Julen Retegi. Aspeko pilotaria

«Urte osoan handien aurka jokatu gabe egonda, zaila da euren abiadurara egokitzea»

Lehen eta Bigarren Mailako partiden artean trabatuta, banakako txapelketak dira bere helburuak. Igandean final-laurdenetako ligaxkari ekingo dio, puntako aurkariekin lehiatzeko duen aukera bakarretakoa.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Herenegun Ekaitz Saralegiri irabazi ondoren, atzo goizean ehizara joan zen Retegi Bi (Iruñea, 1985). «Usoetara, baina ez dugu bat ere bota. Oso altu zihoazen. Mendi buelta egiteko aitzakia zen». Gaur du Irujoren aurkako partidarako pilota aukeraketa Eibarren (11:30), eta ez du uste igandearen aurretik entrenamendu saio gogorrik egingo duenik.

Irabazita hobeto egiten al da lo?

Bai, hobeto. Partida osteko tentsioa kentzean nekeak berehala hartzen zaitu.

Partidaren ondoren tentsio handiarekin jokatu zenuela onartu zenuen.

Presio handia nuen. Azken batean, nik buruz burukoa eta lau t'erdikoa jokatzen ditut bakarrik. Urte osoan ez dut Irujo, Olaizola II.a eta horien aurka jokatzen… eta hau da aukera bakarra.

Faltan sumatzen duzu handien aurka gehiago jokatzea?

Bai, eurek beste abiadura bat ematen diotelako jokoari. Euren aurka jokatzen baduzu, abiadura horretara egokitu egiten zara, baina urte osoan euren aurka jokatu gabe, zaila da. Aurkariak zu hobetzen zaitu. Gero, pilotetan ere badago aldea.

Hainbeste aldatzen dira pilotak lehen partiden eta estelarren artean?

Bai, eta ziur hirugarren partidak jokatzen dituztenek alde handiagoa nabarituko dutela. Pilota onak beranduago moteltzen dira. Herenegun, esaterako, gure aurretik Olazabalek eta Apezetxeak jokatu zuten lau t'erdiko partidan pilotak motelagoak ziren.

Zure egutegia oso bitxia da: ez binakako txapelketarik, ez udako torneorik… Ez dirudi erraza jasaten.

Zaila da. Neguan gutxi jokatzen duzu, hamabost egunean behin edo, eta hala zaila da erritmoa hartzea. Nire egutegia boxeolariena bezalakoa da: egun jakin batean duzu borrokaldia eta ezin duzu kale egin. Galtzaileaz ez da inor oroitzen.

Ligaxkak hiru partida on gehiago ziurtatzen dizkizu.

Hori da, eta orain ezin da zalantzarik izan. Denok txapelaren bila goaz, eta gal daiteke, baina ezin da aurretik mugarik jarri.

27 urterekin oraindik nola jotzen duzun erakutsi behar duzu?

Nik uste dut erakutsi dudala nola aritzen naizen. Udan buruz buru jokatu nuen Jaunarenarekin, bi aldiz irabazi nion lau t'erdian Arretxeri... Baina hau halakoa da, beti erakutsi behar duzu zure maila zein den. Uda ona izan da, hamabi partida jokatu ditut, eta hamar irabazi. Hor daude zenbakiak.

Etxeko lanak eginak daude jada?

Ligaxkarekin iazko postua mantentzen dut. Baina konplitu… nik txapela nahi dut. Jokatzen duzunean, irabazteko jokatzen duzu; bestela, hobeto ez jokatzea.

2009an finalerdietako ligaxka jokatu zenuen. Zer ikasi zenuen?

Urte hartan nik sei partida jokatu nituen. Guztira, sei aste eta entrenamenduak. Luze egin zitzaidan; ez dakit ez ote zen gehiegi izan niretzat.

Final-laurdenetako ligaxka nola ikusten duzu? Barriolari irabazteko gogo berezia izango duzu.

Bai, bai! Barriola nire mamu beltza da. Elkarrekin entrenatzen gara, eta elkarri esaten genion ligaxkan berriz ere topo egingo genuela. Ea laugarren aldian niri irabaztea egokitzen zaidan. Iaz estu hartu nuen [22-20 galdu zuen], baina azkenean ihes egin zidan. Irujorekin ere entrenatu naiz, eta ondo dago. Berasaluzek, azkenik, Olaizola I.aren aurka erakutsi zuen baino hobeto jokatzen du.

Lau t'erdiko on batek binakakora gertura zaitzake?

Orain lau t'erdikoan gaude. Tira, azken urteetan final-laurdenetara iritsi nintzen, Barriola estu hartu nuen, eta Lasa aukeratu zuten gero. Ni ez naiz horrekin itsutzen; hautatzen ez banaute, beste batek hobeto egiten duelako da, eta jartzen banaute, ni, pozik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.