Euskal kirolariak Londresera begira

Urrezko begiradak

Dagoeneko, 24 euskal kirolari sailkatu dira Londresko Olinpiar Jokoetarako, eta Espainiako gizonezkoen futbol selekzioaren deialdia falta da argitzeko.

unai zubeldia
Donostia
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Belaontzira igo, eta urre kolorea ikusten dute jada Xabi Fernandezek eta Iker Martinezek. Bizikleta gainera igotakoan ere, urrezko belodromo batean bueltaka dabilela amesten du Leire Olaberriak. Ura urre kolorekoa da Maialen Chourraut eta Ander Elosegirentzat. Eta futbol jokalariek eta eskubaloikoek, golak ez, gold-ak sartzen dituztela amesten dute —urrea, ingelesez—. Tiroka hasi eta jopuntuan urre koloreko borobiltxo bat ikusten dute Juanjo Aranburuk eta Pablo Carrerak...

Londresko Olinpiar Jokoak hasteko, 35 egun falta dira, eta 24 euskal herritar ariko dira, oraingoz, han lehian. Euskal Herriak Batzorde Olinpikorik ez duenez, Espainiako eta Frantziako selekzioekin ariko dira lehian horiek guztiak. Eta, ezuste ikaragarririk ezean, kopurua 30 kirolari ingurura igoko da azkenean, futbolean gizonezkoen Espainiako selekzioaren deialdirik ez dutelako jakinarazi oraindik. Iker Muniain, Mikel San Jose, Ander Herrera, Ander Iturraspe, Oscar De Marcos, Cesar Azpilikueta, Javi Martinez, Asier Illarramendi... Horietako gehienak zerrenda horretan izango dira.

Hiru milioi biztanle inguruko herrialde txiki batean, kopuru handia da 30. Alderatzen hasita, 2008ko Pekingo Olinpiar Jokoetako datuak hartu, eta dominen sailkapenean lehen hamar herrialdeen artean sailkatu zirenek, Australiak salbu, 100.000 biztanleko kirolari gutxiago zituzten,batez beste, Euskal Herriak baino. Euskal Herriari dagokionez, 100.000 biztanleko 0,83 kirolari izan ziren Pekingo Olinpiar Jokoetan; Hego Korea eta Italiaren kasuan, 0,55; Alemaniakoak, 0,51; Erresuma Batukoak eta Frantziakoak, 0,49; Errusiakoak, 0,32; Japoniakoak, 0,26; AEBetakoak, 0,18; eta Txinakoak, 0,04. Beste aldean, adibide gisa, Australiaren kasuan, 100.000 biztanleko 2,01 izan ziren Pekingo Jokoetan. Kantitatearen datuak dira horiek.

Baina kantitateaz haragoko ordezkaritza izango du Euskal Herriak Londresen, dominen borrokan sartzeko aukera erreal dezente dauzkalako. Xabi Fernandez eta Iker Martinezen kasua da argiena: urrezko domina eskuratu zuten orain zortzi urte, Atenasko Olinpiar Jokoetan, eta zilarrezkoa orain lau urte, Pekinen. 49er mailan ariko dira aurten ere, eta prestaketa jakinik gabe iritsiko diren arren —Volvo Ocean Race proban ari dira lehiatzen—, dominen borrokan sartuta egon beharko lukete.

Fernandez eta Martinezen antzera, nahikoa domina segurua da futbolekoa ere. Urrezko aroan sartuta dago Espainiako futbol selekzioa, eta horri etekina ateratzeko aukera paregabea daukate Muniain, De Marcos, San Jose eta gainerakoek. Eta, noski, Leire Olaberria ere, okerrik ezean, lehen bost postuetan ibiliko da pistako txirrindularitzan, omnium proban, haren hitzetan «ezustekoetarako tarte txikia» izaten delako «hain proba gogorrean». Urrutirago joan gabe, ikaztegietarrak brontzezko domina irabazi zuen Pekinen, puntuazio proban —atzo 10. izan zen Espainiako Txapelketan, erlojupekoan—.

Jokoak hasteko 35 egun falta direla, kalkulurik onenei helduta dabiltza gehienak; denek ez bada gehienek jartzen dute euren burua podiumean. Arrazoizko baikortasuna dago uste horren atzean, euskal kirolari askok daukatelako aukera ona euren kirol ibilbideari kolpe polita emateko. Juan Jose Aranburu tiro jaurtitzailea da horietako bat, iaz munduko txapeldun izan zelako —zortzigarren sailkatu zen Pekinen—.

Eta zer esan Maialen Chourraut eta Ander Elosegiri buruz... Munduko Kopako bi proba irabazi berri ditu lasartearrak, K-1ean; 2009an, Munduko Txapelketan, zilarra kolkoratu zuen; 2010ean, urrea, Munduko Kopan, La Seu d'Urgellen (Herrialde Katalanak); eta iaz, brontzea, Munduko Txapelketan, Bratislavan. Elosegik, berriz, zazpigarren postuan amaitu du Munduko Kopako azken proba, Cardiffen —haizeak erabat baldintzatu zuen proba—. Orain dela lau urte, ordea, Pekinen, laugarren amaitu zuen finala, eta 1,5 segundo eskasera eduki zuen brontzezko domina.

Maider Unda —bosgarren Pekinen—, Ainhoa Murua —9. Madrilen egindako Munduko Txapelketako hirugarren proban—, Oiana Blanco —munduko txapeldunorde 2009an hirugarren 2010eko Europako Txapelketan, eta, Munduko Kopan, lau garaipen azken urtebetean—, Espainiako eskubaloi selekzioak —zazpi euskal ordezkari ariko dira denera—... Dena da urrea jokoak hasteko 35 egun eskas falta direla, baina, kantitateaz harago, kalitate handiko ordezkaritza dauka Euskal Herriak.

11 kirol ordezkatuta

Borroka, bela, triatloia, tiroa, piraguismoa, judoa, pistako txirrindularitza, atletismoa, igeriketa eta eskubaloia; 26 kirol (39 diziplina) izango dira Londresen, uztailaren 27tik abuztuaren 12ra, eta Euskal Herriko kirolariak horietatik 11tan ariko dira lehian. Orain dela lau eta zortzi urteko datuekin alderatuta, kirol kopuruak nabarmen egin du behera. Bi kasu horietan, hamalau kiroletan aritu ziren euskal kirolariak.

2008an, badmintonean (Yoana Martinez), belar hockeyan (Barbara Malda, Rocio Ibarra eta Maria Lopez Egilaz), gimnastika erritmikoan (Almudena Cid, Barbara Gonzalez eta Lara Gonzalez), eta taekwondoan (Jon Garcia) ere lehiatu ziren euskal kirolariak, eta futbolean ez zuten ordezkaririk izan. 2004an, berriz, aurtengoarekin alderatuta, borrokan eta piraguismoan ez zen ordezkaritzarik izan, eta aurten euskal kirolaririk izango ez den bost kirol izan ziren: arrauna (Eva Mirones eta Mario Arranz), belar hockeya (Maider Telleria, Erdoitza Goikoetxea, Maider Luengo, Barbara Malda eta Rocio Ibarra), gimnastika erritmikoa eta artistikoa (Almudena Cid, Barbara Gonzalez eta Alex Barrenetxea), saskibaloia (Iker Iturbe) eta taekwondoa (Jon Garcia).

Benetan datu harrigarria 1992koa da, hamabost kiroletan 53 euskal kirolari izan zirelako Bartzelonako Olinpiar Jokoetan. Baina Espainiako selekzioak kirol guztietan gutxienez ordezkari bat zeukan orduan —antolatzailea izaki—, eta horrek areagotu zuen euskal kirolarien eta diziplinen kopurua. 35 egun besterik ez dira falta lau urtez behin egiten den kirol ekitaldirik handienari ekiteko. Futboleko izarren zain, Euskal Herrian 24 ilusio txiki daude piztuta oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.