Miarritze. Coetzee, August (Terrain, 53. min.), Johnstone (Guinazu, 17. min.-tik 60. min.-ra arte); E. Lund, Taele (Faure, 34. min.); M. Lund (Guyot, 25. min.), Lakafia, Vahafolau (Tranier, 72. min.); Lesgourgues, Peyrelongue; Bolakoro, Gimenez (Mignardi, 72. min.), Bosch, Ngwenya; eta Balshaw.
Racing. Brugnaut (Orlandi, 77. min.), Noirot (Arganese, 77. min.), Sa (Tuugahala, 63. min.); Ghezal, Van der Merwe (Qovu, 49. min.); Leo, Cronje, Galindo (Battut, 53. min.); Durand (kap.), Wisniewski; Saubade, Steyn, Chavancy, Bobo; eta Fall (Vulivuli, 70. min.).
Markagailua. 0-3, 3-3, 3-6, 3-13, 3-16, 6-16, 13-16, 16-16 (atsed.); 23-16, 23-19, 28-19, 28-26, 28-29, 28-32, 33-32 eta 36-32.
Matematikak kontuan hartuta garaipen guztiek balio bera baldin badute ere, irabazitako partida guztiek ez dute balio bera izaten. Atzokoa, matematikoki, lau puntu balio dituen garaipena izan zen Miarritzerentzat, baina oso balio handiko garaipena izan zen, Lapurdiko taldeak berdegunean erakutsi zuen maila kontuan hartuta.
Garaipen handia izan zen atzokoa, aurkari gaiztoa baitzuen parean Miarritzek. Eta, neurri berean, garaipen handia izan zen, Top 14a azken txanpan sartzen ari delako eta lapurtarrak Heineken Kopako postuetan sartu zirelako. Azkenik, garaipen handia izan zen, oso kalitate oneko partida jokatu zutelako Miarritzek eta Racingek, eta gisa horretako partidak irabaztea beti delako ona.
Dena izan zuen onetik Miarritzeren eta Racingen artekoak. Orotara sei entsegu izan ziren partidan: lau, etxekoen alde, eta bi, frantziarren alde. Kalitate handiko jokaldiak ikusi ziren, izan aitzineko borrokan Racingen aldetik, nahiz Miarritzeko gibeleko jokalari gazteen zalutasunaren aldetik. Partidaren gidoia bera ere oso aldakorra izan zen, emozio handikoa.
Racing hasi zen agintzen. Pierre Berbizier oso lan ona egiten ari da Parisko taldearekin, eta oso talde sendo eta antolatua ekarri zuen Miarritzera. Paristarrak 3-16 ezarri ziren aitzinetik. Baina Miarritzek gibelekoekin erantzun zuen, Steynen txartel horia baliatuz. Atsedenaldirako 16-16 berdindu zuen partida, eta bigarren zati hasieran zuloa egin zuen: 28-19. Racingek aitzinekoekin eta Steynen zangoarekin erantzun zuen, eta berriz aitzinetik ezarri zen: 28-32.
Atzokoa, baina, etxekoentzat eginiko partida zen, eta Ilikena Bolakorok entsegua atera zuen, bakar-bakarrik, ezerezetik. Peyrelonguek zigor kolpe bat erantsi zuen, eta bukaerako 36-32koa ezarri zuen. Miarritze sailkapeneko bosgarren postura igo da.
Miarritze 36.Racing 32
Urrezko garaipena
Miarritzek eta Racingek partida ikusgarria jokatu dute, eta etxeko taldeak oso sasoi ona erakutsiz irabazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu