Urteko partidarik ederrena

Eibarrek eta Realak derbi historikoa jokatuko dute gaur, Ipuruan; hiru puntu eta ohorea daude jokoan

UNAI ZUBELDIA / XABIER LOPETEGI DONOSTIA
2007ko irailaren 1a
00:00
Entzun


Eibarrek eta Realak derbi historikoa jokatuko dute gaur, Ipuruan; hiru puntu eta ohorea daude jokoan
U. ZUBELDIA / X. LOPETEGI

Donostia

Bigarren Mailako egutegiaren zozketa egin zutenetik, eibartarrek gorriz azpimarratuta daukate irailaren 1a. Beti albotik begira, beti gora begira, anaia nagusiaren bisita jasoko dute gaur eibartarrek. Txikia eta handia aurrez aurre, baina txikia handituta eta handia txiki-txiki eginda. Liga hasi eta krisi hotsa entzuten hasi dira Donostia aldean, eta Eibarren, berriz, lasaitasuna, poza, gozatzeko gogoa dago. Ez presiorik, ez galtzeko beldurrik. Eibartar askorentzat, historiako partidarik ederrena izango da gaurkoa, eta gozatu egin nahi dute.

Zaleen moduan, Eibarko zuzendaritza Realaren aurkako partidaren zain zegoen, eta hautsak harrotu dituen neurria hartu du. Bazkideek 30 euro ordaindu beharko dituzte gaurko partida ikusteko, eta bazkide ez direnek, berriz, 60-70 euro. Askorentzat astakeria, beste batzuentzat hartu beharreko neurria, baina, prezioak prezio, giro zoragarria egongo da gaur arratsaldeko 18:30ean Ipuruan.

Hiru puntu besterik ez daudela jokoan, beste partida bat besterik ez dela... Javier Mandiola Manix saiatu da giroa lasaitzen, baina eibartarrek Ligako lehen garaipena nahi dute gaur etxean, Realaren aurka. «Egun berezia izango da, eta normala da jokalariak oso motibatuta egotea». Jokalarien motibazio hori baliatu nahi du Mandiolak Ipuruan egin ohi duten presio zorrotz hori are zorrotzagoa izateko.

Eibarrek puntu polita lortu zuen joan den larunbatean Ferrolgo Racingen etxean. Hiru irabaz zitzaketen, baina etxetik kanpo puntu bat irabaziz hastea ona da. Eta Mandiolak ez du aldaketa handirik egingo hasierako hamaikakoan. Atzeko lerroan izan daiteke aldaketa bakarra. Medina eta Alaña izan ziren erdiko atzelariak lehen partidan, eta gaur, ziurrenik, Urzelai ariko da Medinaren tokian. Gainerakoan hamaikakoa berbera izango da: Cuellar atean, Txiki, Urzelai, Alaña eta Raul Garcia atzean, Lombraña eta Carmelo euskarri lanetan, hiru gizon zelai erdian (Codina, Nacho Insa eta Del Olmo), eta Yague aurrean. Ez dirudi Nicolas Medina Osasunak utzitako aurrelari txiletarra hasieratik ariko denik.



REALA, DUINTASUNA BERRESKURATZERA. Partida bakarra jokatu du Realak. Gutxiegi hainbeste kezkatzeko, zalantzei atea irekitzeko eta etorkizuna nolakoa izan daitekeen aurreratzeko. Castelloren aurka azken minutuan galdu izan balu, edo itxura txukuna eman izan balu, beharbada, ez zen halakorik gertatuko, ez horren neurri handian behintzat, baina Reala duintasunetik urrun ibili zen Bigarren Mailan jokatutako lehen partidan, eta lehenbailehen berreskuratu beharko du, Colemanek atzo esan bezala «elur bola» gehiago handitu ez dadin. Ondo ezagutzen duen aurkariaren kontra saiatuko da horretan.

Oparia batzuentzat, esker txarrekoa besteentzat. Halakoa da gaurko norgehiagoka. Igo berria, jaitsi berriaren aurka. Giroa berezia izango da, edozein derbitan bezala, baina Realak ezin dio horri begiratu. Castelloren aurka egindako akatsak zuzentzera behartuta dago. Derrigor irabazi behar duela gehitxo esatea da, baina borrokarako dagoela erakutsi beharko du, bederen.

Ez dirudi partidak joan den igandekoaren antz handirik izango duenik. Eibarren arma nagusietako bat presioa da, eta pentsatzeko denborarik ez dute izango txuri-urdinek. Joan-etorriko lehia izan daiteke, eta, akaso, gusturago sentituko dira jokaleku horretan, ekimena etxean bezain nabarmen hartu beharrik gabe.

Entrenatzaileak argi eta garbi esan zuen hamaikakoan ez zuela asmatu bere lehen partidan, eta jokalarien artean ere inork ez zuela bere neurria eman. «Iñigo (Diaz Zerio) gusturago aritzen da aurrealdean, baina Garik partida asko jokatu zituen ezkerrean, Getafen utzita aritu zenean. Ulertzen dut jarraitzaileak etsita egotea, baina 41 partida geratzen zaizkigu etsipen horri buelta emateko». Taldeak hobera egin behar duela aitortu, eta aldaketak iragarri zituen. Berritasun nagusia Vaughan izango da. Galestarrak astebete baino ez du izan taldekideekin batera entrenatzeko, baina hasieratik ariko da. «Zaila izango da harentzat. Sei hilabetean partida bakarra jokatu du osorik. Hala ere, begi bistakoa zen ezker peto baten premian genbiltzala».

Ingalaterrako 2. B Mailatik dator Vaughan. Ez da izen handiko jokalaria, baina, antza denez, taldeari ondo etorriko zaizkion dohainak dauzka: azken pase eta erdiraketa onak eta bertikaltasuna. Aldaketa gehiago izango dira hamaikakoan: Sarasola deialditik kanpo gelditu da, eta Castillok hartuko du haren tokia. Biak dira oso gazteak, baina Castillo gehiago zaildutakoa da. Esanguratsuki mintzo zen Coleman, harrobiaren harira. «Antsietatea dago lehenbailehen Lehen Mailara igotzeko. Aldaketa asko izan dira, jokalari gazte asko dauzkagu, eta oreka bilatu beharko dugu gaztetasunaren eta eskarmentuaren artean. Aurrerantzean kontuan izango dut».

Aurrealdean Delibasic hasieratik ariko da, seguru, eta nork lagunduko duen da zalantza: Garik edo Diaz Zeriok. Aulkian Morten Skoubo izango da zain, entrenatzaileak deialdian sartu baitu, ustekabean. Irail bukaera arte ez zuen espero Colemanek danimarkarra bere aginduetara izatea: «Lan bikaina egin du denboraldi-aurrean, eta partida osoa jokatzeko moduan ez badago ere, agian joko ereduz aldatzeko aukera emango digu bigarren zatian». Bere jokalarien konpromisoarekin gustura dagoela eta azken orduko mugimendurik ez duela espero ere adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.