Urtarrileko aldapa

Athleticek gaurko Kopako kanporaketa gaindituz gero, astean bi partida jokatu beharko ditu hilabetean

haritz gallastegi
2008ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Golak, sendotasuna, joko hobea, talentua, zortea... Athleticek gauza berberak eskatu ditu hirugarrenez urte berrirako. Ez da seinale ona. Talde zuri-gorriak dituen gabezien eta ezintasunaren adierazgarri dira. Dena dela, Athleticek eskatzen dituen gauzak eguneroko beharrarekin lortzen dira. Egiari zor, gauza batzuk lanarekin ere ez. Hala ere, ezin da etsi. Lehen taldeak dituen muga guztiak onartu eta kluba indartsu egiten duten gauzekin egin behar da aurrera. Indarrak agortu arte. Denboraldiren batean ez da nahikoa izango ikasturtea gainditzeko. Orduan beste era bateko arazoak izango ditu Ibaiganek. Baina egun hori ailegatzen den bitartean, aurrera egin behar da. Bide horretan oztopo asko aurkituko ditu Caparrosen taldeak. Ahalik eta aurkari gehien gainditzea baita helburua.

Espainiako Kopako itzuliko norgehiagoka izango da 2008ko lehen zailtasuna. Espainiako Kopa 23 aldiz irabazi duen talde batentzat ilusioz beteriko lehiaketa izan beharko litzateke, egun Athleticek irabaz dezakeen lehiaketa bakarra baita. Beraz, Hercules mendean hartzea izan beharko litzateke zuri-gorrien buruko min bakarra.Halere, epe luzera begira aurrera egitearen garrantzia talde zuri-gorriaren kalterako izan daiteke. Kopan aurrera egiteak bere alde onak eta txarrak baititu.

Ligan jokatzen dutenekin jokatuz gero, denboraldia luzeegia izango da beti jokatzen duten futbolarientzat. Horrek ondorio larriak ekar diezazkioke Athletici. Erregulartasunaren lehiaketan jokatzeko aukera gutxi dutenekin aurrera egitea izango litzateke egokiena. Hala, egun jokatzeko aukerarik ez dutenek minutuak izango lituzkete, eta entrenatzaileak, haien beharra izanez gero, sasoian izango lituzke. Baina Athleticek ez dauka horretarako gaitasunik. Taldeko ordezkoek ez dute ez mailarik, ez konfiantzarik, Kopan aurrera egiteko, eta kanporaketak irabazten joanez gero 18 egunean sei partida jokatu beharko lituzkeela kontuan hartuz gero...



MURILLO ETA GARMENDIA, HASIERATIK. Caparrosek nahiago du urtarrileko aldapa gogorra izatea leuna izatea baino. Normala. Berez hori baita kirolari guztien helburua. Joaneko partidako emaitza ona izan arren (2-2 berdindu zuten), Ligako hasierako hamaikakoetan ohikoak diren jokalari asko zelairatuko ditu. Iraolak, Orbaizek, Amorebietak, David Lopezek eta Gabilondok hasieratik jokatuko dutela dirudi.

Bestalde, azken jardunaldietan gutxi parte hartu arren, Athleticentzat oso garrantzitsuak izan behar diren jokalariei ongi etorriko zaie Herculesen aurkako partida: Aduriz, Del Horno eta Ustaritz daude talde horretan. Azken jardunaldietan gutxi jokatu arren, aurrelari gipuzkoarrak teknikariaren konfiantza osoa dauka. Euskal Herriko selekzioarekin sartutako golak asko lagundu diezaioke konfiantza berreskuratzen. Jokalariaren lana eta gogoa apartak izan dira, baina aspaldian golik sartu ezinda dabil. Del Hornok ere aukera ona izango du ezker hegaleko nagusia bera dela erakusteko. Herculesen aurkako joanekoan sasoiko partidarik onena egin zuen. Egiari zor, nabarmendu den partida bakarra izan da.

Ustaritzentzat ere partida interesgarria izango da. Ocioren lesioa tarteko hurrengo asteetan jokatzeko aukera izango du. Clementerekin eman zuen maila berreskuratzen badu, inork ez dio postua kenduko. Hirugarren multzo bateko bi kide ere egongo dira hamaikakoan: Murillo eta Garmendia Ligan jokatzen ez duten taldekoak dira. Bata zein bestea asko ari dira sufritzen. Murillorentzat egoera berria delako. Lehen taldeko jokalaria denetik sekula ez da egon horrenbeste denbora hain gutxi jokatuta. Garmendiak, berriz, lesioak izan ditu profesional egin zenetik. Athleticen jarraitzeko edo beste talderen baten arreta bereganatzeko balia dezake aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.