Urdin bakarra, zerukoa

Oso lehia estua izan da lehen entrenamendu saioan; Toyota, Alonso eta Raikkonen nabarmendu dira

LAURENTZI GARMENDIA - BARTZELONA
BERRIE
2005eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Toyotako Jarno Trullik eguna garraztu zien atzo Montmelora bildu diren Alonsoren milaka jarraitzaileri. Oso gutxigatik, baina Q1 saioko denbora onena egin zuen italiarrak, eta gaur 10:00etan korrituko den Q2 saioan azkena aterako da, aurkari guztien denbora jakinda. Hala ere, italiarrak ez du lasai egoterik, lau gidari sartu baitziren hamarreneko berean. Lehia handia izango da, beraz, lasterketan.

Asteburu osoan ezkutuan egon da Jarno Trulli, inoiz ez baitu aurreneko postuetan muturra sartu, azken unean axola duen unean izan ezik. Harekin batera, Toyotaren maila sendoa erakusteko, Ralf Schumacher laugarren izan zen, baina hamarreneko bat baino gutxiagora, esan bezala. Orain arte alemaniarrak atzerapen dezente izan du Trullirekiko, baina Kataluniako pistan bikain ari da.

Toyotaren arrakasta honek kolore urdina lausotu zuen apur bat. Alonsoren pole-a lortzea espero zuten guztiek, bigarren partzialean denbora onena egiteko bidean baitzen. Baina, beste askok bezala, azken sektorean galdu zuen abantaila guztia, eta bigarren postuarekin konformatu zen. Hala ere, gaurko azken saioan lau horietako edonork aukera berak dituela esan daiteke.

Lau horien artean Kimi Raikkonen finlandiarrak egin zuen hirugarren denbora. Imolan erretiratu ostean, pistara irteten aurrenetarikoa izan zen eta zikinagoa topatu zuen. Lehen sektorean zabal joan zen bihurgune batean eta hor denbora galdu zuen. Berriari eginiko adierazpenetan argi azaldu zuen: «Pista zikinagoa zegoen, batez ere lehen sektorean, eta bihurgune batean huts bat egin dut. Segundo erdi galdu dut hor».

Benetan segundo erdi galdu badu, guztiek beldurtuta egon behar lukete, horrek esan nahi bailuke Raikkonen beste maila batean ari dela, besteengandik urrun. Alonsok ez zuen sinetsi ere egin nahi: «Tira, behintzat gu bigarren gaude eta hura hirugarren. Egia da pista zikinagoa topatuko zuela, baina baita haize gutxiago izango zuela ere. Bigarren bihurgunean galdu duen denboraz zalantzak ditut, bestela ez baitzuen bederatzigarren denbora egingo partzial horretan».Imolan horren ondo ibili eta gero, betiko arazoetara bueltatu da Ferrari. Itzuli bakarrean Bridgestone pneumatikoak ez dira itsasten Michelinekoak bezain ondo, baina ia-ia. Horrek arazoa arintzen du, itzuli batzuk egin eta pneumatikoek tenperatura egokia hartuta lehen postuetan egongo direlako berriz. Baina pole-rako lehiatik kanpo gelditu dira biak. Baita Barrichello ere, motorrean arazo bat topatu eta aldatu egin ziotelako goizean; ondorioz, hamar postuko zigorra jarri zioten.

Brasildarra irabazteko borrokatik urrun geldituko da berriro ere, baina Schumacher anaia nagusiak lasterketa animatuko du, batez ere atzerago hasten bada. Harentzat zoritxarrean, eta aurretik dituenentzat zorionean noski, Kataluniako zirkuituan aurreratzea Imolan aurreratzea baino zailagoa da. Gainera, aurreratzeko tokiak bi dira, nagusia helmuga zuzenguneko amaieran, eta Ferrarik ez du abiadura puntaren abantailarik.

-

FERNANDO ALONSO



Ezin egia esan



Egun hauetan Espainiako heroi nazional dena kazetariz inguratua dabil. Kazetariotako gehienek ez dakite Schumacherrek zenbat titulu dituen edo zenbat kilo falta zituen BAR autoak gutxieneko pisura iristeko. Alonsomania deitu duten fenomeno horren barruan daude; neurri handi batean, eurek sortu dutena, gainera, hori.

Gehien errepikatu duten galdera erraza da: «Zer iruditzen zaizu jarraitzaile guztiok zure alde izatea?». Alonsok badaki zer erantzun: «Ongi dago», esaten du. Baina lehor, irribarrerik gabe dio. Oxforden, bere bizilekuan bakarrik du pentsatzen duena esateko lasaitasuna. Eta han esan ditu berriki egiak: «Asturiasen gertatzen ari dena gehiegizkoa da, nire etxera joan dira eta gurasoak bertan zeudela sekulako iskanbila sortu. Ni ez nengoen han. Ez ditut zale horiek ulertzen».Azken sektorean, pole-a galdu zuenean, ikusleek desengainua hartu zutela esan zioten, eta horrek min egin zion. Orduan esan zuen: «Ni oso pozik nago egindakoarekin; norbait desengainua hartu badu, bada, sentitzen dut bigarren postua lortu izana». Ironikoa mutila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.