Txirrindularitza

UCIk Froome absolbitu du

Skyko txirrindulariak salbutamolarekin eman zuen positibo iazko Espainiako Vueltan, baina UCIk onartu egin ditu ziklistak aurkeztutako probak, Munduko Dopinaren Aurkako Agentziak (WADA) hala gomendatuta. Froome, beraz, Frantziako Tourreko irteeran izango da larunbat honetan. 

2018ko uztailaren 2a
06:57
Entzun

Askatu da korapiloa. Chris Froome Sky taldeko txirrindulari ingelesak (Sky) ez du zigorrik jasoko iaz Espainiako Vueltan salbutamolarekin positibo emateagatik. Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) gaur eman du haren auziaren epaia, eta Froome absolbitzea erabaki du. Horrek bi ondorio ditu: bata, ez diotela kenduko ez iaz irabazitako Espainiako Vuelta, ezta aurten eskuratutako Italiako Giroa ere; bestea, Froomek ez duela arazorik izango larunbat honetan Frantziako Tourrari ekiteko. 

UCIk jakinarazi duenez, Froomek aurkeztutako frogak aztertu ondoren hartu du erabakia. Txirrindulariak azaldu zuenez, asma du aspalditik, eta Vueltan lehiatzen ari zela, asmak ohi baino kalte handiagoa eragin zion. Hala, taldeko medikuarekin kontsultatu ondoren, salbutamol gehiago hartzea erabaki zuten. Horren ondorioz, mikrogramu salbutamol muga gainditu zuen: 2.000koa eman zuen, gehienezko muga halako bi. Horren aurrean, UCIk kontsulta egin zion Dopinaren Aurkako Munduko Agentziari (WADA). Erakunde horrek joan den ostegunean jakinarazi zion UCIri haren adituek egindako ikerketen arabera, Froomeren positiboa ez zela izan nahita egindakoa. Lau egun geroago eman du UCIk erabakia.

UCIk agirian dio nahiagoko lukeela erabakia lehenago hartu izana, baina auzia luzatu baldin bada Froomek "prozesu justu" bat izan zezan luzatu dela. Halaber, UCIk dio "ulertuko" duela erabakiak eztabaida eragingo duela, baina argi utzi nahi du erabakia "adituen, WADAren gomendioen eta kasuaren ikerketa zehatz baten ondorioa" dela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.