Unerik zailenean

Osasunara iritsi zenetik lehen aldiz kinka larrian da Jose Luis Mendilibar; klubeko zuzendaritzak, halere, babesa eman dioHamar partidetatik zazpi galdu ostean, lehenbailehen suspertu behar dute gorritxoek

Iruñea
2012ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Valladoliden aurkako porrotak min egin du Osasunan. Partida amaieran Jose Luis Mendilibarren aurkako zapi zuriak ere ikusi ahal izan ziren Sadarren, eta argi dago Iruñera iritsi zenetik unerik zailenean dagoela entrenatzaile zaldibartarra. Jada inork ez du gogoan haren lehen sasoian taldea jaisteko postuetatik gertu hartu eta bederatzigarren posturaino eraman zuela, edo iragan sasoian zazpigarren izan zela Osasuna, azken jardunaldira arte Europako Ligarako sailkatzeko aukerekin egon eta gero.

Baina emaitzek agintzen dute futbolean, eta Osasunak sasoi hasiera honetan jokatutako hamar Liga jardunaldietan zazpi porrot bildu dituela soilik ikusten dute zaleek. Mendilibarren aurkako kritikak gero eta ozenago entzuten dira, eta aste honetan bertan entrenatzaile aldaketa izan zitekeela zioten zurrumurruak ere izan dira. Hargatik, Miguel Artxanko presidenteak babesa eman dio entrenatzaileari. Zuzendaritzan zaldibartarrarengan konfiantza dute oraindik, eta oraingoz behintzat, lanean jarraitu ahal izango du Mendilibarrek.

«Presidente batek entrenatzaileak babesa duela esaten duenean ez da seinale ona izaten. Aste bat edo gehienez bi geratzen zaizkio entrenatzaile horri normalean», esan zuen Mendilibarrek orain hilabete Taxoaren, dena dela. Zaldibartarrak badaki nola funtzionatzen duen futbol profesionalak. Eta zuzendariek lasaitasun itxura eman nahi baldin badute, Artxanko urduri dago. Lehen denboraldia du presidente karguan, eta imajinatu ezin zezakeen bezalako hasiera txarra izan du taldeak. Lasai egoteko motiborik ez du. Ezta Mendilibarrek ere. Hargatik, Valladoliden aurka galdu berritan egindako adierazpenetan, ilusioarekin jarraitzen duela onartu zuen entrenatzaileak: «Porrot honek ez du nire adorean eraginik izango, are eta gehiago esango dut: taldeari ikusi diodan joko maila ikusita, badakit hurrengo larunbateko partidan ere irabazteko aukerak izango ditugula. Horrela jokatuz gero, ez daukat beldurrik».

Kritikak kritika, lanean jarraituko du Mendilibarrek, baina badaki lehenbailehen irabazten hasi beharra daukala ingurua lasaitu ahal izateko. Udan hainbat jokalariren salmenta eta irteera onartu zituenean zuzendaritzak ederki ikusi zuen beste entrenatzaile askok onartuko ez zituzten gauzak onartu zituela Mendilibarrek, eta orain gauzak okertu orduko hura kargutik kentzea koherentziarik gabeko erabakia litzatekeela badakite Artxankok eta bere zuzendariek. Horregatik, oraingoz behintzat, ez dute entrenatzailea aldatzeko asmorik. Gainera, dituen jokalariak ditu Osasunak, eta zale asko Mendilibarrekin haserre izanagatik, zuzendariek badakite aldaketak ez duela ezer ziurtatzen.

Jokalariek, gainera, Mendilibarrengan sinesten jarraitzen dute. «Gutako bat da Mendilibar, eta Osasunak izan dezakeen entrenatzailerik egokiena duela badakigu», esan zuen Patxi Puñal kapitainak igandean. «Bera da ontziko kapitaina, eta horregatik entzuten ditu berak kritika gogorrenak, baina halako egoeran egotearen errua ez da berea, denona da erantzukizuna, eta aldagelan Mendilibarrekin gaude», esan zuen atzo Kike Solak. Larunbatean Cornella-El Praten Espanyoli irabazita soilik berretsi ahal diote konfiantza hori, dena dela.

Puñal, hilabete jokatu gabe

Partida horretarako, gutxienez, aldaketa bat egin beharko du zaldibartarrak. Izan ere, Puñalek hilabete inguru egon beharko du jokatu gabe. Kapitainak min hartu zuen Valladoliden aurka, eta atzo egin zioten azterketa medikuaren arabera, zuntz-haustura bat du ezker hankako bikian. Gabezia garrantzitsua da Puñalena, funtsezko jokalaria baita. Osasuna dagoen egoeran, Uhartekoaren gisako jokalari eskarmentudun eta konprometituak ezinbestekoak dira. Horri ere egin beharko dio aurre Osasunak zulotik irteteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.