Gutxitan izaten da talde handien aurka jokatzeko une ona, baina haien agintea hauskorragoa izaten da sarri. Bartzelonaren ahalmena kamustu samarra zegoela zirudien lehiaketako lehen hiru hilabeteetan: lesioak zirela, jokalari batzuen errendimendu apala zela... Hortik bilatu zuen arrakastarako bidea Baskoniak orain dela hilabete, eta hortik bilatzen saiatzeko asmoa zuen Bizkaia Bilbo Basketek ere. Asmoak, edo usteak, erdia ustel. Bartzelonak ACB ligako lidergoa berreskuratu zuen ostegun iluntzean, eta lortzeko moduari ere erreparatu behar zaio. Real Madril aurkari zuzena garaituz lortu zuen, eta iraganeko joko erakustaldiak errepikatuz. Horrek sekulako indarra emango dio berez ondo koipeztatuta dagoen taldeari, eta beldurra ematen du, parean duen edozein talde txikitzeko gai delako, mugarik gabeko jokalari zerrenda bikainari esker.
«Bartzelona ezustean harrapa dezaketen gauzak egin behar ditugu, zintzoak bagara, gaur-gaurkoz guretzat Bartzelona menderatzea ezustekoa litzatekeelako». Fotis Katsikarisek herenegun esandakoak dira, partidaren atarikoan. Gauza horien inguruan galdetuta, erregulartasuna aipatu zuen aurren-aurrena greziarrak: «40 minutuko intentsitatea behar dugu, eta fisikoki ondo ikusten dut taldea. Gai gara une oro bete-betean jokatzeko, baina hori lortzea ere ez da erraza».
Kezka handia sortzen dio Bartzelonak entrenatzaileari. «Daukagun kalitate guztia mahai gainean jarrita ere ez dakidalako irabazteko gai izango garen. Ligako eta Europako talde onena dira». Katsikarisek, halere, lehen itzuliko azken txanpa hasi aurretik botatako iritziari eusten dio. Alegia, geratzen ziren bost partidak aurrera ateratzeko gai zela taldea: «Bat atera dugu, Zaragozan, eta zailenetakoa zen. Dauzkagun aukera guztiak baliatu behar ditugu, eta Bartzelonaren aurkakoa beste aukera bat da. Zaila, baina beste aukera bat».
Arreta berezia puntu aldeari
Garaipenaren zailtasuna gogoan, komeni aldeko eta aurkako puntuen balantzak daukan garrantzia aintzat hartzea, galduta ere pozteko edo porrota hain larria ez izateko lorpen txikia izan daitekeelako Bartzelonaren aurka puntu gutxigatik galtzea. Egoera onean dago Bilbo Basket puntu aldeari dagokionez; harena da onena Kopan sartu nahi duten talde guztien artean. +41 dute bizkaitarrek, eta jardunaldian dauden norgehiagoken errepaso arina eginez gero, litekeena da Bilbo Basketek zortzi onenen artean segitzea, puntu gutxigatik galtzen badu. Jokalariek gogoan eduki beharko dute hori bukaeraraino.
Hori, dena den, partida hondarreko zeregina izango da. Lehenago partida irabazten saiatu behar du taldeak, garaipenarekin Kopako txartela ia-ia poltsikoan izango lukeela jakitun. Eskatzeko baimena emanez gero, Zaragozan gertatutakoa errepikatzeko eskatuko genuke: protagonismo apala izan duten jokalariak erabakigarriak izatea. Javi Rodriguez eta Mavroeidis izan ziren onenak asteazkeneko partidan, eta horrek talde on baten indarra erakusten du. Bartzelona ispilu egokia da. Denak dira izarrak, baina batzuek ez dute asmatzen, edo nahi beste jokatzen, baina beti agertzen da lekukoa hartzen duen norbait.
Une txarrenean esnatu dira
Bilbo Basket ezustekoa ematen saiatuko da gaur Bartzelonaren aurka, gutxigatik galtzea ona izan daitekeen arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu