Sasoi honen amaieran bukatuko du Osasunarekin duen kontratua Jose Luis Mendilibarrek (Zaldibar, 1961), baina hobetu beharreko gauzak badituztela jakin arren, sailkapeneko postu gozoenetatik gertu dauka taldea, eta helburuak bete ostean kontratua luzatzea amesten du. Pozik dago Iruñean. Hanka sartzeren baten ondorioz une zailak ere izan ditu, baina urte askotan jarraitu nahiko luke gorritxoen arduradun.
Bigarren denboraldia duzu Osasunan, dagoeneko Iruñeko klubaren gauza onak eta txarrak zein diren ikasiko zenuen, ezta?
Gauza txarrak baino gehiago dira gauza onak, zalantzarik gabe. Ia dena ona da, beharra egiten lasai uzten dizute, galtzen duzunean ez dizute aurpegi txarrik jartzen, lanerako behar dugun dena daukagu Taxoaren eta zale bikainak ditugu. Ondo egoteko behar den dena daukat Osasunan. Gauza txarrik ez dut ikusten.
Gauza onetatik onena zein da?
Dauzkagun instalazioak eta zelan uzten dizuten beharra egiten. Hori da onena, nire ustez.
Txarrenetatik txarrena?
Nire hanka sartzeak izan dira orain arteko gauzarik txarrenak. Isilik egoten ez dut asmatzen.
Faltsuagoa edo zuriagoa izaten ikasteak mesede egingo zizun, bai.
Baina ez dakit. Jende askok esaten dit kazetarion aurrean ez dela dena esan behar; zuek onak zarete, baina laguntza asko ez duzue ematen. Titulu bat emateko aukera daukazuenean berehala ematen duzue, polemikoa izan daitekeen adierazpen hori ez duzue testuan hizki txikiekin uzten. Neure buruari esaten diot askotan isiltzeko; pare bat astez lor dezaket, baina hirugarrenean berriro naizen bezala azaltzen naiz.
Taldea Europako postuetatik hain gertu ikustea zer da zuretzat une honetan, ametsa ala amesgaiztoa?
Hankei lurrean eutsiz gero, ondo gaude, ez da ez ametsa eta ez amesgaiztoa. Gure helburua Lehen Mailan jarraitzea dela ezin dugu ahaztu, baina, era berean, beste hamabi talderen moduan gauzak ondo eginez gero sailkapenaren goialdean sar gaitezkeela ahaztea ere ez da komeni. Gaur Betis dator, eta mundu guztiak esaten du oso txarto dabilela Betis. Bada, begira, irabazten badigute gugandik bi puntura izango dira sailkapenean. Ligako partida asko geratzen dira oraindik. Bide onean gaude, jokoa hain ona izan ez bada ere askotan. Partida batzuk onak egin ditugu, Espanyolen aurkakoa, esaterako, baina ea Betisen aurka ere maila berean jarraitzea lortzen dugun.
Arrazoia duzu, jaisteko postuak sei puntura izanik Europarekin amestea gehiegizkoa izango da.
Hori da, guk oraindik bolada txarrik ez dugu izan; hiru partida galdu ditugu, Camp Noun, San Mamesen eta Santiago Bernabeun, baina oraindik ez gara izan hiruzpalau partida jarraian irabazi ezinda. Eta normalean beti izaten dira horrelako boladak. Begira Betis bera nola hasi zen Ligan.
42 puntu lortu arte ez dago beste ezertan pentsatzerik orduan?
Hala izan beharko lukeela uste dut. 11 jardunaldiren faltan 39 punturekin ginen Valladoliden, UEFArekin ametsetan hasi ginen, eta hurrengo hamar partidetan zazpi galdu eta hiru berdindu genituen. Gero, azken jardunaldian, Betisen etxean hil edo biziko norgehiagoka jokatu behar izan genuen. Berdindu egin genuen, eta Betis jaitsi egin zen, baina galduz gero gu jaitsiko ginen. Horregatik diot. Lehen Maila oso gogorra da, eta bigarren itzulian nekezago biltzen dira puntuak.
Osasunak iragan sasoikoaren antzeko taldea dela dirudi, baina hamaika jokalari berri badituzu zure aginduetara.
Aldaketa asko dira gurea bezalako talde batentzat. Bospasei jokalariri eutsi egin behar zaio hamaikakoan urte batetik bestera. Gainera, lehen jardunaldiko hamaikakoa azkenengoarekin alderatzen baduzu asko aldatu dugula ikusiko duzu. Dena dela, horrek gauza bat erakusten du: teorian aukera gutxiagorekin hasi zen jendeak ondo erantzun du entrenamenduetan. Kopan ere laster hasiko gara lehiatzen, eta trankil nago.
Raul Garciaren itzuleraz asko hitz egin da, zuk zer diozu?
Oso jokalari ona dela, eta guretzat beste talde batentzat baino gehiago agian. Kostatu zaio gure erritmora egokitzea; golak sartu ditu, goleko paseak ere eman ditu, baina ez du ahal bezain ondo jokatu. Gauza gutxi egiten zituen 90 minutuetan. Baina gero eta hobeto dago, Espanyolen aurka lan ederra egin zuen, entrenamenduetan ondo ikusten dut, eta asko emango digu oraindik. Puntaerdi lanetan jarri dut, baina dagoeneko euskarri bikoitzean aritzeko prest dagoela uste dut. Orain artean ez, baina erritmoa hartu du dagoeneko.
Datorren denboraldian Osasunan jarraituko al du?
Oso zaila izango da hori, Atletico Madrilekin kontratua dauka; berak badaki normalean ez duela Atletico Madrilen gehiago jokatuko, baina zer-nolako denboraldia egiten duen ikusi beharko da. Etorkizunean saldu eta diru apur bat lortzeko luzatu zion kontratua Atletico Madrilek, nire ustez. Berak Europan lehiatzeko aukera emango dion talderen batean izatea nahiko duela uste dut, gaztea da oraindik. Baina ez dago jakiterik. Osasuna berarekin talde osoagoa eta hobea da. Ziurrenik berarekin sailkapenean aurrerago amaituko du Osasunak, baina dena dago airean. Nik neuk jarraituko al dudan ere ez dakigu; gainera, Raulek hemen geratzeko indarra egiten al duen ere ikusi beharko da, Atletico Madrilek zer pentsatzen duen…
Hurrengo galderari aurrea hartu diozu. Mendilibarrek Osasunan jarraituko al du?
Ni oso ondo nago hemen, pozik. Presidentea, zuzendariak eta langile guztiak pozik baldin badaude, ez da arazorik izango ni Osasunan aritzeko. Oraindik goiz da, dena dela, eta emaitzek esango dute egia. Nire esku balego, urte pare bat soilik ez, gehiago jarraituko nuke Osasunan. Oso ondo nago; etxetik gertu nago, eta familia ere pozik dago. Sasoia amaitu aurretik zerbait jakingo dugu.
Atezainaren inguruko galdera, Riesgok denboraldi-aurrean postua irabazi eta gero aukerarik ez izatea bidegabea ez al da?
Asierrentzat egoera zaila dela badakit, eta osatu zenean jokatu egin beharko lukeela pentsatzen zuen Riesgok normala den moduan. Lesioak partida bat edo bi galtzea soilik eragin izan balu, akaso berak jokatuko zuen berriz hasieratik, baina bospasei partida galdu zituen, Andresek ondo baliatu zuen aukera eta ez aldatzea hobea izango zela pentsatu nuen. Niri berdin zait Andresek, Ricardok edo Asierrek jokatzea. Benetan diot, berdin zait. Badakit Asierrentzat kalte handia izan dela lesioa; iaz ere ez zuen jokatu, eta gogorra da. Baina ni pozik nago bere beharrarekin: ondo ari da entrenatzen, eta orain Kopan aukera izango du. Kopan ondo erantzuten badu, akaso Ligan aritzeko aukera ere izango du, auskalo. Kopako aukera baliatu behar du.
Taldean hiru atezain izatea ez da oso normala, dena dela.
Iragan sasoian Ricardo, Asier eta Natxo Zabal geneuzkan. Sasoi honetan, Zabalek Numantziara alde egin zuen utzita, eta Imanol Eliasek bigarren taldearekin nola jokatuko zuen ez genekien, Zabal zegoenean gutxi jokatu baitzuen Eliasek. Bi atezain bakarrik izatea arriskutsua zela pentsatu genuen, are gehiago Andresek zer itxura emango zuen ez genekienean. Horregatik geratu ziren hirurak.
Badakit eurentzat ez dela ona, hirurak atezain onak baitira, baina horrela izan dira gauzak. Ricardorentzat ere gogorra izaten ari da ez jokatzea eta deialdietatik kanpo geratzea. Oraindik joka dezakeela uste du, eta neuk ere bai, ondo ari baita entrenatzen. Ez daukat kexurik, baina hiruretatik bat besterik ezin dut aukeratu.
Atean arazorik ez duzu, atzeko lerroan bai?
Jokalari asko aldatu ditugu defentsan, baina gehienetan lesioen ondorioz izan dira aldaketak, eta Bartzelonaren eta Real Madrilen zelaian gol zaparrada handiak hartu ditugu, baina gainontzean taldea sendo aritu dela uste dut. Hiruzpalau partida golik jaso gabe amaitu ditugu, eta hori seinale ona da. Eta Raitalari buruz ere asko hitz egin da, baina jokatzeko moduan egon den gehienetan hasieratik jokatu izan du. Estrategia jokaldietan golik ez digute sartu oraindik. Nire ustez, defentsan baino gehiago baloia erabiltzen eta jokoa sortzen egin dugu kale.
Rayoren aurka behintzat hutsegite ugari egin zituen Osasunak.
Oso txarto aritu ginen baloiarekin, oker gehiegi egin genuen paseetan. Mallorca eta Rayo lotsagabe zelairatu ziren Nafarroako Erresumara, eta kosta egin zitzaigun ondo jokatzea. Beste talde batzuk beldurtuta zelairatu ziren, Sevilla edo Zaragoza, esaterako. Betis ez dakit zelan etorriko den, baina beldur barik etorriz gero, ez da partida erraza izango, baloia ondo erabiltzen baitute. Dena aldatu gura badute, fabore bat egingo digute.
Defentsan Satrustegi izan da deialdian sartu duzun azken jokalaria; bi partida jokatu eta bi txartel gorri ikusita jokalaria ez da gozo izango.
Tentsio larregirekin aritu da, eta bigarren taldearekin ere bi aldiz egotzi dute denboraldi honetan. Horretan hobetu beharra dauka, baloira iritsi ezin duenean lasaitzen asmatu behar du. Gazteen gauzak dira, baina ikasiko du. Ahal fisiko bikaina dauka, baloia ondo erabiltzen du, eta urduritasuna kontrolatzen ikasiko du.
Etxekoei aukera ematea asko kostatzen zaizuela aitortu zenuen, baina Osasunan hain nafar gutxi izanik Satrustegi zuk igo duzula esatea ere tentagarria izango da, ezta?
Entrenatzaile batzuei gutxiago kostatzen zaie, baina nik lehen taldean 25 jokalari baldin baditut normalena haiek erabiltzea izango da, ezta? Bestela, zertarako dauzkat! Niretzat errazena Satrustegi jarri eta jendearen aurrean puntu batzuk irabaztea izan daiteke, baina ezin ditut erabakiak horregatik hartu. Raitala fitxatu dugu, eta jokalari horrek barruan duena ematen saiatu beharko dut lehendabizi. Satrustegi hobea bada, Satrustegik jokatuko du, dena dela.
Jose Luis Mendilibar. Osasunako entrenatzailea
«Urte pare bat soilik ez, gehiago egin nahiko nituzke hemen»
Denboraldi hasiera gozoa izaten ari da, eta une desatseginagoak pasatu ditu kazetarien aurrean aulkian baino. Sasoi bukaeran kontratua bukatuko zaio, eta ez luke taldea utzi nahi, hark dioenez, «dena» duelako Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu