Olympique Marseilla. Mandanda; Azpilikueta (Fanni, 80. min), N`Koulou, Morel, Diawara; Diarra, Cheyrou (Kabore, 83. min.), Amalfitano, Valbuena; Brandao (J. Ayew, 73. min.) eta A. Ayew.
Inter Milan. Julio Cesar; Zaneti, Lucio, Maicon (Nagatomo, 46. min.), Samuel; Chivu, Stankovic, Sneijder, Cambiasso; Forlan eta Zarate (Obi, 63. min.).
Txartelak. Txartel horiak Olympique Marseillako Diawarari, eta Inter Milaneko Chivuri eta Stankovici.
Golak. 1-0. A. Ayew (93. min.).
Bestelakoak. 15.000 ikusle inguru Marsellako Velodrome estadioan. Giro aparta eta beroa.
Txapeldunen Ligak futbolari zerbait ematen badio, hori ikusgarritasuna da. Edo behar luke, behintzat. Are gehiago final-zortzirenetako kanporaketek, talderik onenak igarotzen baitira fase hori jokatzera. Atzo, ordea, Europako lehiaketa garrantzitsuenarena baino, lagun arteko partidaren itxura gehiago izan zuen Olympique Marseilla eta Inter Milanen artekoak. Partida tristea jokatu zuten, txarra, baina azken hasperenean urrearen balioa duen gola egin zuten etxekoek, sailkapena bideratuta utziz.
Ilusioa batetik, eta esperientzia bestetik. Bi ezaugarri horiek aritu ziren nor baino nor gehiago. Frantziarren gosea, eta italiarren jakinduria, alegia. Errespetu handia izan zioten bi taldeek elkarri hasieratik, eta nabaritu egin zen. Apenas izan zuten gol aukerarik, eta defentsan zulorik ez uztea izan zen bi entrenatzaileen helburua.
Txarrenean onenak, hori bai, etxekoak izan ziren. Eurek izan zituzten aukera apurrik oparoenak, Forlanek 10. minutuan susto txiki bat eman zien arren. Baloi jabetza lagun, Olympique Marseilla gehiago hurbildu zen Julio Cesarren ate ingurura, eta goitikako jokaldietan min egin zion aurkariari. Garbiena Diawarak izan zuen 29. minutuan, ahoko zuloan huts galanta egin baitzuen buruz. Athleticekin batera, modu horretan Europan gol gehien sartu duen taldea da Frantziakoa (24 guztira), eta nabaritu egin zen. Gola, ordea, ezin lortu. Ez goitik eta ez behetik.
Inter Milanen gauza positibo bakarra kontraerasoan erakutsitako arriskua izan zen. Forlanen mugimendu apartak egiten ditu lerroartean, eta edozein momentutan eman dezake ustekabea. Baina atzo hori ere ez. Freskotasunik gabe daude Ranierirenak, taldeko jokalari gazteenak 24 urte ditu, eta burua altxa ezinda dabiltza. Azken zazpi partidetatik bost galdu dituzte, eta beste biak berdindu. Lehen zatian itxura benetan pattala erakutsi zuten.
Halaxe heldu zen atsedenaldia. Baina ezer gutxiagorako balio izan zien bi taldeei etenak. Izan ere, bigarren zatiari lehenengoaren ildo beretik ekin zieten. Oker eta triste. Olympique Marseilla saiatu zen gola egiten, eskuin hegaletik arriskua sortuz, baina azken errematean kamuts aritu ziren. Goraipatzekoa da Azpilikueta nafarrak eginiko lana. Bera izan zen etxekoen onena, baina min hartuta zelaia utzi behar izan zuen.
Kosta ala kosta golaren bila jo zuen Frantziako taldeak, eta azken minutuetan estutu zuen Julio Cesar. Estutu, eta baita gehiago ere. Luzapenean heldu zen horrenbeste amestutako gola. Nola ez, korner batean eta buruz. A. Ayewek ederki sareratu zuen taldekideak eginiko pasea. Gol bateko errenta ez da izugarria, baina garrantzitsua bai, eta are gehiago Inter Milanen joko tristea ikusita. Kanporaketa irauli nahi badu, bestelako itxura eta jokoa atera beharko du bi aste barru.
Basilearen garaipena
Basileak ezusteko galanta eman zuen atzo etxean, Bayern Munichi 1-0 irabazi ondoren. Alemaniako taldeak Txapeldunen Liga irabazteko faborito nagusietako bat da, baina atzo kale egin zuen. Ezin izan zion aurre egin Basilearen ilusioari. Partida oso orekatua eta borrokatua izan zen, eta etxekoek azken txanpan lortu zuten garaipenaren gola. Stockerrek 87. minutuan ederki zulatu zuen aurkariaren atea.
Dena den, ez du erraza izango kanporaketa igarotzen, Bayern Munichek etxean egiten baitu jokorik ikusgarriena.
Olympique Marseilla 1. Inter Milan 0
Urrearen balioa du golak
Inter Milan erlojuaren kontra aritu da bigarren zatian, eta Olympique Marseillak gola egin du luzapenean, merezita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu