KONTXAKO BANDERA

Urdaibairen kolpea Kontxan

Gizonezkoen estropadako lehen txandan, denbora aparta egin du Urdaibaik, eta hamar segundoko aldea atera dio Kaikuri. Bigarrenean, Hondarribia izan da nagusi, baina hura ere bermeotarrengandik urrun. Oriok osatuko du datorren igandeko ohorezko txanda.

Urdaibaiko trainerua, porturatzen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
2014ko irailaren 7a
16:00
Entzun

Kontxako 119. Bandera Bermeora eramateko urrats handia egin du Urdaibaik. Bermeotarrek sekulako estropada egin dute lehen txandan, badian joan-etorria 19:02:98ko denboran eginda. Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiak aitortu du alde handia dela hamar segundokoa, baina gaineratu du datorren igandean itsasoaren egoerak baldintza dezakeela bandera.

Urdaibaik Kaiku zuen arerio txandan, eta 10,53 segundora sartu dira Sestaokoak. Asier Zurinaga Kaikuko patroiak aitortu du hamar segundoko aldea "handia" dela eta "amets egitea libre" dela, baina datorren igandean desabantaila hori iraultzen saiatuko direla ziurtatu du.

Bigarren txandan, Hondarribia izan da nagusi. Indartsu hasi dira Ama Guadalupekoak, eta berehala atera diote Oriori segundo batzuetako aldea. Gero eutsi egin diote alde horri, baina Urdaibaik eginiko denboratik urrun geratu dira. Joseba Amunarriz Hondarribiko patroia "pozik" azaldu da edonola ere, udako maila eman dutelako eta "estropada bikaina" egin dutelako.

Ohorezko txanda Oriok osatuko du. Orioko patroi Irakoitz Etxeberriak Urdaibai zoriondu du, eta aitortu ezin izan dutela gehiago egin.

Sailkapena:

1. Urdaibai: 19:02.98

2. Kaiku: 19:13.52

3. Hondarribia: 19:14.48

4. Orio: 19:22.72

5. Portugalete: 19:31.24

6. San Juan: 19:37.74

7. Cabo da Cruz: 19:39.42

8. Donostiarra: 20:30.02

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.