Urrutiak derrigor irabazi behar dio gaur Urrizari, finalerdietan sartzeko

Galduko balu, Zeberio II.a igaroko litzateke Urrizarekin batera Kutxa torneoko hurrengo fasera

Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Erremonteko buruz buruko Kutxa torneoa iritsi da final-laurdenetako ligaxkako azken partidara, eta gaur jakingo da nor pasatuko den Urrizarekin batera finalerdietara. Iruñekoak eta Urrutiak elkarren kontra jokatuko dute Galarretan (16:00), eta, azken emaitzaren arabera, Saldiaskoa edo Zeberio II.a igaroko da hurrengo fasera. Urrutiak bere esku dauka helburua lortzea, irabazita nahikoa baitu. Galduko balu, berriz, Elduaingoa ariko litzateke finalerdietan. Urriza sailkatuta dago, baina horrek ez du esan nahi arratsalde-pasa joango denik pilotalekura. Izan ere, garaipenak lehen postua bermatuko lioke, eta, hala, San Migueli egingo lioke aurre finalerdietan, datorren larunbatean. Bigarrenak Ezkurraren kontra jokatuko du, hilaren 27an.

Urrutiarentzat oso norgehiagoka garrantzitsua da gaurkoa. Aspaldian ez dabil ohiko mailan, eta galduko balu kolpe handia hartuko luke. Saldiasko txapeldun ohia irtengo da faborito apustuetan, baina Urrizak argi erakutsi du ligaxkan oso indartsu dagoela eta edonori irabazteko gai dela. Presio handiagoa, gainera, Urrutiak izango du, eta horrek urduri jarriko du, zailduta dagoen arren. Halako lehia garrantzitsuetan gertatu ohi den moduan, sakea zein errestoa izango dira garaipena lortzeko gakoak. Urriza bikain moldatu da bietan orain arte, eta Urrutia ez hain ondo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.