Datuak ikusita, oso zaila da, ia ezinezkoa: aurten Urdaibai behin bakarrik sailkatu da bosgarren postua baino atzerago, eta San Miguel ligako azken bost estropadetatik lau irabazi ditu. Baita, jakina, Kontxako bandera ere, aurreko astean.
Kirolean ez dago ezinezkorik; baina, atzoko estropada ikusita, oso zaila dirudi Urdaibaik gaur porrot egitea. Berez, San Miguel liga gaurko kale zozketak erabakiko zuela zirudien. Hamazazpi estropadaren ostean zorteak eta Ibaizabaleko korronteek erabakiko zutela denboraldiko erregularrenaren saria.
Baina Urdaibaik etxeko lanak egin zituen, etxean bertan, festen erdian. Kontxako bandera ondo ospatuta, has eta buka nagusitu zen atzo, Kontxako arraunlari berberekin. Lehen ziabogan bertan bost segundo atera zizkion Oriori, bigarrenean 11, hirugarrenean hamazazpi, eta bukaeran 25. Berak irabazi zuen eta, gainera, Castrok eta Pedreñak Oriok baino denbora hobea egin zuten atzokoan.
Joxean Olaskoaga Aizperro Orioko entrenatzaileak astean zehar errepikatu zuen gaurko estropadara liga irabazteko aukerarekin iristeko atzo irabazi egin behar zutela. Fedea bazuten, Kontxako bigarren igandean Urdaibairi aurrea hartu ziotelako eta trabeskako olatuekin oso ondo moldatzen direlako. Arraunlari berberak ateratzea erabaki zuen, baina ezin. Oriok ligarik gabe jarraituko du garaipenen zerrendan.
San Juanek Castrori lau puntu
Bigarren txandan oso lan ona egin zuena Castro izan zen. Urdaibairengandik zazpi segundora amaitu zuen -lehen ziabogako alde bera-, azken luzean bost segundora ere hurbildu ostean.
Estropada on horri esker sailkapen nagusian bost puntu jan zizkion San Juani, Pasai Donibanekoak zazpigarren izan baitziren atzo, Urdaibairengandik 35 segundora. Ligako hirugarren postuak Pasai Donibanekoena zirudien, baina orain lau puntu baino ez dizkio ateratzen Castrori.
Sailkapena
SAN MIGUEL LIGA1. Urdaibai178 puntu
2. Orio173 pt.
3. San Juan 140 pt.
4. Castro 136 pt.
5. Pedreña 122 pt.
6. Astillero 116 pt.
7. Tiran 108 pt.
8. San Pedro 106 pt.
9. Hondarribia 90 pt.
10. Kaiku 89 pt.
11. Zumaia 40 pt.
12. Zarautz 18 pt.