Midtjylland 23. Itxako 22

Urrun daude finalerdiak

Itxako ez da fin ibili erasoan partidako azken txanpan, eta oso zail jarri zaio Txapeldunen Ligan aurrera egitea

Fachinello Itxakokoa, baloiarekin, ezinean defentsaren aurka. ITXAKO.
Imanol Magro Eizmendi.
2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Midtjylland. Englert; Groot (2), Led

(3), Troelsen (3), Thorstenson (3), Joergensen (5), Spellerberg

(1) —hasierako zazpikoa—, Odegaard o, Jensen (2), Torsgaard (3) eta Moller (1).

Itxako. Navarro; Pinedo , Barbosa (5), Barno (1), Aguilar (3), Fernandez (4), Martin (7) —hasierako zazpikoa—, Egozkue, Zebic, Fachinello (1), Tervel (1), Sopronyi eta Alonso.

Markagailua. 1-2, 4-4, 7-4, 9-7, 10-9, 12-10 (ats.). 15-14, 17-14, 18-15, 20-18, 21-21, 23-22.

Epaileak. Kavulic eta Skruzny. Midtjyllandeko Troelsen, Spellerberg eta Torsgaard egotzi zituzten, eta Itxakoko Barbosa, Barno eta Fernandez (2).

Bizkarreko handia jaso zuen atzo Itxakok Danimarkan, eta asko urrundu zaizkio Txapeldunen Ligako finalerdiak. Aurreko astean Larviken pistan berdindu ondoren, Midtjyllandek aurkari egokia zirudien multzoan gora egiteko. Aurkaria azken postuan zegoen, puntu bakarrarekin, eta aukera aproposa zen Itxako bigarren postura igo zedin. Baina ez, Lizarrako taldeak ez zuen bere maila eman erasoan, eta atzetik egin zuen partida osoa. Hala ere, irabazteko aukera izan zuen azken minutuetan, baina kale egin zuen. Porrotak multzoko azken postuan kokatu du Itxako, eta gaur Giorik Larviki irabaztea komeni zaio, bigarren posturako lehia oraindik hiru talderen arteko auzia izan dadin.

Txapeldunen Ligan ez dago partida errazik, are gutxiago etxetik kanpo, eta Itxakok Midtjyllanden atzeko harresiarekin egin zuen talka (7-4, 15 min). Defentsa lan zorrotza egin zuten etxekoek eta Englertek ikuskizuna eman zuen atepean. Itxakoren hutsak ezin hobeto etorri zitzaizkion Midtjyllandi, eta min handia egin zuen kontraerasoetan. Itxako apurka partidan sartzen joan zen, eta gol batera jartzea lortu zuen (10-9, 25.min). Hala ere, ez zuen berdintzerik lortu, eta etxekoak bi golen aldearekin iritsi ziren atsedenaldira (12-10).

Lizarrako taldeak arazo handiak izan zituen erasoan partidan guztian, eta aurkariak ondo baliatu zituen eta lau golen aldea lortu zuen (18-14, 40. min). Partida oso aldapa gora jarri zenean eman zuen itxurarik onena Itxakok. Jokalariek hortzak estutu eta aldea murrizten hasi ziren. Lehenbizi bi golera (18-16, 50. min), eta gero berdintzeraino (21-21, 55. min).

Behetik gora egin zuen Itxakok eta hobeto iritsi zen azken txanpara. Gehiegizko grinak, baina, ez zion mesederik egin, Midtjyllandek hobeto jokatu baitzuen txanpa erabakigarrian. Bi atezainak nabarmendu ziren azken minutuetan, baita Carmen Martin ere, zoritxarrerako baina. Partidako golegile nagusia izan arren, hegalekoak huts egin zituen Itxakoren azken hiru jaurtiketak. Lizarrako taldeak aurretik jartzeko aukerak izan zituen, baina ez zituen baliatu. Bai, ordea, etxekoek, eta nafarren itxaropena zapuztu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.