Udazkena ere beroa dator

Baskoniak Maccabi Tel Aviv, Partizan Belgrad, Asseco Prokom eta Zalgiris Kaunas izango ditu aurkari Euroligako lehen fasean

Andoni Urbistondo.
Donostia
2010eko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Ikasle onenen legez, Euroligak urteroko etxeko lanak fin-fin egiten ditu oraindik. Bukatu berri den denboraldiko burrunba ahaztear dagoela, Europako talde onenak biltzen dituen lehiaketak hurrengo denboraldiko zozketa egin zuen bart Bartzelonan. Uda betean, udazkena, negua eta udaberriari begira jarri dute saskibaloia, 2010-2011 sasoiko Euroligako talde zozketa eginez. Kirol arlotik begiratuta, garrantzi apala du zozketak. Tramitea baino ez da, baina abian jarri da gurpila, eta dagoeneko ez da etengo. Liga erregularra urriaren 20an hasiko da, hiru hilabete barru, baina liga horretan parte hartu nahi duten talde apalenen atariko kanporaketak hilabete lehenago jokatuko dira: irailaren 21ean.

Atarikorik ez du jokatuko Euroligako euskal ordezkari bakarrak, Baskoniak. Arabako taldeak beste talde handiekin batera ekingo dio lehiaketari, urriaren 20a inguruan. Inguruan, egun batzuk lehenago NBAko bi partidak jokatuko dituelako. Baskoniak zerrendaburu izaera zeukan atzo zozketan, azken urteetan Euroligan egin duen bide distiratsuari esker, eta pribilegio horri esker, zozketak nahiko talde erosoan kokatu du.

Erosoa, teorian, gaur-gaurkoz talde bat hobea edo txarragoa den jakitea ezinezkoa delako. Denak ari dira taldea osatzen, eraikitzen, fitxaketak aztertzen, eta gutxienez hilabete pare bat joango dira taldeek euren jokalari zerrenda erabat osatzeko. Baskoniak berak du arazo gutxien alor horretan, zortzi-bederatzi jokalariko bizkarrezur trinkoa baitu. Ezin esan antzekorik Baskoniaren multzoan ariko diren beste taldeen inguruan: Maccabi Tel Aviv, Partizan Belgrad, Asseco Prokom, Zalgiris Kaunas eta atariko fasetik txartela lortuko duen beste talde bat.

Maccabirekin hasita, israeldarrak eraldakuntza prozesu betean murgilduta daude erabat. Europako elitetik kanpo dabil azken bizpahiru urteetan, eta horrekin nahiko ez, eta bere herriko liga ere lapurtu egin diote bukatu berri den denboraldian. Pini Gerson sutsua aulkitik bulegora mugitu dute, eta David Blatt ingelesa fitxatu dute. Zurrumurru franko haizatu da azkenaldian taldearen inguruan: D'Or Fischer estatubatuarrak taldea utziko duen edo ez, adibidez. Ziurra da Kisniwesky galduko dutela (Efes Pilsenek fitxatu du) eta Eliyahu ez dela bueltatuko, Baskonia ez dagoelako halakorik egiteko prest.

Argigarriagoa da Partizanen kasua. Serbiako taldeak Lauko Finala jokatu zuen Parisen, eta Olympiacos bide bazterrean uzteko zorian egon zen. Sosak baino, talentua erabakigarriagoa dela erakutsi zuen Dusko Vujosevic entrenatzaile handiak. Vujosevicek, ordea, talde aberatsekin zer moduz lan egiten den jakiteko ordua dela erabaki du, eta Moskuko CSKArekin sinatu du kontratua. Sos askoren truke. Partizanen harrobia agorrezina da, Balkanetako eskola bezala, baina, normalean, hautsi egiten da hain bikain aritu izan den taldea. Alecs Maricek, Bob McAlebbek eta Jan Veselyk eskaintza on-onak dituzte, eta erromantizista hutsak ez badira, hiriz eta taldez aldatuko dute udan.

Beste bi taldeak Poloniako Asseco Prokom eta Lituaniako Zalgiris Kaunas dira. Asseco hazten ari den taldea da. Europako elitera hurbildu nahi du, eta pausoak ematen ari bada ere, asko falta zaio oraindik zortzi onenen artean sartzeko. Han jokatu du azken denboraldian Baskoniako lehen fitxaketak, David Loganek. Zalgiris ere izan zen, baino ez da, eta kolokan jar daiteke izango ote den, diruz eta ez baitabil alai-alai. Multzoko seigarren taldea atariko kanporaketan erabakiko da.

Beste taldeak eta datak

A multzoan kokatu da Baskonia, baina ez da zailena. D multzoa izango da estuena, Moskuko CSKA, Panathinaikos, Valentzia eta Efes Pilsen daudelako. Bartzelona jarduneko txapelduna C multzoan dago, Montepaschirekin eta Lyetuvosekin; Olympiacos Real Madrilekin eta Unicajarekin egokitu da B multzoan. Talde bakoitzeko lau talde onenak sailkatuko dira Top16 jokatzeko.

Bigarren fase hori 2011n hasiko da, liga erregularra 2010eko abenduaren 23an bukatuko baita. Final-laurdenak jokatuko dira ondoren, eta Lauko Final handia azkenik, azken langa, ederrena. Parisen jokatuko da final handia, aurten bezala, maiatzaren 6tik 8ra bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.