Argi dago Osasunak ez duela nahi bezain ondo hasi urte berria: gorritxoek ez dute irabazi urtarrilean Ligan jokatutako bost partidetatik bakar bat ere. Anoetan hutsean berdindu zuten, etxean jarraian jokatutako hiru partidetatik bi galdu eta bat berdindu, eta azken norgehiagokan Sportingen zelaian bana berdindu zuten. Sailkapenaren postu gozoenetatik sailkapenaren erdira erori da Jose Luis Mendilibarrek entrenatutako taldea, eta jaitsiera postuekiko aldea murriztu egin da, era kezkagarri batean. Horrexegatik, behingoz partida bat irabazi eta berriro gora begira jarri nahi dute nafarrek.
Nolanahi ere, gaur iluntzeko norgehiagoka Espainiako Ligan izan daitekeen zailenetakoa da: Bartzelona indartsua hartuko dute gorritxoek Nafarroako Erresuman. Baikor izateko motibo askorik ez dago. Urtarrilean bi aldiz lehiatu ziren Bartzelonaren aurka, Espainiako Kopan: joanekoan, Camp Noun 4-0 galdu zuten; itzulikoan, 1-2 nagusitu zen izar nagusiak deialditik at utzi zituen Bartzelona. Hargatik, Bartzelonak ere ez du nahi bezain txukun hasi urtea. Iragan asteburuan, Camp Noun bertan sufritu egin zuen Reala 2-1 menderatzeko. Baina, batik bat, etxetik at ari da ezinean Bartzelona, eta, zorionez, Nafarroako Erresuman jokatuko da gaur iluntzeko norgehiagoka.
Bartzelona txakalaldian omen dago, sasoiko unerik zailenean. Eta aurrez erakutsitako nagusitasuna aintzat hartuz gero, egia izan daiteke. Etxeko partidak gol zaparradekin irabaztera ohituta zen Pep Guardiolaren taldea, eta, orain, zailtasun handiagoak ditu golak sartzeko. Eta etxetik at berdinketa gehiegi izan ditu urteko lehen hilabetean. Lehen norgehiagokan bana berdindu zuten Espanyolen zelaian, derbian. Gero, Malagan 1-4 irabazi zuen. Baina hirugarren irteeran, gola sartzeko gai ez ziren izan Vila-realen, eta hutsean amaitu zen norgehiagoka. Kopako azken kanporaketan Valentzian bana berdindu zutela aintzat hartuz gero, agian ez da gehiegizkoa Bartzelona txakalaldian dela esatea. Kosta egiten zaio etxetik kanpoko partidak irabaztea. Denboraldia hasi zenetik Camp Noutik at jokatutako hamar jardunaldietan lau partida soilik irabazi dituzte kataluniarrek, bat galdu eta bost berdindu. Ligako edozein talde konformatuko litzateke halako emaitzak lortuta etxetik kanpo. Baina Bartzelonari gehiago eskatzen zaio, Liga irabazteko bi faborito nagusietako bat baita. Eta hori da txakalaldia aipatzeko arrazoi bakarra.
Dena dela, Jose Luis Mendilibar Osasunako entrenatzailea baikor mintzatu zen atzo: «Bartzelonari irabaz diezaiokegu, bai noski. Sortutako gol aukerak baliatzeko arazoak izan dituzte azken boladan etxetik kanpo jokatu dituzten partidetan, eta ea bihar [gaur] berdin jarraitzen duten. Hori bai, irabazi ahal izateko oldarkor aritu beharko dugu, atzean hutsik ez egin, eta aurrean eraginkortasun handia erakutsi. Ez da erraza izango, badakigu, baina egin daiteke».
Unerik aproposena dirudi
Osasunak ez du irabazi 2012an, baina Bartzelonak etxetik at dituen arazoek tartetxo bat uzten diote baikortasunariSatrustegi deialditik kanpo utzi du Mendilibarrek, eta Raitala hasieratik ariko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu