Futbola

Ur azpian bai, baina bizirik

Bost defentsako harresia eta kontraerasoa baliatuta, partida serioa jokatu du Realak, baina urrundu egin zaio Kopako finala. Epaileak ez du adierazi Velari eginiko penalti argi bat, eta ondoren Iñigo kanporatu du.

2-0ekoaren jokaldia. A. GARCIA, EFE
jon eskudero
2014ko otsailaren 6a
07:53
Entzun

Realeko jokalariak ez dira berehalakoan lokartu izango bart. Hanketan nekea pilatuta izanagatik, buruari bueltaka aritu izango baitira etengabe. Nola huts egin ote dugu bigarren minutuko aukera hura! Epaileak zergatik ez ote du adierazi Velari eginiko penaltia? Iñigo kaleratu izan ez balu! Zergatik tokatu zaigu guri denboraldiko golik tontoenaren biktima izatea? Eta, egiari zor, galdera horiek buruan bueltaka ibiltzeko badute motiborik txuri-urdinek. Izan ere, 2-0ekoa baino emaitza hobea lortzeko merituak egin zituzten atzo, Nou Campen, Espainiako Kopako finalerdietako joanekoan. Orain, urrun dauka finala Realak.

Ongi hasi zena oker amaitu zen Donostiako taldearentzat lehen zatian. Ongi hasi, lehenengo minututik hortzak erakutsi zizkiolako Bartzelonari, eta, gaizki bukatu, atsedenaldia heldu aurretik gola jasotzea gogorra izan zelako psikologikoki. Jagoba Arrasatek planteamendu ezberdinaren aldeko apustua egin zuen, bost defentsarekin jokatzea erabaki baitzuen. Zalantzarik gabe, sistemak eman zizkion fruituak, baina 44. minutuan hamar jokalarirekin geratu izanak erabat baldintzatu zuen lehia. Defentsako harresiak bere horretan jarraitu bazuen ere, erasoan mugatuta jokatu behar izan zuten.

Hasi, hori bai, bikain hasi zuen partida Realak. Velaren pase bat baliatuta, jaurtiketa bortitza egin zuen Griezmannek areaz kanpotik bigarren minutuan, baina Pintok urrundu zuen. Lehenengo jokalditik bertatik erakutsi zuten donostiarrek kontraerasoa izango zela euren arma nagusia. Lehen hamar minutuetan ongi moldatu ziren era horretan, baina hortik aurrera sufritzea egokitu zitzaien. Bartzelonak hartu zuen aginte makila, eta Realeko jokalariei baloiaren atzetik korrika ibiltzea egokitu zitzaien. Hori bai, egoki osatu zuten atzeko lerroa, eta kontraerasoan sakontasunez jokatzen ahalegindu ziren. Bartzelona, berriz, Realaren harresia gainditu ezinik aritu zen, nahiz eta zelaiaren lehen hiru laurdenak aise igaro.
Arrasatek berak esana zuen partidaren atarian, hastapeneko minutuetan golik ez hartzea oso izan zitekeela garrantzitsua, eta helburu hori lortzen ari zen Reala. Gehiegi sufritu gabe, gainera. Minutuak igaro ahala, dena den, gol aukera garbiak sortzen hasi zen Bartzelona. Alexisek izan zuen lehena 11. minutuan, eta Messik barkatu ohi ez duen aukera horietakoa huts egin zuen 25.enean. Eñautek ere bere meritua izan zuen, geldiketa bikaina egin baitzuen. Goletik gertuen, dena den, 38. minutuan egon zen Bartzelona. Gaztañagak bekatua egin zuen area ertzean falta eginda. Messik hartu zuen baloia, jaurti eta langa jo zuen baloiak.

Zortea lagun izan zuen Realak jokaldi horretan, baina ez luzerako. Izan ere, partida erabat baldintzatuko zuen egoera bizi behar izan zuten txuri-urdinek 43. minutuan. Lehenbizi, Velak 0-1ekoa egiteko aukera ezin hobea izan zuen, baina Pintok atera zion baloia eskuin hanka luzatuta. Egiari zor, mexikarrak ezin izan zuen nahi erara egin errematea, Mascheranok besotik helduta baitzuen. Epaileak ez zuen deus ere adierazi. Bada, 0-1ekotik 1-0ekora igaro zen norgehiagoka. Jokaldi nahasi batean etxekoen gola egin baitzuen Busquetsek 44. minutuan. Area barruan jokalari txuri-urdin ugari pilatuagatik, Bartzelonako erdilariak bakar-bakarrik egin ahal izan zuen errematea. Hori gutxi ez, eta epaileak txartel gorria atera zion Iñigori atsedenaldiko txistua jo baino lehen. Nonbait, atzelaria gogorregi kexatu zitzaion epaileari Velaren penaltia ez adierazteagatik.

Denboraldiko golik tontoena

Gauzak hala, hamar jokalarirekin egin behar izan zion aurre Realak bigarren zatiari. Defentsan ez zuen gehiegi nabaritu Iñigoren hutsunea, baina erasoan irten ezinda aritu zen. Partida Bartzelonaren monologo batean bihurtu zen. Hori bai, etxekoek ere ez zuten aparteko distirarik eta maisutasunik erakutsi. Pentsa, gola egiteko ere ez ziren gai izan. Zoritxarreko jokaldi batean, Elustondok gaizki urrundu zuen baloia. Eñauti jo zion, eta sareetarako bidea hartu zuen baloiak. 2-0 amaitu zen lehia. Zail du finala Realak, baina itxaropena da galtzen den azkena. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.