Urtarrileko aldapa benetan gogorra ari da izaten Osasunarentzat. Estatistikei erreparatu besterik ez dago. Jose Luis Mendilibarrek zuzendutako taldeak sei partida jokatu ditu urteko lehen hilabetean, eta ez du bakar bat ere irabazi: bi berdindu ditu, eta lau galdu. Argi dago ez dela inondik inora urtea hasteko modu ona.
Osasunak etxetik kanpo jokatu zituen urteko lehen bi partidak, Camp Noun Espainiako Kopan, eta Anoetan Ligan. Aurrenekoan 4-0 galdu zuen, eta derbian hutsean berdindu. Realaren aurkakoan, hala ere, zortea izan zuten gorritxoek, Andres Fernandezengatik izan ez balitz, Iruñeko taldea esku-hutsik itzuliko baitzen etxera. Mendilibarrek berak aitortu zuen ez zutela merezi puntu bat eskuratzea.
Ordutik jokatutako lau partidak Iruñean jokatu ditu. Halere, etxean ere ez da gai izan irabazteko: urtarrilaren 12an, 1-2 galdu zuen Bartzelonaren aurka, Kopako final-zortzirenetako itzulikoan; hiru egun geroago, berriro galtzaile izan zen, Racingen aurka, Ligan (0-2); astebete geroago, berriz, bana berdindu zuen Valentziarekin, Lolok azken unean sartutako golari esker; azkenik, herenegun, 0-1 galdu zuen Atletico Madrilen aurka.
Osasunako kideek atzean utzi nahi dute urtarril eskasa, eta ondo hasi otsaila. Horretarako, Sportingi irabazi nahi diote igandean. Gijongo taldea ere bolada txarrean da, eta suspertu nahian, Manuel Preciado kendu zuen atzo entrenatzaile kargutik.
Urtarrileko aldapa
Osasunak ez du irabazi urteko lehen hilabetean jokatu dituen sei partidetan: bi berdindu ditu eta lau galdu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu