Autokritika zorrotza eginez bueltatu dira Nancytik Bilbo Basketeko jokalariak. Euroligan talde ahulik ez dagoela ikasi zuten txapelketa hasi eta berehala, eta porrota frantziarren meritua baino gehiago euren akatsen ondorioz iritsi zela onartu. Nahiko itxura penagarria eman zuen Katsikarisen taldeak azken minutuetan, eta oro har ere antzera ari da Miribillatik urrun jokatzen duenean. Izan ere, hirutan aritu da zaleen babesik gabe, eta hiruretan galdu du: Alacanten, Bartzelonan eta Nancyn. Bigarrena barkatzeko modukoa da, baina beste bi plazetan irabaz zezakeen.
Etxetik kanpoko fidagarritasun eskas horrek Kopako postuetatik kanpo utzi du behin-behinean Bilbo Basket, eta Murtziaren aurkako garaipenak zortzi onenen artera bueltatuko ditu, beste emaitzek laguntzen badute. Goiz da ondorioak ateratzeko, lau partida bakarrik jokatu direlako, baina, zalantzarik ez, hobe beti Kopako postuetan egotea, ez egotea baino.
Murtziak aditu askoren loreak jaso zituen liga atariko analisietan. Josep Franch, Joventuteko harribitxia fitxatu izanak eragin zuen hori, baina baita itxuraz talde on bat osatu izanak ere. Saskiperako bikote ezagun bat fitxatu dute: James Augustine (joan den sasoian Valentzian aritu zen) eta Rob Kurz (Granadan jokatu zuen, taldearekin haserretu arte). Kurz ligako jokalari baloratuena zen, taldea utzi bitartean. Blagota Sekulic eta Guillermo Rejonek osatzen dute pibot sorta.
Kanpoko lerroan Dabid Barlow hegaleko australiarra ari da nabarmentzen, baina Andres Miso espainiarra ere arriskutsua da bolada onean baldin badabil. Jordi Grimauk ere, Roger Grimauren anaiak, bere tokia lortu du ligan urteen joan-etorrian. Juan Ignacio Jasenen kasua ere antzekoa da (Panchoren anaia).
Murtziak lau partida jokatu eta hiru galdu ditu, baina galdutako horietan neurria eman du. Talde menderagaitza da.
Umiltasun apur bat
Nancyko muturrekoa ahaztu, Murtziari irabazi eta Kopako postuetan sartu nahi du Bilbo Basketek (18:00)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu