BASKONIA Euroligako Lauko Finalean

Uholdearen zain

Baskoniako jarraitzaileak hasi dira iristen Berlinera. Baskonia Etxea gunean egingo dute bat guztiek.

Julen Etxeberria.
2016ko maiatzaren 12a
07:57
Entzun

Tantaka, baina hasi dira iristen Laboral Kutxa Baskoniako jarraitzaileak Berlinera. Gaur eta bihar artean espero da lurreratze nagusia, mila zale baino gehiagokoa, baina dagoeneko dozenaka dira Alemaniako hiriburuan ostatua hartu duten jarraitzaileak.

Halako kirol ekitaldietan ohikoa da jarraitzaile guztiak bilduko dituen gune bat jartzea, eta Berlinen jokatuko den Euroligako Lauko Finala ez da salbuespena izango. Hala, Lauko Finaleko antolatzaileek gune bat jarri dute Alexanderplatz plaza ospetsuaren ondoan. Denetarik izango da bertan lehiaketak iraungo duen egunetan: ekitaldiak, saskibaloi lehiaketak, kontzertuak...

Baskoniako jarraitzaileek, ordea, haientzat espreski prestatutako gunea izango dute ondoan, Baskonia Etxea izenekoa. Gaur 17:00etan irekiko dute, eta igandera arte egongo da zabalik. Euskal produkturen dastaketa izango da, baita euskal musika ere: txarangak, dultzaineroak... Erraldoiak eta guzti izango dira, guztia Baskoniako zaleak etxean bezala senti daitezen.

Pantaila erraldoiak Mendizorrotzan

Berlinen ez ezik, Gasteizen ere prestatu dituzte ekitaldiak Lauko Finalaren aitzakian. Nagusia Mendizorrotzako kiroldegian izango da. Lau pantaila erraldoi jarriko dituzte bertan, zaleek euren taldearen partida jarrai dezaten. 3.000 ikusle ingururako tokia dago Mendizorrotzan, beraz, ekitaldi jendetsua izango da. Kiroldegira sartzen lehen mila lagunek, gainera, saria izango dute, Lauko Finalerako espresi diseinatutako bufanda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.