Haientzat hain garrantzitsua ez dela esango dute alde batekoek. Hiru puntu baino ez direla bestekoek. Baina inork ez die sinetsiko. Galde diezaietela, Donostian edo Bilbon, eguraldi kaskarrari aurre eginez sarrera lortzeko ilara amaiezinak egin dituztenei. Edo galde diezaietela jokalariei, estadiorako bidean autobusetik kalean dagoen giroa ikusten dutenean, edo 30.000 pertsonek sortutako zalapartaren erdian zelaian agertzen direnean. Realaren eta Athleticen arteko derbia ez da futbol partida huts bat, futbola bera kirol huts bat ez den legez. Derbia lehia da. Ospakizuna. Historia. Herri baten arnasa.
Gaurko egunez, duela 34 urte, Kortabarriak eta Iribarrek ikurrina plazaratu zuten Atotxan. Gertaera gogoangarri hark markatu zuen partida, baina Realeko zaleek ez dute berehalakoan ahaztuko euren taldeak sartutako gol zaparrada, eta Satrustegik areaz kanpo jotako burukada ikusgarria. Ezta Kodroren arratsalde magiko batean Anoetan sartutako 5-0ekoa ere. Athleticeko zaleek ere gogoratuko dute, derbia derbia delako, eta derbietan gertatzen den guztiak arrastoa uzten duelako. Fernando Garcia Makua Athleticeko presidenteak besterik badio ere, albiste bikaina da etenik izan behar ez zuen Lehen Mailako Euskal Herriko klasikoa berreskuratzea. Iraun dezala urte askoan.
Realeko jokalari askorentzat estreinako derbia izango da. Baita Martin Lasarterentzat ere: «Horrelako norgehiagoketan, hiru puntuez gain, beste hainbat gauza egoten dira jokoan. Derbi hau ez dut jokatu, baina bai beste batzuk, bakoitza bere ezaugarriekin. Gustatzen zait berezkoa duten lehia bizia eta pasioa». Uruguaitarra baikor azaldu zen herenegun: «Aste lasaia izan da barruan, besteen antzekoa. Giro ona izan dugu. Ausardia erakutsi beharko dugu irabazteko, eta gugan konfiantza eduki. Uste dut taldeak ez duela goia jo, eta gauza gehiago lor ditzakeela».
Amestutako egoeran egingo dio aurre Realak norgehiagokari, askok uste baino askoz hobeto egokitu delako Lehen Mailara, eta beheko postuak urrun dauzkalako. Hiru puntuak oso tentagarriak dira. Lehen itzulia bukatzeko bost jardunaldiren faltan 22 puntu edukitzeak, hau da, lan erdiak baino gehiago eginda izateak, sekulako konfiantza emango lioke. Partidaz partida joan beharra badago ere, ezin da ahaztu Bartzelona eta Valentzia datozela ondorengo bi jardunaldietan, eta puntuak batzea zaila izango dela. Hala ere, Gijonen irabazitako partida altxor bat izan da txuri-urdinentzat, bi porrot zeramatzatelako jarraian, ondo jokatu arren, eta bolada txarra lehenbailehen moztu behar zelako.
Fernando Llorente da Realarentzat buruhauste nagusia. Ez da harritzekoa, munduko aurrelaririk onenen artean baitago orain, eta orain arte Lasarteren jokalariek ez baitute haren tankerako errematatzaile batekin topo egin. Baina Realak konfiantza du bere erdiko atzelariengan eta bere Llorenterengan, Josebarengan. Ligako lehen zatian arazo fisikoengatik dezente sufritu ondoren, joko bolada onean dago. Golak sartzeaz gain, taldekideekin ere ederki jokatzen ari da. Molinonen Prietori eman zion goleko pasea ikusi besterik ez dago.
Anoetarengan ere fede itsua du Realak. Eroso ari da bertan, zaleek lagunduta, eta gaur inoiz baino laguntza handiagoa izango du. Badaki, gainera, Athletici kostatzen ari zaiola etxetik kanpo emaitza onak izatea, gol asko jaso dituela, eta zelai erdiko hirukotearekin min handia egin diezaiokeela. Baina bilbotarrek egutegi oso zaila izan dutela ere kontuan hartu behar du. Tamudo min hartuta dago, eta haren ordezkoa da deigarriena deialdian, Diego Ifran lehen aldiz sartu baitu Lasartek. Ondo entrenatzen ari da, eta Mirandesen aurkako lagunartekoan gol ederra sartu zuen. Markel ere osatu da, eta zerrendan dago, Estradaren kaltetan.
Dinamika aldatzeko asmoz
Azken hamaika hilabeteetan etxetik kanpo norgehiagoka bakarra irabazi duen talde batentzat gurutzebidea behar luke zaleen babesetik urrun jokatzea. Athletic dago egoera horretan. Baina zuri-gorriei ez die aparteko kezkarik sortzen. Barneratuta daukate orain arte erakutsi dutena baino askoz gehiago eman dezaketela etxetik kanpoko partidetan. Horrenbestez, berandu baino lehen emaitza onak eskuratzen hasiko direla uste dute. Taldeak duen gaitasunean konfiantza izatea oso garrantzitsua da aurreikusitako helburuak betetzeko. Baina konfiantza izatea ez da nahikoa. Konfiantzak ez baitu punturik ematen.
Sei onenen artean sailkatzea xede duen talde batek ezin du gehiago itxaron etxetik kanpo aurrerapausoa emateko. Ezin da denboraldi osoan zehar San Mameseko mirarien zain egon, jakina baita lehenago edo geroago huts egingo duela. Seguruenik ez da euskal derbia baino neurketa aproposagorik egongo etxetik kanpoko dinamika txarrari amaiera emateko. Anoeta gainezka egongo da. Sarrera guztiak bukatu dira. Beraz, futbol giro aparta egongo da. Beroa. Etxeko taldeak sekula baino babes gehiago izango du. Beraz, ez da erraza izango motibatzeko aukera hoberik aurkitzea.
Neurketa bakarra azterketa sakonak egiteko nahikoa izan ez arren, euskal talderik onena zein den erakusteko aukera izango dute lehoiek. Pentsamendu horrekin zelairatu beharko lukete, behintzat. Zuri-gorriek argi dute Reala ez dela eurak baino gehiago. «Gu gara faborito», esan dute Llorentek eta Susaetak aste honetan. Etxetik kanpoko partida bati aurre egiteko jarrera egokia da. Anoeta da dinamika aldatzeko zelai aproposena.
Partida erakargarri batek izan behar dituen gauza guztiak ditu derbiak. Baina, azken finean, bi taldeen arteko lehia bat baino ez da izango. Futbol partida bat. Horrenbestez, zelaian gehien asmatzen duenak irabaziko du. Jokalariak, zaleak eta adituak iritzi askotakoak dira. Guztiak ez datoz bat neurketaren giltzak emateko orduan. Llorentek, esaterako, lehia gogorra eta estua aurreikusi du. Athleticeko aurrelariaren esanetan «xehetasun txikiek» erabakiko dute norgehiagoka.
Baina ez dira gutxi bestelako iritzia dutenak ere. Azken hamarkadetako euskal taldeen ezaugarri nagusia lanerako gaitasuna, konpromisoa eta batasuna izan dira. Talentu faltari aurre egiteko nagusitu diren dohainak izan dira. Baina gaur, neurketa euren kabuz erabaki dezaketen futbolari asko arituko dira. Beste derbi batzuetan baino gehiago: Xabi Prietok, Griezmannek, Joseba Llorentek, Fernando Llorentek, Muniainek, Susaetak... banakako jokaldi bat nahikoa dute neurketa goitik behera aldatzeko. Arreta berezia merezi duten futbolariak dira.
Beraz, kontzentrazioa izan daiteke derbiko giltzetako bat. Bi taldeetako jokalariren batek lo hartzen baldin badu, etxera burumakur bueltatzeko arriskua izan dezake. Athleticeko jokalariek ondo baino hobeto dakite hori. Txapelketa hasi zenetik 23 gol jaso ostean, obsesio bihurtu da eurentzat Iraizozen atea zaintzea. Landu beharreko arloa da. Athleticek denboraldi asko daramatza defentsako lanean dituen gabeziak konpondu ezinda.
Erasoan, golak egiteko orduan, bestelakoak dira kontuak. Banakako jokaldi bati esker izan ez denean, korner batean izan da. Edo falta batean bestela. Baina Athleticek neurketa guztietan egin du gutxienez gol bat. Beraz, zelai erditik aurrera ez dirudi arrazoi handirik dagoenik aldaketak egiteko. Baina nork jakin? Izan ere, Caparrosek ateak itxita egin ditu azken bi lan saioak. Ezustekoren bat prestatzen ibili ote da? Ez dirudi. Teknikari zuri-gorria ez baita hamaikakoetan aldaketa sakonak egin zalea.
Urte askotarako
Lehen Mailako klasikoetako bat jokatuko dute gaur Realak eta Athleticek Anoetan, hiru denboraldiko etenaldiaren ondoren. Diego Ifran sartu dute Realaren deialdian; Athleticen ez dago aldaketarik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu