Josu Urrutiak babes zabala jaso zuen herenegun Athleticeko presidente karguan eginiko lehen batzarrean. Sasoi honetarako 61 milioi euroko aurrekontua aurkeztu zuen herenegun eginiko bazkideen batzar konpromisarioan, eta %73k onartu zuten. Era berean, euren oniritzia eman zioten iragan sasoikoei ere. Urrutiaren lantaldeak Garcia Makuak bere garaian aurkeztu baino hamar milioi euro gutxiago zenbatu izanak hauts asko harritu du, baina, hala ere, bazkideen %65ek onartu zituzten presidente ohiaren kontuak. Ez zen ezustekoa izan, hala espero baitzen.
Lasaitasuna eta modu egokiak izan ziren nagusi herenegun Eukalduna jauregian eginiko batzarrean. Garcia Makuak bere aurrekontuak kostata ateratzen zituen garaiak iragana dirudite, Euskaldunan bilduriko 746 bazkideetatik 548k ontzat eman baitzituzten Urrutiaren zenbakiak. 61 milioi euro asko dira, eta presidenteak aurrerantzean gastuak murriztu behar direla esan zuen, baina alarmismorik gabe. «Beste klubekin alderatuta, Athleticen ondasunen egoera ez da larria. Baina lanean jarraitu behar dugu gastuen zenbakiak ahalik eta gehien doitzeko».
Azken egunetan zeresan asko eman dute Makuaren azken kontuek, Barria bazkideek —San Mames berrian eserlekua izango dutenek— jarritako 7,3 milioi euroak diru sarrera gisa agertzen zelako. Urrutiak, baina, ez du zilegi ikusi horiek aintzat hartzea estadioa bukatua egon arte. Bazkideek hitza hartzeko aukera izan zutenean Juan Antonio Zarate Makuaren kontulari izandakoak hartu zuen hitza, eta «zulorik» ez dagoela esan zuen beste behin. Azkenik, eta estadio berriari dagokionez, 2013-14ko denboraldian sartuko dira lehen bazkide berriak, baina 2015era arte lanak ez dira euren osotasunean bukatuta egongo.
Urrutiak babes zabala jaso du bere lehen batzarrean
61 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du sasoi honetarako, eta bazkideen %73k onartu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu