Uda gorria

Osasunak gaur jakingo du zein talde izango duen aurkari Txapeldunen Ligara sailkatzeko kanporaketan

JON ORDOñEZ IRUñEA
2006ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Uztailaren 3an hasi zuen Osasunak 2006-2007 denboraldiko prestaketa. Sanferminak amaitu ondoren egin ohi du normalean, baina aurten aurreratu egin zaio denboraldi-aurrea. Abuztuaren 8an edo 9an hasiko du Iruñeko taldeak ofizialki denboraldia. Egun horietako batean Txapeldunen Ligarako sailkatzeko kanporaketa hasiko du. Gaur jakingo du zein talde izango duen aurkari, UEFAk Nyonen (Suitza) eguerdian egingo duen zozketan.

Joaneko partida jokatuko du Osasunak abuztuaren 8an edo 9an, eta itzulikoa, abuztuaren 22an edo 23an; zozketak esango du. Gainontzeko euskal taldeak baino hiru aste lehenago hasiko da partida ofizialak jokatzen, eta lehen bi partida horien garrantzia aintzat hartuta, denboraldi-aurre ezberdina ari da izaten aurtengoa Iruñean. Osasunaren historiako partida garrantzitsuenetako bi izan daitezke, baldin eta kanporaketa gainditzen badu. Osasunak ez du inoiz Txapeldunen Liga jokatu, eta ligaxka fasean parte hartzeak onura handia egin diezaioke klubari.

Normalean denboraldia hasi baino sei aste lehenago hasten du Osasunak denboraldi-aurrea. Aurten denbora tarte horri eutsi diote, baina Txapeldunen Ligarako kanporaketak exijitzen duen egutegira egokituta. Lehen bi asteak fisikoak izan ziren. Lehen taldeko jokalari eta arduradunak Boltañan izan ziren (Espainia), Pirinioetan. Hirugarren astean bi lagunarteko jokatu zituzten Eskozian. Hiru jokatu dituzte guztira: lehenengoa galdu ezin zuten, bigarrena berdindu, eta hirugarrena irabazi.

Partida horietan jokalariak txandakatu egin ditu Jose Angel Ziganda entrenatzaileak. Txapelketarik ez dagoenez, entrenatzeko gogo falta betetzen saiatzen dira prestaketaren arduradunak, aspertu eta motibazioa gal ez dezaten. Jokalariei psikologikoki lanean hasteko prest egotea eskatu zieten maiatzean. Horretarako, oporretako azken egunetan etxean betetzeko plangintza berezi bat eraman zuten.

Denboraldi-aurrea lau zatitan banatu du Osasunak. Lehenengoan azterketa fisikoa egin zieten jokalariei. Bigarrenean fisikoa landu zuten. Hirugarren zatia entrenamenduek eta lagunartekoek osatzen dute. Laugarrena Txapeldunen Ligarako kanporaketak jokatu eta Espainiako Liga hasi bitartekoa izango da.

Abuztuaren 27an hasiko du Espainiako Liga Osasunak, eta ekainaren 17an amaituko du. Oreka bilatu nahi dute taldeko arduradunek, zortzi hilabete eta erdi horietan jokalariek pot egin ez dezaten. Horretarako aurretik jada iragarri dute, denboraldi-aurrean bezala, denboraldian zehar ere jokalariak txandakatuko dituztela. Gainera, 48 aste horiek hamar edo hamabi asteko zikloetan banatu dituzte, eta horiek, hiru edo lau asteko ziklo txikiagoetan. Ziklikoki lortzen dituzten emaitzen arabera antolatuko dute hurrengo zikloko lana.

Txapeldunen Ligarako txartelak, ordea, ahalegin berezia merezi du, eta kanporaketa bereziki ari dira prestatzen Osasunako jokalariak. Joaneko partidan nahi dute bideratu sailkatzea, konfiantza hartu eta egindako lana neurtzeko. Hasiera batean, sei asteko prestaketarekin abuztuaren 8an edo 9an sasoi betean jokatzeko moduan egon beharko lukete. Buru-belarri egotea nahi dute taldeko kirol arduradunek, jokoaren erritmora egokitzeko prest. Garrantzitsua izango da hori, batez ere aurreko sailkapen fase batzuetatik datorren aurkaria egokitzen bazaio edo Europako ekialdeko talderen baten kontra jokatzen badute, han liga txapelketak hasiak baitaude.

TALDE ONENEN ONTZIKO AURKARIA. UEFAk talde bakoitzari ematen dion koefizientearen arabera banatuko dira taldeak ontzietan gaurko zozketan, eta bigarren ontzietakoek lehen ontzietako aurkariak izango dituzte. Bukaresteko Steaua, Kieveko Dinamo, Sofiako Levski eta Fenerbahce oraindik hirugarren kanporaketara iritsi ez diren arren, euren koefizientearen postua gorde egiten du UEFAk, bigarren kanporaketan kanporatzen badituzte euren aurkariei emateko. Ondorioz Osasuna zozketako bigarren ontzian egongo da gaur, nahiz eta aurretik koefiziente txarragoa duten taldeak egon daitezkeen.

Gaur jakingo du Osasunak zein duen aurkari, eta zozketak kanporaketa prestatzen harrapatuko du. Stade Roazhonen aurkako lagunartekoa jokatuko du gaur, An Orianten (Bretainia), 19:00etan, denboraldi-aurreko laugarrena. Gorritxoen espedizioan kide berri bat egongo da, Javad Nekouman atzo eguerdian iritsi baitzen Iruñera. Erdilari irandarrak hamaika arazo izan ditu jaioterritik irteteko, baina zorionez, azkenean dena konpondu da. Goizean abiatuko da Osasuna hegazkinez Bretainiarantz. Bidean izango dute iruindarrek zozketaren berri. Gaur aste eta erdi besterik ez da geratuko kanporaketako joaneko partidarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.