Asko aldatu dira Osasuna eta Athletic taldeak hilabete pare batean. Osasunak pasa den sasoian taldeko bizkarrezurra osatzen zuten jokalari asko galdu ditu, 10 denera, eta sei jokalari berri ekarri ditu. Haien eta harrobitik lehen taldera igo direnen kemena funtsezkoa izango da Iruñeko taldeak beste urtebetez onenen mailan irauteko. Beste helbururen bat finkatzea harrokeria litzatekeelako. Bilbo aldean ere antzera daude. Asko sufritu dute azken bi urteetan, eta sufrimendu hori saihesteko asmotan nabarmen aldatu da taldea. Lerro guztietan indartu da Athletic, eta etorri direnek iraganeko gabeziak estaltzeko itxaropena dute.
Osasuna
Aukeran, aldaketa gehiegi
Osasunak lorpen handiak eskuratu ditu azken hiru denboraldietan. Espainiako Kopako finala jokatzea eta Liga laugarren postuan amaitzea izan ziren Javier Aguirreren lorpenik handienak. Jose Angel Zigandak ezin izan zuen taldea Txapeldunen Ligako ligaxkan sartu bere lehen urtean, baina ordainean UEFA Kopako finalerdietaraino eraman zuen Iruñeko kluba, eta Aguirreren azken bi denboraldi ederrei jarraipen dotorea eman.
Sasoi honetan, ordea, are eta zailagoa izango da zaleak asetzea. Gaizki ohitu dira futbol zaleak Nafarroako Erresuman, eta sasoi honetan ez dute aurrekoetan izandako abantailarik izango. Jokalari gehienek elkar ondo ezagutzea zen Osasunaren abantailetako bat, baina egun, hori aldatu egin da.
Aguirre duela bost denboraldi Iruñera iritsiz geroztik, talde sendoa izan du Osasunak. Udan beti izaten ziren mugimenduak, baina taldearen muinari eutsi eta beharren arabera zenbait postutarako jokalariren batzuk fitxatzen ahalegintzea izaten zen idazkaritza teknikoaren ardura. Iragan sasoian, eta UEFAn ibilbide dotorea egin eta gero, ordea, taldearen muinari eustea ezinezkoa bilakatu da uda honetan. 10 lagunek utzi dute taldea: Raul Garcia, Iñaki Muñoz, David Lopez, Valdo, Cuellar, Webo, Milosevic, Romeo, Juanlu eta Soldado. Haien hutsuneak betetzeko Portillo, Margairaz, Hugo Viana, Pandiani, Vela, Dady eta Medina fitxatu ditu Osasunak (Medina Eibarren utzita ariko da sasoi honetan). Juanjo Lorenzo kirol zuzendaria eta Angel Martin Gonzalez idazkari teknikoa lanean ari dira oraindik beste bi fitxaketa lotu nahian.
Jokalari berri ugari izatea ez da arazo gaindiezina, halere: «Taldekide berri ugari iritsi da, bai, baina taldekide berriekin jokatzen ohitu beharra daukagu. Ez dut uste hori aparteko arazoa izango denik. Futbolean ez dira ehunka hizkuntza hitz egiten, futbol zelaian hizkuntza bakarra dugu futbolariok, eta ez dugu arazorik izango elkarrekin jokatzeko», adierazi zuen atzo Ludovic Delportek. Erdilari frantziarra ere jokalari fitxatu berritzat jo daiteke. Azaroan jokatu zuen azken norgehiagoka gorritxoen hasierako hamaikakoan, eta ahazteko moduko hilabeteak pasa ondoren, etengabeko lesioak gainditu eta indarberrituta itzuliko da ezker hegalekoa. San Mamesen hasieratik jokatuko du ziurrenik.
Denboraldi-aurreko albisterik txarrenak lesioek ekarri dituzte. Une honetan, Hugo Viana, Javad Nekunam, Natxo Monreal, Josetxo, Corrales eta Azpilikueta daude mina hartuta. Raul Garcia ordezkatzeko ekarri zuen Osasunak Hugo Viana portugaldarra Valentziatik, utzita, baina hasi eta berehala min hartu zuen. Gutxienez, beste hiru hilabete beharko ditu zelaietara itzultzeko.
Javad Nekunamen lesioa are eta larriagoa da. Iraniarra taldeko jokalaririk onenetako bat izan zen iragan sasoian, baina Vila-realen aurka jokatutako partidan belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen, eta zazpi hilabete beharko ditu osatzeko (atzo egin zioten ebakuntza Alemanian). Zorionez, Josetxo, Azpilikueta, Corrales eta Monrealen lesioak ez dira hain larriak.
Cuellarren hutsunea betetzeko Igotz Garde harrobiko atzelaria lehen taldean geratuko da. Hugo Viana eta Nekunamen hutsuneak betetzeko Ion Erize erdilaria ere lehen taldeko jokalaria izango da, eta Milosevic, Soldado, Webo eta enparauak ahaztarazteko ardura Portillok eta Pandianik ez ezik, Vela mexikarrak, Dady portugaldarrak eta Kike Sola nafarrak ere bere gain hartu beharko dute. Osasunaren historiako fitxaketarik garestiena izan da Dady ( 3,5 milioi euro).
Zailtasunak zailtasun, kirol arduradunek lanak ondo bideratuta dituztela dirudi. David Lopez, Cuellar eta Raul Garciaren truke jasotako 22 milioi euro ondo inbertitzen ari dira (zortzi milioi euro xahutu dituzte guztira fitxaketetan), baina lanak ez dituzte amaitu oraindik. ASIER LEGARDA-EREÑO
Athletic
Erosoago eustea xede
Denboraldi honetako Athletic definitzeko hitz bat da egokia: itxuraldatua. Talde zuri-gorria erabat aldatu da. Arlo guztietan egon dira aldaketak. Uztailaren erdia bete orduko nagusi berria zuen klubak: Fernando Garcia Maua aukeratu zuten presidente. Ez zuen lan gaitza izan. Aurrekoen akatsek bidea libre utzi zioten. Halere, historiako alderik txikienarekin irabazi zituen hauteskundeak. Bazkideak aurreko agintariekin nazkatuta zeudela kontuan hartuta, datu horrek ez du asko esaten Garcia Makuaren alde. Kanpaina pobrea egin zuen.
Garcia Makuaren garaipenak azken urteotan Lezaman indar handia izan duten bi profesionalen kaleratzea ekarri zuen: Sabino Padillak eta Txato Nuñezek utzi egin behar izan dute Athletic.
Sendagile eta delegatu ohiak ez zuten talde zuri-gorriaren kirol egoeran zerikusi handirik izan, ordea. Talde bizkaitarrak bestelako gabeziak izan ditu. Kirol arlokoak, hain zuzen ere. Athleticek bere historiako bi denboraldirik txarrenak egin berri ditu. Jaitsiera sekula baino gertuago izan du. Mende bateko historia apurtzear egon da.
Zergatik? Athleticek talde mugatua izan duelako. Lehen Mailako txarrenetarikoa. Azken bi denboraldiotan aurrera egin beharrean atzera egin du. Aurkari gehienek euren taldeak sendotzen zituzten bitartean Athleticen mailak behera egin du. Jokalari garrantzitsu batzuk taldea utzi zuten, eta beste batzuk onenak emanda daudela erakutsi zuen jokoak. Hori gutxi balitz, lesioek ez zuten gupidarik izan talde zuri-gorriarekin. Halere, mailari eustea lortu zuten.
Iazkoa miraria izan zen. Ligan 17. sailkatu ondoren denboraldia ona izan zela esatea ezinezkoa da. Halere, Athletic ez zegoen lan handiagoetarako. Zegoenarekin ezin zen gehiago egin. Aldagelako batasunari esker eutsi zioten mailari. Partida guztiak sufrikarioak izan ziren. Egindako ahaleginak saria izan zuen, ordea. Sari handia.
Diagnosia eginda errazagoa izaten omen da konponbidea aurkitzea. Ondorioz, etxean falta dena kanpoan aurkitzen ahalegindu da Athletic. Lehen taldeak ezin du harrobiko harribitxien zain egon (baldin badaude). Epe laburrean taldearen maila hobetuko zuen jokalarien premia zuen Athleticek, eta zuri-gorrien merkatuak eta ahalmen ekonomikoak ematen dituen aukerak baliatzen ahalegindu da Garcia Makua.
Orain arte sei jokalari fitxatu ditu Athleticek. Lerro guztiak indartu ditu. Atea zaintzeko Gorka Iraizoz fitxatu dute. Askorentzat euskal atezainik onena da. Beste askorentzat lau milioi euro pasatxo ordaintzea gehiegikeria izan da. Beharbada alde biek izango dute arrazoia. Aranzubiarekin eta Lafuenterekin atea nahiko ondo zainduta zegoela zirudien. Halere, Clementek, Manek zein Caparrosek atezain bat fitxatzeko eskatu zuten. Datu adierazgarria da hori.
Atzeko lerroa sendotzeko Aitor Ocio fitxatu dute. Gasteiztarra merkatuan zegoen defentsarik interesgarriena zen. Iaz debalde fitxatu ahal izan zuten futbolaria ekartzeko hiru milioi euro ordaindu ditu klubak, ordea, merkatuan duen balioa baino dezente gehiago. Badirudi bera izango dela atzeko lerroko nagusia.
Ociok Koikili Lertxundi izan dezake lagun ezker hegalekoan. Morgado, Asier Del Horno eta Javi Garrido gertutik jarraitu ostean etxekoaren aldeko apustua egingo du entrenatzaileak. Halere, agintariek ez dute baztertu Gallartakoa utzita ekartzeko aukera.
Joan den sasoiarekin alderatuta, zelai erdia da gehien indartu duten lerroa. David Lopez da fitxaturiko jokalari nagusia. Osasunan maila ikusgarria eman ostean, Athleticen jokalari garrantzitsua izango dela dirudi. Iñaki Muñozek ez du horrenbesteko ikusmina sortu. Halere, zelai erdiaren maila hobetuko du, eta lehiakortasuna areagotu. Eurekin batera David Cuellar fitxatu du Athleticek. Ez dirudi protagonismo handirik izango duenik.
Jokalari berriak baino fitxaketa hobeak izan daitezke Tiko, Orbaiz eta Yeste. Lehenengo biek lesio larriak izan zituzten pasa den denboraldian. Ez zuten taldeari laguntzeko aukerarik izan. Behar den moduan osatu bada, Orbaiz izango da taldeko erreferentzia nagusia. Tikok lagundu egingo du eta Yestek kalitatea eman behar dio taldeari.
Erasorako ez da fitxaketarik egin. Oraingoz ez, behintzat. Athletic Ezquerroren zain dago. Zuri-gorrientzat fitxaketa garrantzitsua izan daiteke. Taldea biribildu dezake, baina Llorenteri aukera emateko unea ailegatu dela dirudi. Urzaizek taldea utzi du eta teknikariek errioxarrarengan sinesten badute, orain dute fede hori erakusteko aukera.
Joaquin Caparrosek izango du Athletic berria zuzentzeko ardura. Lezamako teknikariek, zuzendariek eta zaleek aho-batez aukeratu zuten teknikari andaluziarra (Espainia). Talde lehiakorra eta gogorra egingo duela uste dute. Bestalde, harrobiko beharra gustuko omen du. Hasiera baten Athleticek behar duen entrenatzailea da.
Beraz, baikor egoteko arrazoiak daude. Athleticek iaz baino talde hobea izango du. Lehiakorragoa. Denboraldi aurreko emaitzak ere onak izan dira (ez du partidarik galdu). Garrantzitsua izango da hori konfiantza berreskuratzeko. Halere, Athleticek helburu bakarra izan behar du: mailari eustea. Ligako zortzi edo bederatzi talde askoz hobeak dira, eta beste horrenbeste ez dira zuri-gorriak baino gutxiago. HARITZ GALLASTEGI
Umil-umil
Aldaketa asko egin dituzte Lehen Mailako bi euskal taldeek. Sobera, agian, Iruñean, eta taldea hobetzeko beharrezkoak, Bilbon. Apaltasunez ekingo diote. Elkarren aurka jokatuko dute etzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu