen etxe-minik?

Ni gustura nengoen etxetik kanpora. Egia esanda, askotan harrituta geratzen naiz jendeak, eta batez ere gazteek, etxearekiko zer lotura duten. Etxea gero ere han izango duk motel! Nik ez nuen inoiz arazorik izan kontzentrazioetara-eta joateko; arrantzaleek ere antzera egiten dute, haiek hiru eta sei hilabete egiten dituzte kanpoan bakailaoa arrantzatzera joaten direnean. Guri etxetik irteten ginenean kaskoa eta pasaportea hartzeko esaten ziguten, orduan hura ez zen beharrezkoa hemen, baina Herbehereetan eta Belgikan bai. Beraz, gehienetan ez genuen jakiten nora joango ginen, edota noiz itzuliko ginen.

Orduan lasterketak bestelakoak al ziren?

Ez dakit ba zer esan, lehen ere bi gurpilen gainean pedalei eragin beharra zegoen, eta orain ere bai. Gaurko egunean, agian, laguntza gehiago daude, baita aholkularitza ere. Janariarekin ere kontu handiagoz jokatzen da; gure garaian haragia eta halakoak gehiegi jaten ziren. Orain, garbitasunari ere garrantzia handiagoa ematen zaio, taldeek badituzte txirrindularien kuloteak garbitzeko garbigailuak, eta orduan norberak berea garbitu behar izaten zuen karrera bukatutakoan, eta, ondorioz, furunkuloak eta halakoak normalak izaten ziren. Orain, aldiz, ez.

Zu karrera asko egindakoa zara, eta batzuk, gainera, etxe ondoan. Bereziak ziren horiek?

Zorte hori izan genuen guk. Egia esanda, Gipuzkoatik kanpora oso gutxitan joaten ginen, Bizkaia aldera apur bat, Nafarroara beste pixka bat, eta kanpora oso gutxi, itzuliak eta halakoak zirenean bakarrik. Gainerakoan, hemen inguruan ibiltzen ginen. Orduan, hemen proba asko izaten ziren, baina egun, tamalez, galtzen ari dira. Baina, bai, bereziak ziren etxe ondotik pasatzen zirenak. Pentsatu, gu haurrak ginela, karrerak ikustera joaten ginen etxe ondotik pasatzen zirenean, bidoiak ematera eta abar. Eta euria zenean eta goitik behera etorri behar zutenean, goian jarri beharrean behean jartzen ginen nola erortzen ziren ikusteko.

Orduan, gainera, ura ez zen botiletan ematen, baldeetan, baizik.

Bai, baldekada ur botatzen genien, baita baldea bera ere behin baino gehiagotan. Ez nolanahiko baldeak, gainera, galbanizatutakoak, pisuak. Baina hori haurrak ginenean bakarrik ez, baita gerora ere. Ura botatzen hasi, eta baldeak ihes egin! Pentsa ze kolpea azpian harrapatzen zuenak, eta ze pilaketak sortzen genituen!. [Barrez]

Eta dopina, ba al zen halakorik garai hartan?

Gure garaian estimulanteak ziren, ikasleek ere hartzen zituzten, baita guk ere. Gainera, hasierako urteetan ez zen batere kontrolik egiten, eta denek hartzen zituzten halakoak. Gero, kontrolak egiten hasi ziren, eta hortik aurrera ahal zuenak ahal zuena egiten zuen. Batzuek hartzen jarraitu zuten,eta besteek ez. Azkenean, betikoa da, norberak badaki zer egiteko gai den, eta hoberen egiten saiatzen da, eta beti dago tentazioa hobetzen lagunduko dizuten gauzak hartzeko. Baina, zorionez, desagertuz doaz produktu horiek guztiak.

Baduzu lasterketa bat bereziki goxo gogoratzen duzuna?

Irabazitakoak asko izan dira, eta gehienak ilusio handia egin didate. Baina askotan ilusio handiagoa egin didate lasterketa txikiek karrera handiek baino. Gogoan dut Espainiako txapelketa bat, herrien artekoa, eta batean hiru oiartzuarrek irabazi genuen. Gerora izan ziren bestelako garaipenak, Espainiko Bueltan eta Tourrean, besteak beste, baina hura maitasun bereziarekin gogoratzen dut.

Egindako ibilbidean txirrindulariak ere asko ezagutuko zenituen.

Bai, nik uste dut orduan gure arteko harremana bestelakoa zela, eta gure artean lagun asko egin genituela, nahiz eta elkarren aurka lehiatu.

Merckx omen zenuen zuk jainkotzat garai hartan.

Bueno, haren historia ere halakoa zen. Inork ez du zalantzan jartzen hura jainkoa zenik. Txapeldun izugarria zen, eta gurekin ez zuen inoiz arazorik izan. Oso harreman ona genuen. Hasierako taldeetan ez zegon lidergorik, denak geunden maila beretsuan, eta oilarra falta genuen. KASen, esaterako, [Jose Manuel] Fuente etorri arte ez genuen lider sendorik, nahiz eta talde moduan lotura handia genuen.

Etxekoek ez zizuten esaten noiz arte jarraitzeko asmoa ote zenuen?

Egia esanda, profesionaletako azken urtea niretzat sobera egon zen, baina beharra geneukan, eta beste urtebetez jarraitzea erabaki nuen. Gero, berriz, KASek garbiketa handia egin zuen; lehenengo urrezko dominak eman zizkiguten, eta, handik gutxira, ostikoa beterano guztiei.

Bizikletatik jaitsi eta taldeak zuzentzen hasi zinen. Ezin txirrindularitza utzi.

Bai, zuzenean hasi nintzen gainera, 79an, Tekarekin. Txirrindulari izateari utzi nion urte berean hasi nintzen taldea zuzentzen.

Zer da gogorrago aldapak igotzea edo taldea zuzentzea?

Taldea zuzentzea, dudarik gabe. Bizikleta gainean zoazenean, zure gorputza eta zure arazoak dira kudeatu beharrekoak, baina talde bat zuzentzerakoan beste guztien arazoak zure bihurtzen dira. Pentsa, nik txirrindularitza utzi arte, ilea ugari nuen, baina handik bi urtera ia dena joan zitzaidan, eta horrek ere zerbait esan nahiko du! [Barrez]

Kritikak eta haserreak ere ez dira gutxi izango.

Bai, beharrezkoak eta beharrik gabe egindakoak entzun behar dira, eta hori gogorra da norberak bakarrik eramateko. Baina lantegi eta kirol guztietan gertatzen dira halakoak, ez bakarrik txirrindularitzan.

Zuzendu zenituen taldeen artean bat aukeratu behar izanda?

Denekin ibili nintzen gustura, eta ez nuke bat besteen gainetik jarri nahiko. Baina Orbea berezia izan zen; agian, une txar baten ondoren etorri zelako Peli Egañak emandako aukera, edo, agian, gure artean ere harreman berezia sortu zelako. Lagun arteko talde bat izan zen hura.

Orain, batere hartzen duzu bizikleta?

Egia esanda, izan badut bizikleta, baina ez dut batere ibiltzen. Nahiago dut oinez ibili astean lau edo bost egunetan. Bizikletan arrisku handia ikusten dut askotan. Autoak ere gehiago dabiltza, eta, askotan, konturatzerako batek aurretik eramaten zaitu. Bere garaian nire langintza zen, eta normaltzat jotzen nituen arrisku horiek, baina orain ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.