Urteroko bisita... ez gidatua

Galizian da asteburu honetan San Miguel liga, eta bi estropadak han izango dira: gaur, Groven, eta bihar, MoañanBosgarren jardunaldia da gaur, eta estu daude gauzak sailkapenaren bi muturretan

Urdaibai, Kaiku eta Hondarribiko traineruak, joan zen larunbatean, Portugaleten jokatutako estropada amaitu berritan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Urtero erromesaldia egiten du San Miguel ligak Galiziara. Santiagora izan beharrean, Moañara eta Grovera. Asteburu bateko bisita izan ohi da azkenaldian, eta hauxe da bertaratzeko eguna. Galizian dira hamabi traineruak, arraunlari ugari eta klubetako arduradunak.

Erromesak, helmugara iristen denean, Santiago bisitatzeko balia dezake. Izango dira bisita gidatuak hiria ezagutzeko. Arraunlarienak, ordea, gutxi du turismotik. Lanera doaz, traineruak ahalik eta azkarren mugiaraztera, izerdia latz botatzera. Bisita gidatutik gutxi izaten dute Iberiar penintsularen mendebaldeko muturreko bi estropadek. Gidaririk gabekoak izaten dira. Asmatzen zailak. Haizea izan ohi da ugari bazter haietan, eta arraunlarien lana trakestu egiten du. Urteen joanean, baina, kaleen arteko aldeak-eta ezkutu samarrean ibili dira. Gaitz erdi.

Gaur, Groven dute lehia hamabi ontziek. Ligako bosgarren jardunaldia da. Joan dira lau, hasiera baino ez da, baina beti hasiera dela esaten egotea ere ez da oso zuzena, asteburuak hegan igarotzen direlako. Biharkoa egin eta gero, ligaren erdia gertuago izango dute hasiera baino. Beraz, hasiera ez dago urrun, baina olatuaren gainean doa liga, dagoeneko.

Orain-oraingoz, estu daude gauzak sailkapenean. Goian eta, batez ere, behean. Hondarribiak tarte txikia ateratzen dio Kaikuri lidergorako lehian. Zuloan, jaitsierako kanporaketa ez jokatzeko lehian gori-gori daude gauzak, Zumaia [azken-aurrekoa], Portugalete, Castro eta Pedreña hiru punturen barruan daudelako. Interesgarria izango da, hortaz, gaurko estropada.

Txanda nagusian, ligako lau onenak elkartuko dira. Lehen biez gain, Tiranek eta Urdaibaik egingo dute arraunean. Tiran etxean ariko da. Orain arteko lau estropadetako banderak Hondarribiaren eta Kaikuren artean banatu dituzte; hiru gipuzkoarrek (azkeneko biak jarraian), bat bizkaitarrek. Datu horri bakarrik erreparatzen bazaio, bien arteko lehia izan daiteke trapua nork astinduko. Hondarribia dotore ari da, arraun egiteko modua ondo barneratuta daukala erakutsiz. Kaikuk gehiago eman dezakeen ustea oso ziurra da, eta esnatzen den egunean, ez harritu erakustaldiren bat ematea. Edozein unetan izan daiteke hori. Komeni zaio ligako liderra gehiegi ez aldentzea, eta oso garrantzitsua da gaurko estropada egungo txapeldunarentzat.

Tiranek ere muturra sartu nahiko du aurre-aurrean. Joan zen igandean, Zarautzen, hamasei ehunen baino ez zitzaizkion falta izan bandera irabazteko. Etxean ariko dira eta zaleen babesa eta aparteko motibazioa izango dute arraunlariek. Hori dena aldeko. Baina zalantza izpiren bat ere bada galiziarren inguruan: bi estropada on ez dituzte kateatu aurten. Bat ona, bestea ez hain ona. Hori zuzendu beharra daukate. Gaurtik hasita, hobe. Urdaibai, orain arte azaldutakoa balekoa bada, ez dago oso gertu banderen lehiatik. Baina gehiago dela ziurtzat jotzen da, eta gaia du kolperen bat emateko.

Bigarren txanda jokatuko da aurretik. Itxura ona dauka. Bi borroka eder izan daitezke: pasaitarrena, batetik, eta kantabriarrena, bestetik. San Juan eta San Pedro ondo ari dira, sanjuandarak hobexeago, eta elkarrekin lehian direla, bien arteko borroka historikoa gogora ekarriko dute gaur. Astillero eta Pedreña oraintxe bai, oraintxe ez dabiltza. Gertu dute azken-aurreko lekua, eta behera gehiago begiratzen ari dira. Puntu garrantzitsuak dauzkate jokoan.

Portugaleteri begira

Aurreneko txandan, ez da giro izango. Azkena, Zierbena, ezin da gehiago atzeratu, eta puntuak urratzen hasi beharrean da. Haren gainetik dago Zumaia, eta joan zen asteburu txarra zorte txarrarengatik izan zela azaldu beharrean da. Gizendu egin behar du bi egun haietako uzta,atzean geratzen hasi nahi ez badu. Castrok zer egin dezakeen zaila da jakiten, onetik eta txarretik ibili delako.

Portugaleteri erreparatuko zaio, batez ere, lehen txandan. Aurreko igandean, egundokoa egin zuen, eta zalea irrikaz dago jakiteko egun bateko kontua izan zen edo hura den haren benetako maila.

'EUSKADI DASTA EZAZU' BANDERA

Lehen txanda. Castro, Portugalete, Zumaia eta Zierbena.

Bigarren txanda. San Juan, San Pedro, Astillero, Pedreña.

Hirugarren txanda. Hondarribia, Kaiku, Tiran eta Urdaibai.

Lekua. Grove (Galizia).

Ordua. 18:00 (ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.