Urrutikoetxea eta Gonzalezen artekoa, larunbatean Tolosan

Idoatek kostata irabazi zion herenegun Lasari, eta Olaizola I.a izango du aukari ostiralean, Lekunberrin

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Sebastian Gonzalezek eta Mikel Urrutikoetxeak Tolosan jokatuko dute, larunbatean, iragan asteburuan Azkaingoaren sukarraren erruz bertan behera geldituriko Lau t'erdiko Txapelketako lehen faseko partida. Asegarcek beste jaialdi bat antolatzeko aukera baztertu egin du, eta bi partidak bata bestearen atzetik jokatuko dira. Atzeraturikoa izango da estelarra, eta Jon Ander Albisu eta Ekaitz Saralegiren artekoa jaialdiko hirugarren partida. Sarrerek 30 euro balioko dute.

Atariko pila eta zapuzturiko hasieraren ondoren, ostiralean —jaieguna da Hego Euskal herrian— jokatuko da lehen partida (17:00), Lekunberrin. Mikel Idoate Asier Olaizolaren aurka. Txantreakoak asteburuko bigarren atarikoa irabazi zuen herenegun, Eibarren, Aritz Lasaren aurka (22-17). Olaizolatar nagusia, berriz, txapelketara itzuliko da iaz enpresak kanpoan uztea erabaki ondoren.

Lau t'erdiko lehen faseko azken partida Eibarren jokatuko da, igandean, Aitor Mendizabal eta Iker Arretxeren artean (17:00). Antzuolarra 2. Mailako txapeldun izan zen iaz, eta aurrenekoz ariko da Lehen Mailakoan. Arretxek, berriz, 22-20 irabazi zuen Olaetxearen aurkako atarikoan. Bestalde, 2. Mailako bi partida jokatuko dira igandean Arbizun (18:00): Apezetxea Zabaletaren aurka, eta Gorka-Ezkurdiaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.