Umetako bizikleta hartuta

Hastapen garaira itzulita, ziklo-krosean buru-belarri sartuta dabil Aitor Hernandez. Hiru aldiz irabazteaz gain, bigarren izan da Espainiako Kopan eta Euskadiko Txapelketan, eta orain Espainiakoa dauka begiz jota.

unai zubeldia
Donostia
2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Errepideko dotoretasunetik lokatz artera salto egin zuen Aitor Hernandezek joan den denboraldian (Ermua, Bizkaia, 1982). Halabeharrez. «Belauneko lesioekin ez nuen zorterik izan azken denboraldian, Euskaltel-Euskadin, eta, Italia aldean aukera txikiren bat edo beste bazegoen arren, eskaintzarik gabe geratu nintzen». Izan zenari begira jarri, eta erabaki zuen gazte garaian lokaztuta utzitako bizikleta garbitzea. «Joan den denboraldian ziklo-krosean saiatzea pentsatu nuen, eta gustura ibili nintzen. Hiru lasterketa irabazi nituen, eta babesle bila hasi nintzen berehala».

Baina bilatzen dena ez da beti aurkitzen, eta horixe gertatu zaio Hernandezi ere. «Ustez bideratuta zeuden babesle batzuek atzera egin zuten azken momentuan, eta, azkenean, Orbeak eman dit babesik handiena. Haiek ematen dizkidate bizikletak eta arropa, eta ez da gutxi!». Lokatzetan pedalei eragitea bezain nekeza izaten da ziklo-krosean babesleak aurkitzea. «Eta horixe falta zait. Aurten ondo doakit denboraldia: hiru proba irabazi ditut, beste hainbat lasterketatan bigarren sailkatu naiz, Espainiako Kopa bigarren postuan amaitu dut...». «Motibazioz gainezka», txapeldunorde izan zen herenegun Euskadiko Txapelketan, eta urtarrileko Espainiako Txapelketari begira dago jada. «Ea gero Munduko Txapelketara joateko aukerarik daukadan». Urtarrilaren 29an jokatuko da, Koksjiden, Belgikan, eta lau txirrindulari joango dira Espainiako selekzioarekin.

Ermuarra 2004an hasi zen profesionaletan, Italiako LPR taldearekin. «Aukera ederra izan zen hura». Bi urte geroago iritsi zitzaion etxeko taldearen deia, eta, 2006ko Tourrean, mendiko maillota irabazteko zorian egon zen Euskaltel-Euskadirekin. «Urte zoragarriak izan ziren». Oroitzapenei bueltaka hasita, pena bakarra dauka: «Dena azkarregi bukatu izana». Krisia denentzat da krisi. «Italiako taldeak elkartzen hasi ziren, eta Italiatik kanpoko txirrindulari gutxiago fitxatzen. Etxean ere, Caja Rural kanpotarrak fitxatzen hasi da». Hernandezek ez du oso ondo ulertzen Caja Ruralen gisako talde baten filosofia aldaketa: «Ez da normala taldean Euskal Herriko lau txirrindulari soilik edukitzea. Baina bakoitzak bere produktua saldu beharra dauka, eta kito».

Belardiak, lokatza, euria, hotza... Hernandezentzat, ziklo-krosa ez da diziplina arrotz bat. «Baina gauzak dezente aldatu dira ume garaitik. Bizikletak, gurpilak, tubularrak... Egoera berrira egokitzea, alor teknikoan izan da nekezena; baina, alde horretatik, asko lagundu dit joan den denboraldiko lanak». Mendiko bizikletan ere aritu zen denboraldi-aurrean, «jaitsieretako teknika hobetzeko, bereziki». Errepidea, ziklo-krosa eta mendiko bizikleta; denetik probatu du bizkaitarrak. «Eta hirurak dira oso gogorrak», argitu du azkar. «Lehiaketako erritmoa hartzeko balio du errepideak, orduak pilatzeko. Mendiko bizikleta ziklo-krosaren antzekoa da, baina jaitsierak oso gaiztoak dira, bihurguneak ere bai... Eta ziklo-krosa bien batuketa da. Oso diziplina esplosiboa da, motza, eta giharrek asko sufritzen dute. Teknika handia behar da».

Zortzi hilabeteko denboraldi-aurrea eta lau hilabeteko denboraldia. Gutxi-asko, horixe da ziklo-krosa. «Otsail-martxoan, ziklo-kros denboraldia amaitzen denean, atseden hartzeko baliatzen dugu. Martxo-apirilean, gimnasioko lanari ekiten diogu normalean, eta errepidean ere hasten gara kilometroak egiten. Maiatzetik abuztura, errepidean ez ezik, mendiko bizikletan aritzea ere gustatzen zait niri; gorputzari egur pixka bat ematea. Urria gerturatu ahala, berriz, astero ziklo-kroseko entrenamendu jakinen bat egiten hasi beharra dago, gorputza ondo prestatzeko».

Hernandezek onartu du zaila dela zortzi hilabeteko denboraldi-aurrea barneratzea. «Denbora tarte laburrean ibiltzen gara lehian, eta horregatik da garrantzitsua beste diziplina batzuetan ere aritzea». Lehen probatik sasoian egotea eskatzen du ziklo-krosak. «Bestela, ohartzerako denboraldia amaitu egiten da. Leherketa baten parekoa izaten da lasterketa, eta irteera, batez ere; ondo entrenatuta egon beharra dago».

Entrenamenduak, Arraten

Entrenamendu kontuetan, sekreturik ez dago: «Irteerak entrenatzen dira; barrutietan lauzpabost egur zati jarri, eta abiadura eta teknika hobetzen saiatzen gara; gimnasioko lana ere egiten da...». Arrate gainean egiten ditu entrenamendurik gogorrenak. «Ziklo-kroseko entrenamendu horiek neure kasa egiten ditut, baina errepidean Amets [Txurruka], [Iban] Velasco, [Aitor] Galdos... horiekin ibiltzen naiz». Egoitz Murgoitio aipatu, eta «oso indartsu» dagoela azpimarratu du. «Urte asko daramatza ziklo-krosean, eta teknikoki hobea da».

Ziklo-krosari esker, etxekoen babesean denbora gehiago igarotzeko astia dauka orain Hernandezek. «Irailaren 23an jaio zen Telmo, eta beste ilusio bat ekarri dit txikiak. Guztiek ez daukate zorte hori, eta umearekin gehiago gozatzeko aukera izaten ari naiz orain». Hori bai: gehiago nahi du ermuarrak, eta Munduko Kopari begira jarrita dago. «Babes handia behar da horretarako, baina gustatuko litzaidake hurrengo sasoian beste pauso bat ematea eta tokitxo bat lortzea munduko hogei onenen artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.