Udaberrian sartuko da gaur tropela, Milan-San Remon

Cipressa eta Poggioren baimenarekin, esprinterren paradisua izango da gaur sasoiko lehen klasiko handia

unai zubeldia
Donostia
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Classicissima. Bost monumentuetako bat. Udaberriko klasikoa. Urteko lehena. Italiarren paradisua. Horixe da Milan-San Remo. Hori dena. Lau koskarekin, Turchino, Le Manie, Cipressa eta Poggiorekin, 298 kilometroko klasiko samurra da. Nazioarteko lasterketarik luzeena. Azken 30 kilometroetan sartuta igo beharko dituzte Cipressa eta Poggio. 5,6 kilometro eta %4,1eko batez bestekoa dauzka lehenak —%9,1eko tarte bat ere badauka—, eta 3,7 kilometro eta %3,7ko batez bestekoa azken igoerak —%8ko tarte bat ere bai—. Sei kilometro eskas daude Poggioko pankartapetik San Remoko helmugara, eta hor sortzen dute urtero sua klasikozaleek.

Baina esprinterren txokoa da Milan-San Remo. Azken urteetako garaileen zerrendari begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko: Matthew Gossek (Greenedge) irabazi zuen iaz; Oscar Freirek (Katuxa) 2010ean, 2007an eta 2004an; Mark Cavendishek (Sky) 2009an; Filipo Pozzatok (Farnese Vini) 2006an; Alessandro Petacchik (Lampre) 2005ean... Azken zortzi urteetan klasikozale bakarra sartu da esprinterren tartean: Fabian Cancellara (RadioShack), 2008an. Horiek guztiak ageri dira faboritoen zerrendan. Baita hauek ere: Peter Sagan (Liquigas), Tom Boonen (Omega Pharma), Andre Greipel (Lotto-Belisol), Edvald Boasson Hagen (Sky), Elia Viviani (Liquigas), Philippe Gilbert (BMC), Tyler Farrar (Garmin Barracuda)... Horixe baita Milan-San Remo, klasikorik errazena, ibilbidea aintzat hartuta, baina gogorrena ere bai, faboritoen zerrenda luzeak eraginda.

Hamar euskal txirrindulari

Euskal herritarrentzat ez da samurra izaten denboraldiko lehen klasikoan zer edo zer egitea. Baina Cipressa eta Poggioko azken zalapartan aurrean ibiltzeko talde aproposa osatu du Euskaltel-Euskadik: Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Ruben Perez, Amets Txurruka, Juanjo Oroz, Iban Belasko, Mikel Landa eta Jon Izagirrek osatuko dute taldea. Markel Irizar ere (RadioShack) han izango da, Cancellarari laguntzeko, eta Patxi Vilak ere parte hartuko du (Utensilnord Named).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.